Nazioarteko abesbatzen lehiaketa Tolosan urriaren 29tik azaroaren 1era

Tolosako Udala
2021/10/21 | Kultura, Gazteria, Jaiak
  • 8 herrialdetako 16 taldek parte hartuko dute aurtengo jaialdian.

  • 8 abesbatzek hartuko dute parte lehiaketan eta lehiaketeko emanaldiak Leidorren izango dira, gainontzeko taldeek kontzertuak emango dituzte antolatu den egitarauaren baitan, Tolosako gune ezberdinetan.

 

 

Tolosako Nazioarteko Abesbatzen 52. Lehiaketa egingo da urriaren 29tik azaroaren 1era. Guztira 16 taldek hartuko dute parte jaialdian eta, horietatik, 8 izango dira lehian arituko direnak. 8 herrialde ezberdinetako abesbatzak izango dira Tolosan: Estonia, Letonia, Estatu Batuak, Suedia, Alemania, Hungaria, Norvegia eta Espainiakoak.

Olatz Peon, Tolosako alkateak prentsaurrean adierazi duenez, “Tolosa ari da pixkanaka pixkanaka normaltasuna eta ohiko jarduera eta dinamismoa berreskuratzen, eta, iaz ohiko eran ospatzea ezinezkoa izan bazen ere, aurten berriz ere izango dugu tolosar guztiok, baita gugana gerturatzen diren zaletuek ere, nazioartean erreferentea den eta munduko abesbatzen lehiaketan garrantzitsuenetarikoa den ekimen honetaz gozatzeko aukera. Tolosa berriz ere bilakatuko da nazioarteko abesbatza onenen erakusleiho, kultur alorrean errefente eta jarraituko dugu, gure izaerari eutsiz, Euskal Herrik ohitura musikal eta kulturalak mundu mailan zabaltzen, Nazioarteko Abesbatzen Lehiaketaren eskutik.”

Lehiaketako saioak Leidorren izango dira, eta lehiaketaz gain, jaialdiko egitarau orokorra ere antolatu dute eta abesbatzen kontzertuak egingo dira Tolosako hainbat guneetan, hala nola, Santa Maria eta San Frantzisko elizetan.

Honako lotura honetan kontsulta daiteke lehiaketaren egitarau osoa: