Topic Museoa ezagutzeko etxeetara banatu diren gonbidapenak erabiltzeko epea zabaldu egingo da

Tolosako Udala
2020/03/26 | Kultura, Gazteria, Jaiak
  • Banaketa egungo alarma egoera baino lehen egin zen, Topic Museoa ixteko aginduaren aurretik. Horregatik, eta Covid-19ak ekarri duen itxialdi egoera dela-eta, museoa bisitatzeko epea zabaldu egingo da, eta apirilaren 30etik aurrera ere erabili ahal izango dira Topic ezagutzeko gonbidapenak.
  • Museoa ireki zela 10 urte bete dira, eta herritarrekin batera urteurrena ospatzeko banatu dituzte gonbidapenak Tolosako Udalak eta Topic Zentroak.

 

Topic Museoa martxan jarri zela 10 urte bete dira, eta urteurrenaren harira Tolosako Udalak eta Topic Zentroak museoa ezagutzeko bina sarrera banatu dituzte Tolosako etxebizitza guztietara. Urteurrena herritar guztiekin ospatu nahi da, eta gonbidapen horien bidez munduko hainbat herrialdetako kultura Tolosatik bertatik ezagutzen hasteko aukera eskaini nahi da.

Gonbidapenen banaketa egungo alarma egoera ezarri aurretik jarri zen martxan, Topic Museoa ixteko agindua jaso aurretik, zehazki. Hala, Tolosako etxe guztietara banatu diren gonbidapenetan trukea apirilaren 30era arte egin ahalko dela zehazten bada ere, eta Covid-19ak eragin duen itxialdia tarteko, epe hori zabaltzea erabaki dute Tolosako Udalak eta Topic Zentroak.

Txotxongiloaren Nazioarteko Zentroa 2009ko azaroan inauguratu zen, eta hasiera hasieratik irudimenaren, berrikuntzaren eta originaltasunaren aldeko apustua egin duen proiektua izan da. Bere osotasunean txotxongiloen arteari zuzendutako Europako zentro bakarra da Topic. Hala, Txotxongiloak oinarri dituen erakusketa iraunkor bat jasotzen du museoak, tartekatzen diren aldi baterako erakusketekin batera.

Beraz, etxean egotera behartzen gaituen egoera hau amaitzean, Topic Museoak gordetzen dituen altxorrak ezagutzera joateko gonbita egiten die udalak tolosar guztiei, herrian ditugun altxorrak ezagutu eta tolosar guztion zati den kulturaz gozatzeko. Bitartean, www.topictolosa.com helbidean sartu eta bertan eskaintzen den bisita birtualaren bidez ere ezagutu daiteke museoaren eskaintza.