Aukera ugari urtarrileko azken aurrekoan

Hitzordua
Informazio gehiago

Tolosako Udala
2020/01/28 | Merkataritza, Feriak eta Turismoa

Urtarrileko azken txanpan gauden honetan, zer hobe txirrinduaren plato txikia jarri eta Zerkausian barrena pedalei eragitea baino, bidean eskuragarri ditugun produktu osasungarrien artean eta azken hilabete gogorren ondoren poltsikoa gehiegi zigortu gabe.

Guztiok ulertu duzuen konparaketa honekin, eta larunbatean egin zuen giro bikainarekin, larunbat goiz bikainaz gozatzeko aukera egon zen.

Aparteko berrikuntzarik gabe, neguko berezko eskaintzarekin jarraitzen dugu Tolosako Azokan. Barazkien atalean, azaloreak, brokoliak, romaneskuak, bruselazak, lonbardak, barietate ezberdinetako kalabazak, eta aza aukera zabalaz gain, zerbak, atxikoriak, borrajak eta betiko letxugak ere aurki zitezkeen, eta horiekin batera errukula ere. Ohikoa baino zapore gehiagoko eskaintza, eta gure arreta deitu zuten azenario moreak ere bai. Inguruko adinekoek diote orain urte asko ohikoa zela azenario moreak ikustea. Pentsatu beharko dugu manipulazio genetikoari esker ezagutzen ditugula egungo azenario laranjak.

Behartutako laborantza bati tiraka, udaberrian edo udazkenean ikusi daitezkeen tomatea eta piperrak ere hasi gara azokan ikusten.

Mota ezberdinetako sagarrak ere aurki daitezke oraindik azokan, errezil sagarra esaterako. Garaiko beste hainbat fruta eta barazkirekin batera, urtarrileko aldapari aurre egiteko formula ezin hobea dira errezil sagarrak; eta bide batez, Txinako “coronavirus” gaixotasunarengandik babesteko errezeta ezin hobea.

Ezin dugu aipatu gabe utzi Ikaztegietako Goietxea baserriko andreak ekarri zituen kalak, horrenbeste itxaroten dugun udaberriaren atariko modura. Laster iritsiko dira udaberriko zizak, ilarrak eta babak ere. Ikusmena alaituko digute, eta baita sabela ere!

Atari kalean egoten diren baso sektoreko profesionalek erosleen eta ikusmiran zebiltzan bisitarien zalantzak argitu zituzten, urteko hilabete hotzek ahalbidetzen duten landaketa garaian urtero gertatu ohi den bezala. Ataungo Juan Dorronsorok zioen dagoeneko hasi direla bi aste barru egingo den zuhaitz azokarako produktuak prestatzen, sorpresaren batekin gainera. Joango gara zuhaitz azokari buruz informazio gehiago ematen, asko izaten baitira produktuak erostera eta ikustera gerturatzen direnak.

Cita previa EU

Tolosako Udalak herritarrei arreta emateko zerbitzua eta erregistroa (UDATE)

Erosoago aritzeko eta itxaron beharrik ez izateko, aldez aurretik hitzordua hartzea gomendatzen dizugu. Horretarako, bete inprimaki hau, eta zuk emandako telefono-zenbakira deituko dizugu 24 ordu igaro baino lehen (egun baliodunean), eta zure kontsultari erantzun, edo hitzorduaren eguna eta ordua baieztatuko dizkizugu.

ESKATU HITZORDUA