Tolosako gazteen aisialdia indartzeko 17 proposamen egin dizkie Nerabeen Foroak udal ordezkariei

Hitzordua
Informazio gehiago

Tolosako Udala
2024/05/14 | Kultura, Festak eta Gazteria
  • Tolosan erroldatutako nerabeen %93ak baino gehiagok erantzun du udalaren galdetegia, eta erantzun horietatik abiatuta 17 proposamen landu ditu foroak.

 

Tolosako Udalak herrian nerabeen aisialdi aukerak indartu eta hobetzeko parte hartze prozesu bat jarri zuen abian martxoan, ‘Haur, nerabe eta gazteen diagnostikoa eta ekintza plana 2023-2027’ dokumentuan identifikatutako kezken erantzun modura. Herritarren Batzarrak eta Hezkuntza Mahaiak ere antzerako proposamena luzatu zuten, hain zuzen. 

Prozesuaren abiapuntu modura, aisialdi aukeren inguruko galdetegi bat bideratu zitzaien DBH 1-4 bitarteko ikasleei, iritziak, proposamenak eta ideiak jaso, eta horiek aintzat hartuta Nerabeen Aisialdirako Ekintza Plan bat egiteko.
Bada, inkestaren erantzuna bikaina izan da gazteen aldetik. Izan ere, udalerrian erroldatutako 917 nerabeetatik 853k erantzun dute galdetegia, hau da, % 93ak baino gehiagok. Guztira 490 ideia jaso ziren prozesu horretan. 

Galdetzetik ideiak garatzera

Entzute fasea amaituta, deliberaziorako talde bat osatu zen, jasotako ideia guztietan sakondu eta azpimarragarrienenetan sakontzeko.

Inkestan parte hartu zuten 853 gazteetatik 400 nerabek lan horretan modu aktiboan parte hartzeko interesa agertu zuten, eta, zozketa zibiko bidez, horietako 43 hautatu ziren. Talde horrekin hiru lan saio ireki egin dira, proposamenak multzokatu, garatu eta aurkezteko lanketa egiteko. 

Lanketa horren emaitza gaur aurkeztu dute zortzi nerabek, udaletxeko batzar aretoan. Bertan izan dira proposamenak adi-adi entzuten eta galderak egiten Andu Martinez de Rituerto alkatea; Aitor Agirresarobe Gazteria zinegotzia; Biotza Agirre eta Joxe Mari Villanueva, EAJ-PNV eta PSE-EEko zinegotziak; baita Gazteria eta Gobernantza sailetako udal teknikariak ere.

Hiru multzotako 17 proposamen egin dituzte: kirola, kultura eta aisialdia. Proposamenak aurkeztu ostean, alkateari eman diziote, idatziz. Datozen asteetan proposamen horiek aztertu eta erantzuna emango die udalak gazteei. Ordezkari guztiek gazteen parte hartzea eskertu dute, gazteei eragiten dieten erabakietan nerabeen inplikazio eta konpromisoari balioa ematearekin batera.

17 eskaerak

Kirola

  1. Karting zirkuitu bat eraikitzea
  2. Tolosa Cup moduko txapelketa antolatzea, Tolosaldeko DBHko gazteei zuzenduta
  3. Mendiko bizikleta txapelketa bat antolatzea, bizikletari loturiko jarduerak indartzeko
  4. Kirol denda bat gehiago jartzea herrian, edo hori zabaltzeko bidean laguntza ematea

Kultura

  1. Festetako barraken prezioa jaistea
  2. Diskotekak antolatzea, bakarrik gazteentzat
  3. Kuadrilla arteko txapelketak: herri kirolak, futbola, eskalada…
  4. Txikientzako bigantxa txikiak

Aisialdia

  1. Nerabeentzako toki estaliak erdigunean, eguraldi txarra egiten duenerako
  2. Parrilla gunea Tolosan, San Esteban auzoko merenderoan edo Skate Park inguruan
  3. 16 eta 20 urte bitarteko gazteei zuzendutako lan poltsa bat sortzea. Horri lotuta, Topagunearen gazte bulegoa astean zehar 16:00-21:00 bitarte irekitzea.
  4. Asteburuetan Tolosaldea edo inguruko herrietara joateko gaueko autobusak jartzea
  5. Zumardiandian janari eta bitxi postu finkoak jartzea, bertako kontsumoa indartzeko
  6. Usabal kiroldegiko igerilekua handitzea.
  7. Gazte Eguna antolatzea, beste kuadrillekin jolasteko eta harremanak handitzeko.
  8. Udalekuak antolatzea, 13 eta 18 urte bitarteko gazteentzat.
  9. DBHko ikasleen arteko kirol lehiaketak antolatzea, Usabal edo Berazubin, kirola jende berriarekin egiteko aukera izateko.

Cita previa EU

Tolosako Udalak herritarrei arreta emateko zerbitzua eta erregistroa (UDATE)

Erosoago aritzeko eta itxaron beharrik ez izateko, aldez aurretik hitzordua hartzea gomendatzen dizugu. Horretarako, bete inprimaki hau, eta zuk emandako telefono-zenbakira deituko dizugu 24 ordu igaro baino lehen (egun baliodunean), eta zure kontsultari erantzun, edo hitzorduaren eguna eta ordua baieztatuko dizkizugu.

ESKATU HITZORDUA