Uztailaren 2tik 5era izango da aurten TolosandBlues

Tolosako Udala
2020/06/25 | Kultura, Gazteria, Jaiak
  • Sei ikuskizun ikusi ahalko dira Euskal Herria plazan, Gipuzkoa plazan, Lopez Mendizabal plazan, Zerkausian, Plaza Berrian eta Txurrerian.

  • SuspertuTolosa planean jasotako lan ildoetako bat da kultur jarduerak berreskuratzea, babestea eta sustatzea, eta marko horretan kokatu du Tolosako Udalak TolosandBlues programa.

 

Sei kontzertuk osatuko dute aurten TolosandBlues programa, uztailaren 2an hasi eta uztailaren 5era arte. Aurtengoa TolosandBlues jaialdiaren 16. edizioa izango da, eta azken hilabeteetako egoerak eraginda, Covid19ak baldintzatuta egingo da. Hala, aurtengo talde gonbidatuen artean gehiengoa Euskal Herrikoak izango dira, eta Madrildik eta Bartzelonatik ere gerturatuko dira Tolosara.

Izarne Iglesias Kultura zinegotziak azaldu duenez, Tolosa ari da “poliki-poliki normaltasuna berreskuratzen”, baina oraindik arduraz eta zuhurtziaz jokatzen jarraitzea beharrezkoa da. “Ukaezina da bizi izandako egoerak gogor kolpatu dituela hainbat eta hainbat sektore, baita kultura ere. Horregatik, SuspertuTolosa planean jasotako lan ildoetako bat izan da kultur jarduera berreskuratzea, babestea eta sustatzea”, zehaztu du.

Horretarako, kale dinamizaziorako kultur programazioa lantzen ari da udala herriko taldeekin batera, haien partaidetza lehenetsi eta haien jarduna babesteko. Kulturaren aldeko apustu horretan, udako kultur egitaraua itxita dagoela jakinarazi du Iglesiasek, eta udazkenera begira ere lanean jarraituko dutela gehitu du: “Uda berezia izango da guztiontzat eta, horregatik, herritarrei ere kulturaz gozatzeko aukera eskaini nahi izan diegu, egoerak eskatzen dituen prebentzio eta segurtasun neurri guztiekin”.

Ospatu ezin izan diren San Joan jaien ondoren iritsiko da aurten ere TolosandBlues, eta hala, antolatzaileek egin duten lana azpimarratu nahi izan du Iglesiasek, “zailtasunak zailtasun, egitarauarekin aurrera egin izanagatik”.

 

Gonbidapena beharko da kontzertuetara sartzeko

Indarrean dauden segurtasun eta prebentzio neurriak jarraituz egingo dira kontzertuak eta, hala, haietara joateko gonbidapena beharko da. Kontzertuetarako gonbidapenak kultur etxeko harreran eskuratu ahalko dira, eta sobran geratuko balira kontzertu bakoitzaren hasieran, kontzertu gunean bertan.

Gonbidapenak astelehenetik aurrera eskuratu ahalko dira, kultur etxeko ordutegian: 09:00etatik 13:00etara eta 16:00etatik 20:00etara. Norbanako bakoitzak gehienez lau gonbidapen eskuratu ahalko ditu kontzertu bakoitzerako.

TolosandBlues elkarteko Iñigo Martinek azaldu duenez, sei talderekin eta sei kokagunetan gauzatuko da aurten jaialdia. The Mojo Hand, The Luckymakers, Star Blues, Victor, Fredi eta Noa VD, Big Dani Perez eta Iker Piris arituko dira Tolosan datorren ostegunean, uztailaren 2an, hasi eta igandera arte, uztailaren 5era arte. Euskal Herria plazan, Gipuzkoa plazan, Lopez Mendizabal plazan, Zerkausian, Plaza Berrian eta Txurrerian izango dira emanaldiak. Honakoa da egitaraua:

 

 

Uztailaren 2an,osteguna

EUSKAL HERRIA PLAZA

20:00

The Mojo Hand

Uztailaren 3an, ostirala

GIPUZKOA PLAZA

19:30

The Luckymakers

 

Uztailaren 4an, larunbata

LOPEZ MENDIZABAL PLAZA

13:00

Star Blues

 

Uztailaren 4an, larunbata

ZERKAUSIA

19:30

Victor, Fredi, Noa VD

 

Uztailaren 4an, larunbata,

PLAZA BERRIA

22:30

Big Dani Perez

Uztailaren 5ean, igandea

TXURRERIA

20:00

Iker Piris