Tolosako Haurren Hiria ekimenak ikasturteari hasiera emango dio urriaren 24an

Hitzordua
Informazio gehiago

Tolosako Udala
2019/10/11 | Kultura, Festak eta Gazteria
  • Aurtengo gaia “Tolosa, denon hiria” izango da eta ikasturtean zehar 6 topaketa egingo dira gai hori jorratzeko eta guztion beharrak kontuan izango dituen herria irudikatzeko, haurren begietatik ez ezik, genero ikuspegitik eta etorkinen zein behar bereziak dituzten pertsonen ikuspegitik ere Tolosa aztertuz.

  • Joseba Ormazabal, Gazteria eta Hezkuntza saileko zinegotziak nabarmendu du “haur eta gazteak dira gure etorkizunaren oinarria eta egitasmo honen bitartez haurrei protagonismoa eman nahi diegu, elkarlanean eta beren ikuspuntu eta iritziak jasoz, Tolosa hobe bat eraikitzeko”

 

Gaur arratsaldean Tolosako Haurren Hiria proiektuaren 2019-2020 ikasturtea aurkeztu zitzaien parte hartuko duten haurren gurasoei pleno aretoan.

6. edizioa da aurtengoa eta orain arte bezala, LH 3, 4, 5 eta 6ko haurrek parte hartuko dute proiektuan. Gela bakoitzeko ordezkari bat aukeratu da eta horiek osatuko dute Haurren Kontseilua. Guztira, modu zuzenean 42 haurrek parte hartuko dute Tolosako Haurren Hirian.

Ikasturte osoan zehar 6 saioa egingo dira: 4 saio eskola ordutan, saio bat familiekin eta beste bat udal ordezkariekin. Lehen saioa urriaren 24an izango da.

 

Haurren ikuspegitik Tolosa eraikitzea helburu:

Joseba Ormazabal, Gazteria eta Hezkuntza zinegotziaren hitzetan: “haur eta gazteak dira gure etorkizunaren oinarria eta ezinbestean beren iritzi eta ikuspuntuak kontuan izan behar ditugu gure udalerria eraikitzeko eta hobetzeko”.

Tolosako Haurren Hiria proiektuaren bidez, haurren ikuspegitik herria nola bizi duten ezagutu nahi da, baita haurrak herritar sentiaraztea, komunitate baten parte direla ikusaraztea eta beren hitzak garrantzia duela erakustea ere.

Horretarako, Tolosan bizi diren 8-12 urteko neska-mutilei hitz egiteko eta udalgintzan parte hartzeko aukera ematen zaie egitasmo honen bitartez, haurrekin elkarlanean, urtero urtero gai ezberdinak landuz.

 

“Tolosa, denon herria”:

Aurreko urteetan ondorengo gaiak landu dira: kaleak jolasleku gisa, aisialdirako ekintzak, herriko baliabideak, belaunaldien arteko harremanak eta mugikortasuna. Aurtengo gaia “Tolosa, denon herria” da haurren neurrirako herriak, guztion neurrirako herriak direlako.

Guztion beharrak kontutan izango dituen Tolosa irudikatzea izango da helburu nagusia, ikuspuntu ezberdinetatik udalerria aztertuz, haurren begietatik bai, baina baita genero ikuspegitik edota etorkinen eta behar bereziak dituzten pertsonen ikuspegietatik ere, besteak beste.

Aurten ere Herrikide, Laskorain eta Samaniegoko ikastetxeen laguntzarekin eta haurren gurasoen laguntzarekin eta parte-hartzearekin gauzatuko da ekimena. Horregatik, udaletik guztien parte hartze eta borondate ona eskertu dituzte, haiek guztiek egiten dutelako posible proiektua, haurren nahi eta beharrak kontuan izango dituen etorkizuneko Tolosa hobe bat eraikitzea, alegia.

Cita previa EU

Tolosako Udalak herritarrei arreta emateko zerbitzua eta erregistroa (UDATE)

Erosoago aritzeko eta itxaron beharrik ez izateko, aldez aurretik hitzordua hartzea gomendatzen dizugu. Horretarako, bete inprimaki hau, eta zuk emandako telefono-zenbakira deituko dizugu 24 ordu igaro baino lehen (egun baliodunean), eta zure kontsultari erantzun, edo hitzorduaren eguna eta ordua baieztatuko dizkizugu.

ESKATU HITZORDUA