Tolosako haur, nerabe eta gazteen egoerari buruzko diagnosia amaitu du Udalak

Hitzordua
Informazio gehiago

Tolosako Udala
2022/06/21 | Kultura, Festak eta Gazteria
  • Diagnosiaren fasea amaituta, Haur, Gazte eta Nerabeen ekintza plana osatzeari ekingo dio Udalak, etorkizuneko gazte politikak gazteen beharretara egokituta diseinatzeko.

 

Etorkizuneko gazte politikak diseinatu eta zehazteko, 2021ean hasi zen Tolosako Udala herriko haur, nerabe eta gazteen egoeraren diagnosia eta plana egiten, Tolosako eragile eta gazteekin elkarlanean. Dagoeneko amaitu du diagnosiaren fasea eta Haur, Gazte eta Nerabeen ekintza plana osatzen hasiko da orain.

Datu estatistikoen arabera, Tolosan 0 eta 30 urte arteko herritarrak %12,5 hazi dira 2011tik 2021era. Tolosako biztanleria osoa ere %8,7 hazi egin da epe berean. Hortaz, 0-30 urteko gazteek biztanleriaren %31,2 ordezkatzen dute. Hori horrela, Haur, Gazte eta Nerabeen planaren helburua da herriko haur 0-12, nerabe 12-17 eta gazteen 18-30 egoera zein den ezagutzea, aurrera begira lanean jarraitzeko lan ildoak zehazteko eta beren beharrei egokitutako Gazteriako Udal Plana diseinatzeko.

2021eko aurrekontuetan jasotako egitasmoa da eta prozesua aurrera eramateko Siadeco enpresaren laguntza eta aholkularitza izaten ari da Udala.

Diagnosia amaituta

Diagnosia egiteko metodologia eta teknika ezberdinak erabili dira, besteak beste, elkarrizketa sakonak eta gazteekin eta hauekin harremana duten eragile eta gurasoekin osatutako talde dinamikak. Hain zuzen ere, 18 elkarrizketa sakon eta 16 eztabaida talde burutu dira. Guztira, 121 pertsonek parte hartu dute.

Lanketa horietan jaso den informazio kualitatiboaren azterketan oinarritu da diagnostikoa. Gazteek dituzten premia nahiz aukeren inguruko pertzepzio eta balorazioak jaso dira eragile desberdinengandik: batetik, gazteengandik, eta baita beste eragileengandik ere, hala nola, kirol elkarteak, aisialdi taldeak, ikastetxeak, gizarte alorreko elkarteak, kale hezitzaileak, guraso taldeak, Udal teknikariak…

Ondorio nagusiak

Herriko zerbitzu eta ekipamendu ezberdinen inguruan gazteek duten iritzia jasotzen da diagnostikoan, eta hainbat hobekuntza proposamen antzeman dira.

Herriko espazio eta ekipamenduei dagokienean, gazteek ondo baloratzen dituzte Usabal kiroldegiko instalazioak eta Gazte Topagunea, baina ordutegia zabaltzeko eskaera egiten dute, baita kalean espazio estali gehiago sortzea ere. Aisialdiaren inguruan, adierazi dute Tolosa herri bizi eta aktiboa dela eta eskolaz kanpoko jarduera antolatuek nerabeen denbora librearen zati handi bat hartzen dutela. Bestalde, diote hiru ikastetxe nagusien artean bereizketa argia dagoela eta elkar topaketarako gune eta momentu gutxi dutela.

Komunitatearekiko loturari dagokionez, Haurren Hiria programa positiboki baloratu dute, ikasleen parte hartzea eta herritartasuna lantzen duelako. Dena den, haur, nerabe eta gazteei zuzendutako programa gehiago sustatzeko eskatu diote Udalari, hala nola, udaleku publikoak.

Lana eta etxebizitza dira 20-30 urte bitartekoen kezka nagusiak. Oso ondo baloratzen dituzte Euskal Herria plazako bizitokiak eta merkatu libreko etxebizitzak alokatzeko udalak abiatutako dirulaguntzak.

Cita previa EU

Tolosako Udalak herritarrei arreta emateko zerbitzua eta erregistroa (UDATE)

Erosoago aritzeko eta itxaron beharrik ez izateko, aldez aurretik hitzordua hartzea gomendatzen dizugu. Horretarako, bete inprimaki hau, eta zuk emandako telefono-zenbakira deituko dizugu 24 ordu igaro baino lehen (egun baliodunean), eta zure kontsultari erantzun, edo hitzorduaren eguna eta ordua baieztatuko dizkizugu.

ESKATU HITZORDUA