Mendiko zinemagintza onena Tolosan berriro martxoaren 8-9-10eko Mendi Tour 11. edizioan

Tolosako Udala
2021/03/03 | Kultura, Gazteria, Jaiak

• Zortzi pelikula programatu dira, horietatik sei 2020ko BBK Mendi Film Bilbao-Bizkaian sarituak
• Tolosaldeko Udala mendiko Film Laburren lehiaketako sari nagusia hutsik geratu da, eta Tolosako lanik onena “Eguzkiaren Erromesak” Leidorren aurkeztuko da
• 400 ikusleko aforoa ia beteta dago hiru egunetan

Mendi Film nazioarteko jaialdiko pelikula onenen zirkuitu ibiltaria Tolosako Leidorrera itzuliko da martxoaren 8, 9 eta 10ean. Mendi Tourrak ibilbide oparoa du bertan, aurten 11. edizioa ospatuko du, eta saioetara bertaratzen direnek mendiko zinemarik onenarekin gozatuko dute berriz ere. Sarrera ia guztiak salduta daude jada. Pandemia egoerara egokituz, aurten, lehenengoz, online salmenta gehitu zaio leihatilakoari, eta aurrera liteke hiru egunetan 400 ikusleko aforo mugatua osatu egingo dela. Donostia, Iruñea, Gasteiz, Zangoza, Leioa eta Eskoriatzako aurreko saio arrakastatsuetan ere aforoak bete egin dira, mendiko zinemagintzak tiradizo handia duela eta inspirazio iturri dela erakutsiz, areago pandemia garaiotan.
Mendiko, abenturazko, muturreko kiroletako eta naturako pelikula zoragarriek osatuko dute Tolosako programazioa. Guztiak dira obra gomendagarriak mendizaleentzat, zinemazaleentzat nahiz publiko zabalarentzat.
BBK Mendi Film Bilbao-Bizkaia jaialdiaren 13. edizioko 8 film eskainiko dira, eta horietatik 6 Mendi Film jaialdian saritutakoak dira, hau da, hango palmaresaren zati handi bat dakar Tolosako aurtengo programazioak.Hillary – Ocean to Sky, Everest – The Hard Way, Out of the Blue, zinema-titulu handiekin batera, izen handiko zuzendariak nabarmentzen dira, hala nola Michael Dillon, Pavol Barabas, Seb Montaz edo Mike Douglas & Anthony Bonello tandema.
Horrez gain, bi euskal ekoizpen daude: Mendian Hil, Hirian Hil Iñaki Peña zuzendari eta zainketa aringarrien mediku espezialistaren lana, Euskarazko Film Onenaren Saria irabazi zuena Bilbon; eta Urmuga egitasmoaren pelikula, Mattin Zeberio Larraza zuzendari tolosarrarena, 2020ko udan Euskal Herriko mendi-urmugaren oinezko zeharkaldi musikatua izan zenari buruzkoa.
Tolosako Udala mendiko Film Laburren lehiaketa Tolosako Udalak mendi gaiei buruzko Film Laburren lehiaketa ere deitu du aurten, eta epaimahaiak eman du ebazpena: sari nagusia eta haren 600€-ko poltsa hutsik uztea erabaki du “ez delako gutxieneko maila bete. Ekintza baten irudiak elkartu eta musikarekin lotzea ez zaigu film labur lehiaketa baterako nahikoa iruditzen.
Urtez urte lehiaketa honek izan duen kriterio berari jarraituz, sormena, planifikazioa, edizioa eta mezua hartu ditugu kontutan, eta espero dugu datozen urteetarako akuilu moduan balio izatea, sortzaile gazte edo ez hain gazteei lan originalak sortzera bultzatzeko”.
Tolosaldeko lanik onena, 400€-ko saria, Mikek Garaikoetxea egilearen “Eguzkiaren Erromesak” film laburrak irabazi du. Garaikoetxeak eta Fernando Osak 1988an Mendebaldeko Alpeen zeharkaldia oinez egin zuten, Leman lakuan hasi eta Mediterraneoraino, eta hori laburbiltzen du film honek. Astearteko Mendi Tour saioa zabalduko du Leidorren, eta bertan emango zaio saria irabazleari.

CVCEPHOTO erakusketa
Donostiako Club Vasco de Camping Elkartearen CVCEPHOTO mendiko jardueren nazioarteko argazkilaritza lehiaketaren erakusketa ere gozatu ahal izango da Leidorren egun horietan. Azken edizioko 20 argazki onenak ikusgai daude Leidorko sarreran. Tolosako Udalak, Kirol eta Kultura departamentuen bidez, babestu du, beste behin Leidorren egingo den Mendi Tourra, eta orain arteko edizio guztietan bezala, bidaide fidela du babesletza horretan, TolosaGasa.

MENDI TOUR TOLOSA 2021 EGITARAUA
Saioak 18:45ean hasiko dira, eta 20:45erako amaituko dira.
Jatorrizko bertsioetan eskaintzen dira pelikulak, Mendi Filmek sortutako azpitituluekin lagunduta. Zeinu hizkuntza interpretazioa eskainiko da pelikulen aurkezpenetan.

Martxoak 8 astelehena

  • URMUGA: Mattin Zeberio Larraza zuzendari tolosarrarena, 2020ko udan Euskal Herriko mendi-urmugaren oinezko zeharkaldi musikatua izan zenari buruzkoa, Et Incarnatus Orkestra eta Mendiak eta Herriak agentziaren izenean, Migel Zeberio eta Felipe Uriarteren ametsa.
  • CHARGE 2: irudi eta akzio uztartze ikusgarria konbinazio potente batetik eratorria: muturreko eskiatzaileak eta haiekin dabilen munduko drone gidari txapelduna
  • FREE AS CAN BE: Mendi Film 2020 Eskalada Film Onena "Free Rider" Yosemiteko El Capitan horman, eta hura era askean eskalatzeko eginahalean bat egingo duten belaunaldi desberdineko bi lagun, tartean Mark Hudon legenda..
  • EVEREST - THE HARD WAY: Mendi Film 2020 Ikusleen Saria Everesteko biderik zailenean burututako muturreko erronka alpinoa, britainiarrek 1975ean zabaldutako "The Hard Way" bideari estilo alpinoan ekin zion 1988ko esloveniarren espedizioaren kontaketa.

Martxoak 9 asteartea

  • EGUZKIAREN ERROMESAK: Tolosako Udala mendiko Film Laburren lehiaketa, Tolosaldeko lan onena
  • MENDIAN HIL HIRIAN HIL: Mendi Film 2020 Euskerazko Film Onena Zaintza aringarrietan espezialista den Iñaki Peña medikuak hausnarketarako gonbitea egiten du: zenbateraino eta zertan da desberdin heriotza mendian eta hirian? Era batera edo bestera, senide edo lagun maitatuak galdu dituztenen testigantzak.
  • OUT OF THE BLUE: Mendi Film 2020 Epaimahaiaren Aipamen Berezia Suitzako Oberland mendietan odisea bertikal liluragarria: highline, akroyoga, spacenet, zapi aereoak, parapentea, wingsuit...

Martxoak 10 asteazkena

  • EL GRAN HITO: Mendi Film 2020 Film Labur Onena Stop-motion teknikaz landutako animazioa. "ViaCruxis"-en sortzaile Ignasi López-en lan berria.
  • HILLARY - OCEAN TO SKY: Mendi Film 2020 Sari Nagusia Edmund Hillaryren azken espedizio handia: Ozeanoko uretan abiatu zen espedizioa, Ganges ibai sakratuko uretan gora motordun txalupetan nabigatu eta Himalayako Akash Parbat menditzarrean amaitzeko.