Olatz Peon: “Aurten ere ez dira betetzen inauteriak ohiko eran ospatzeko beharrezkoak diren osasun baldintzak”

Hitzordua
Informazio gehiago

Tolosako Udala
2022/01/21 | Kultura, Festak eta Gazteria
  • Egungo osasun egoeraren ondorioz eta egun oraindik herrian dagoen inzidentzia tasa altua dela-eta aurtengo urtean ere ezin izango dira ospatu Tolosako Inauteriak.

  • Prestaketa lanak medio hartu du orain erabakia Udalak, datorren urtean ohiko eran ospatzeko itxaropen osoarekin.

 

Egungo egoera epidemiologikoari erreparatuta eta herriari erantzun bat emate aldera, prestaketa lanak medio, Tolosako Udalak gaur iragarri du, aurten ere, ezin izango direla inauteriak ospatu. Erabakia orain hartu da, teknikoki zein administratiboki inauteriak aurrera eramateko ezinezkoa delako gehiago itxarotea.

Erabakia hartzeko sailen arteko deliberazioa egin da 3 irizpide nagusi kontuan izanda: osasun egoera, ospitaleratu kopurua eta ZIUn dauden gaixoen kopurua eta indarrean dauden neurri eta gomendioak.

Oraindik orain, Tolosan kutsatze tasa altua da, 6.319,59koa (urtarrilak 19) egiaztatutako testen emaitzen arabera. Beheranzko joera hartu badu ere kutsatze tasak, ospitaleratu kopurua eta ZIUn dauden pertsonen kopuruak altuak dira oraindik.

“Egungo osasun egoerak ez du ahaldebieratzen inauteriak ospatu ahal izatea, aurten ere ez direlako betetzen inauteriak ospatzeko beharrezkoak diren osasun baldintzak” baieztatu du Olatz Peon Ormazabal alkateak.

“Ez da erabaki erraza izan inauteriak oso jai maitatuak direlako tolosarrontzat, inauteriek batu egiten gaituztelako, berdindu; inauteri gogoz gaude eta jai giroan elkartzeko beharra ere badugu, baina egungo osasun egoera medio arriskutsua litzateke horrelako jai jendetsua ospatzea; hurrengo urtean bai ohiko eran Tolosako inauteriak ospatzeko itxaropen osoa dugu” azpimarratu du alkateak.

Haur eta gazteentzat programazio berezia

Izarne Iglesias, kultur zinegotziak, jakinarazi du Udala asteazkenean bildu zela inauterietan parte hartzen duten eragile guztiekin erabakiaren berri emateko: aisialdi taldeak, txarangak, danborradako kideak, besteak beste.

Jai egunak izango dira Tolosan, lan-egutegiak direla-eta, horregatik, Udalak, iaz bezala haur eta gazteei zuzendutako programazio berezia antolatuko du: zinea, haurrentzako emanaldiak eta Topaguneko eskaintza indartuko dira, besteak beste.

Datozen asteak programazio berezi hori lantzeko baliatuko ditu udalak eta ondoren, egitarauaren berri emango da.

Cita previa EU

Tolosako Udalak herritarrei arreta emateko zerbitzua eta erregistroa (UDATE)

Erosoago aritzeko eta itxaron beharrik ez izateko, aldez aurretik hitzordua hartzea gomendatzen dizugu. Horretarako, bete inprimaki hau, eta zuk emandako telefono-zenbakira deituko dizugu 24 ordu igaro baino lehen (egun baliodunean), eta zure kontsultari erantzun, edo hitzorduaren eguna eta ordua baieztatuko dizkizugu.

ESKATU HITZORDUA