Udan tolosarren irakurzaletasuna sustatzeko bi gune ahalbidetuko ditu udal liburutegiak

Tolosako Udala
2022/06/22 | Kultura, Gazteria, Jaiak
  • Biblioporrak eta udako liburutegia jarriko ditu herritarren eskura udal liburutegiak, udan tolosarren irakurzaletasuna sustatzeko.

 

Tolosako Udal liburutegiak bi ekimen jarriko ditu martxan udan irakurzaletasuna sustatzeko eta tolosarren irakurketa ohiturak bultzatzeko: Biblioporrak eta udako liburutegia.

Biblioporrak gunea, haur eta gazteentzat

Haur eta gazteek irakurketaz gozatzeko, Biblioporrak izeneko gidak prestatu ditu udal liburutegiak, 0 eta 16 urte bitarteko gazteentzat. Gidan, HH, LH1 6-7 urte, LH2 8-9 urte, LH3 10-11 urte eta DBH-ko adin ziklo bakoitzerako liburu gomendagarriak jasotzen dira.

Gidan jasotzen diren liburuak udal liburutegiko Biblioporrak izeneko gunean egongo dira eskuragarri, Errota eraikineko 3. Solairuan dagoen ekintza gelan, ekainaren 22tik aurrera, irailak 30 arte. Haur liburutegiaren udako ordutegia ondorengoa izango da: ekainaren 22tik irailaren 2ra, 10:00etatik 13:30etara egongo da zabalik.

Udako liburutegia Usabal Kiroldegian

Udako hilabeteetan liburutegia tolosarrengana hurbiltzeko, Tolosako udal liburutegiak udako liburutegia irekiko du Usabal Kiroldegian, uztailaren 4tik irailaren 9ra arte. 15:00etatik 19:00etara egongo da zabalik, astelehenetik ostiralera.

Publiko guztiari zabalik egongo da eta mota guztietako materialak aurkitu ahal izango dira bertan: egunkariak, aldizkariak, komikiak, eleberriak, bidaietako gidaliburuak, sukaldaritzari buruzko liburuak, haurrentzako jolas liburuak eta baita mahai jokoak ere.

Horrez gain, honako zerbitzuak emango dira bertan: kiroldegiko irakurgelarako mailegua eta etxerako mailegua, marrazkiak egiteko margoak eta papera eskainiko dira, Tolosa eta bertako liburutegi zerbitzu orokorrari buruzko informazioa eskainiko da, liburutegiko txartelak egingo dira, liburutegiko bazkideek, helduen zein haurren liburutegiko liburuak maileguan eskatu eta hurrengo egunean igerilekuan jasotzeko aukera izango dute, bertan itzuli ahal izango dira Tolosako liburutegietan hartutako maileguak eta wifia ere egongo da erabiltzaileentzat.