Sanjoanetako balorazioa, 9 puntutan laburbilduta

Hitzordua
Informazio gehiago

Tolosako Udala
2024/07/04 | Kultura, Festak eta Gazteria

Jai batzordearen bilera irekia izan zen asteartean, San Joan jaien balorazioa egiteko. Oro har, festa onak izan direla azpimarratu zen bileran. Ez da gertakari larririk izan, gainera, lapurreta eta saltokiren batean eragindako kalteren bat salbu. Hobetzekoak ere antzeman dira. Jarraian bileran aipatutako ideia nagusiak, laburbilduta:

1. Parte hartze oso altua

Parte hartze oso altua izan dute jaiek egunero, baina batik bat, Kuadrilla Egunean eta San Joan eguneko eskopetarien alardean. Antolatutako ekitaldi gehienetan ere jende ugari batu da, hala nola, kontzertu, haurrentzako jolas eta ikuskizun, eta txapelketetan.

2. Zezen suzkoa

Ederra izan zen, beste behin, nahiz eta ez zen inauterietakoa bezain jendetsua izan. Zentzu horretan, ordua atzeratzeko ideia planteatu da, afal ondorenean asti gehiago izateko. Datorren urtera begira aztertuko da aukera hori.

3. Kuadrilla Egun ederra, eta fintzeko hiru ideia

Giro ederra izan zen egun osoan zehar, goizeko jolasetatik arratsaldeko erromeria eta kalejiretaraino. Hala eta guztiz ere, are gehiago fintzeko puntu batzuk ere ikusi dira:

  • Txupinazoa: suziria modu seguruagoan botatzeko neurriak hartu behar dira, ezustekorik gerta ez dadin.
  • Bazkariaren ondoren, Euskal Herria plazara garbiketako ibilgailuen sarrera beste modu batera antolatzeko aukera aztertu behar da, kuadrillen kalejirarekin bat egin ez dezan.
  • Hala eta guztiz ere, bazkarian sortzen den zabor kopurua oso handia da. Eragina gutxitzeko zein neurri hartu baloratu beharko da datorren urteko antolatzaileekin, nahiz eta kuadrilla bakoitzak ere ardura handiagoa hartu beharko lukeen.

4. San Joan suaren ondorengo ikuskizuna, laburrago?

Euriak baldintzatu zuen San Joan suaren ondorengo ikuskizuna. Horren ondorioz, beste batzuetan baino motzagoa izan zen. Bada hori begi onez ikusi duenik ere, eta hurrengo urteei begira ekitaldia laburtzeko proposamena ere egin du parte hartzen duen eragile batek. Aukera horren inguruan hausnartuko da parte hartzen duten taldeekin, nahiz eta aldaketarik egitekotan beharrezko ikusten den eragileen adostasuna izatea.

5. Eskopetarien jarrera ona

Eskopetarien alardearen neurriak zorrotz betetzeko deia egin zuten udalak eta konpainiek, eta parte hartzaileen jarrera ona nabarmendu dute. Kontrol guztiak ondo egin ziren eta ez zen gertakari negatiborik izan. Bide beretik jarraitzeko nabarmendu dute.

6. Arratsaldeko bilkura ikusteko leku gehiago publikoarentzat

Arratsaldean Trianguloa plazan egiten den eskopetarien bilkurarako espazioa berrantolatu zen: konpainia guztiak Rondilla kalearen aldean eta errepidean bertan jarri ziren. Horrela, bilkura eta bordondantzari eta udal ordezkarien dantzak ikustera gerturatzen ziren herritarrei ikusteko leku gehiago eskaini nahi zitzaien. Aldaketak ondorio positiboa utzi du: azken urteetan baino jende gehiago batu da une horretan.

7. Garbiketa

Garbiketa zerbitzua indartu bazen ere, egun batzuetan are gehiago indartu beharra dagoela ondorioztatu da. Kuadrilla Egunaren eta San Joan egunaren ondoren, esate baterako, zabor kopuru altua zegoen kaleetan. Garbiketa enpresak berak aitortu zuen aurreikuspen guztiak gainditu zirela egun horietan, eta uste baino zailagoa izan zela beren lana.

8. Kontzertuak

Jendetsuak izan dira plaza guztietan antolatu diren hitzorduak. Kontzertuen amaiera ordua aurreratu zen egun bat baino gehiagotan, horietako bat arratsaldera mugitu eta gauerako bakarra utziz. Begi onez ikusi da aldaketa hori. Hala eta guztiz ere, atsedenaren eta festaren arteko oreka hobea lortzeko bidea dago egiteko.

9. Langile askoren lana

Festak goza ditzagun, beste batzuk lan egin behar: brigadako langileak, kultura eta festetako teknikariak, udaltzainak, garbitzaileak… Lan ikusezinak dira askotan, baina guztien lana nabarmentzekoa izan da festetan zehar, guztia behar bezala egon zedin.

 

Cita previa EU

Tolosako Udalak herritarrei arreta emateko zerbitzua eta erregistroa (UDATE)

Erosoago aritzeko eta itxaron beharrik ez izateko, aldez aurretik hitzordua hartzea gomendatzen dizugu. Horretarako, bete inprimaki hau, eta zuk emandako telefono-zenbakira deituko dizugu 24 ordu igaro baino lehen (egun baliodunean), eta zure kontsultari erantzun, edo hitzorduaren eguna eta ordua baieztatuko dizkizugu.

ESKATU HITZORDUA