Berastegiko Sebas Gartziarena-rena da 2019ko Tolosako babarrun onena

Hitzordua
Informazio gehiago

Tolosako Udala
2019/11/18 | Merkataritza, Feriak eta Turismoa
  • Bigarren eta hirugarren saria Anoetako Felix Zarautzek eta Bidania Goiatzeko Denis Lopezek eskuratu dute, hurrenez hurren.

  • Odolkirik onenaren saria Ordiziako Mujikarentzat izan da, eta bigarren saria Beasaingo Olanok eskuratu du.

  • Tolosako Babarrunaren Kofradiak XXIX. Kapitulua osatu du. Omenaldia egin diete baserritarrei eta ohorezko kide izendatu dituzte Tolosa Kantari, Frontón jatetxeko zerbitzariak eta Ane Gabarain aktorea.

 

Tolosako Babarrunaren Azoka bereziaren baitan Larunbatean egin zen XXXII. Tolosako Babarrunaren Ekoizleen Lehiaketako sari nagusia Sebas Gartziarena berastegiarrak eskuratu zuen. Bigarren eta hirugarren sariak, berriz, Anoetako Felix Zarautzek eta Bidania Goiatzeko Denis Lopezek eskuratu zituzten, hurrunez hurren.

Guztira 24 ekoizlek aurkeztu zuten perla beltza lehiaketara, eta honako kideek osatu zuten epaimahaia: Alameda jatetxeko Gorka Txapartegik, Bailara jatetxeko Enrique Fleischmann-ek, Frontón jatetxeko Sonia Tapiak, Ama tabernako Javi Riverok eta Tolosako Babarrunaren Kofradiako Modou Geyek.

Tolosako Babarrunaren Elkarteak 25 urte egin ditu aurten, eta horren harira elkarteko lehendakari Joxe Mari Aramendiri aipamen berezia egin zioten sari banaketaren amaieran. Tolosako Babarrunaren alde egindako lana eskertu zioten. Bitartean, azokara gerturatutakoek Tolosako Babarrunak dastatzeko aukera ere izan zuten.

 

Odolki, Frisoi eta gastronomia txapelketak ere bai

Azoka bereziarekin eta babarrun lehiaketarekin batera beste bi ere egin ziren larunbatean Tolosan: San Blas Elkarteak antolatutako XXVII. Odolki Lehiaketa eta Euskal Herriko XI. Frisoi Txapelketa.

San Frantzisko pasealekuan egin zen odolki lehiaketa, eta Ordiziako Mujikarentzat izan zen lehen saria. Bigarrena, berriz, Beasaingo Olanok eskuratu zuen. Honakoak izan ziren epaimahaiko kideak: Amarozko Auzo Elkarteko Garbiñe Azaldegi, Casa Nicolas erretegiko Pedro Ruiz, Xabier Ruiz sukaldaria, Basque Culinary Center-eko Luisa Lopez eta San Blas elkarteko Txomin Seoane.

Frisoi txapelketari dagokionez honakoak izan ziren sarituak: Bigatan Ondartze Gain, Planillo Holstein eta Jon Gutierrez; behietan Iñigo Palacio, Miguel Gomez eta Planillo Holstein; eta sari bereziak jaso dituzte Jon Gutierrezek, Planillo Holsteinek, Elsa Planillok, eta Joxean Etxeberriak.

Gure Kaiola elkarteak antolatutako XXXIII. Gastronomia lehiaketa ere egin zen atzo, igandea. Marijo Irastorza eta Karlos Jacinto andoaindarrek eskuratu zuten lehen saria. Bigarren sailkatu ziren Carlos Arechaga eta Alberto Zubelzu eta hirugarren Juan Mari eta Gema Aramendi. Arechagak eta Zubelzuk Tolosako Babarrunaren Kofradiaren aipamen berezia ere eskuratu zuten. Guztira 28 bikote aurkeztu ziren lehiaketara.

 

Kofradiaren XXIX. Kapitulua

Tolosako Babarrunaren Kofradiak XXIX. Kapitulua osatu zuen ostiral iluntzean Tolosako udaletxean egindako ekitaldian. Udaletxeko areto nagusia lepo zela Tolosako Babarrunaren elkarteko kide diren sei ekoizle omendu zituzten, eta ohorezko kideak ere izendatu zituzten.

Patxi Imaz, Mari Karmen Iradi, Juan Mari Zendoia, Alberto Labaka, Arantxa Beraza eta Juan Ugartemendia izan ziren omenaldia jaso zuten ekoizleak. Tolosako Babarrunaren Kofradiako ohorezko kide berriak, berriz, honakoak dira: Ane Gabarain aktorea, Tolosa Kantari egitasmoko ordezkariak eta Frontón jatetxeko zerbitzari ohiak.

 

Cita previa EU

Tolosako Udalak herritarrei arreta emateko zerbitzua eta erregistroa (UDATE)

Erosoago aritzeko eta itxaron beharrik ez izateko, aldez aurretik hitzordua hartzea gomendatzen dizugu. Horretarako, bete inprimaki hau, eta zuk emandako telefono-zenbakira deituko dizugu 24 ordu igaro baino lehen (egun baliodunean), eta zure kontsultari erantzun, edo hitzorduaren eguna eta ordua baieztatuko dizkizugu.

ESKATU HITZORDUA