Bertako Haragien Azoka maiatzaren 7tik 10era egingo da, inguruko ekoizleen produktuekin

Hitzordua
Informazio gehiago

Tolosako Udala
2026/04/27 | Merkataritza, Feriak eta Turismoa
  • Izen ematea zabalik dago haragi gisatuaren lehiaketarako eta parrila ikastarorako: maiatzaren 3ra eta 4ra bitarte egongo dira zabalik, hurrenez hurren.

 

 

Tolosako Udalak, tokiko eragileekin elkarlanean, Bertako Haragien Azoka antolatu du maiatzaren 7tik 10era bitartean. Lau egunetan, herriko kale eta plazak jarduera gastronomiko eta kulturalez eta parte hartzeko jarduerez beteko dira, eta helburua da bertako haragien balioa, kalitatea eta tradizioa herritarrengana hurbiltzea. Azokaren egitarauak adin guztietarako proposamenak bilduko ditu: sukaldaritza tailerrak, lehiaketak, dastaketak eta zuzeneko musika, besteak beste. Izen ematea zabalik dago haragi gisatuaren lehiaketarako eta parrila ikastarorako.

Hasteko, maiatzaren 7an, ‘Harategitik parrillara’ tailerra izango da Kale Nagusiko Jo topagunean hasita. Parte-hartzaileek harakin profesionalen eskutik ikasiko dute haragi piezak aukeratzen eta prestatzen, ondoren elkarte gastronomikoetan prestatu eta dastatzeko. Maiatzaren 3a baino lehen eman behar da izena.

Maiatzaren 8tik aurrera, Zumarditxikian jarriko den food truck guneak protagonismo berezia hartuko du. Asteburu osoan, askotariko eskaintza gastronomikoa eta zuzeneko musika uztartuko dira, giro bizia sortzeko helburuarekin. Ostiralean (18:00-00:00), larunbatean (12:00-00:00) eta igandean (12:00-16:00) izango da hori.

Zazpi postu izango dira gune horretan: Harakno, Carnicas Goya, Basque Truck, Ondalan, Iparra Beer, Ozkape eta Metxa Gastrotruck. Tolosaldeko eta Euskal Herriko ekoizleen produktuekin osatutako platerak eskainiko dituzte.

Kontzertuen eskaintzari dagokionez, Eider, Bisai, DJ Obrium, Marabiyak, Argazki bat behelainoan, Jo&Swissknife, La Jamba eta Les Cuisiniers izango dira.

Ekoizleen azoka, hitzordu nagusia

Maiatzaren 9an, Trianguloa plaza izango da jarduera nagusien erdigunea. Goizean, bertako ekoizleen azoka berezia egingo da (09:00-14:00). Gainera, Txomin Parrilaren eskutik erreketak izango dira, eta 11:00etatik aurrera pintxo eran jan ahal izango dira arkumea burruntzian eta zikiroan, behi-pikaña, saiheskia eta txuleta-txorizoa.

Larunbateko Bertako Haragi Ekoizleen Azoka izango da hitzordu nagusia, 09:00etatik 14:00etara. Bertako haragia ekoizten duten bi ekoizleren postuak izango dira Trianguloan:  

  • Ueta etxaldea —txekor haragia— Lizartza
  • Aralar’eko —moxal haragia— Amezketa

Bi hitzordutarako izen-emateak

Egun berean, bi lehiaketa nabarmenduko dira: batetik, haragi gisatuaren lehiaketa, haur eta helduek osatutako bikoteentzat. Bestetik, ‘Zenbat pisatzen dute?’ lehiaketa, pottoka eta asto baten pisua asmatzeko erronka, hain zuzen.

Aurten ere, haurrak azoka eta sukaldaritza mundura gerturatu nahian, haragi gisatuaren lehiaketan haur batek eta heldu batek osatutako bikoteek hartuko dute parte. Hamar parte-hartzaile izango dira guztira. Izen emateen kopurua gaindituko balitz, zozketa bidez esleituko dira lekuak. Maiatzaren 4a baino lehen egin behar da izen ematea.

Parte hartzaileak 09:15ean elkartuko dira Trianguloa plazan. Lan egingo duten tokian jarriko dira, material guztia dutela baieztatzeko. Ondoren, 09:30ean, lehiaketa hasiko da, eta haragiaz gain beharko dituzten osagaien zerrenda jasoko dute, diru kopuru batekin batera, Zerkausian erosketak egiteko. Ordu erdi izango dute horretarako. Haragi gisatua prestatzen 10:00etan hasiko dira, eta 12:00ak arte arituko dira.

Epaimahaia Casino eta Txinparta elkarteetako kide banak eta Garikoitz Agirre sukaldariak osatuko dute. Sari banaketa 13:30ean hasiko da. Lehenengoak AMA jatetxean bi lagunentzako otordua irabaziko du; bigarrenak, Casa Julian jatetxean bi lagunentzako otordua; hirugarrenak, Iriarte jatetxean bi lagunentzako otordua.

Goizean zehar, ‘Zenbat pisatzen dute?’ lehiaketa egingo da, aurten lehenengoz. Bi animalia egongo dira Trianguloan, pottoka eta astoa, eta parte hartzaileek asmatu egin beharko dute zenbat pisatzen duten. Goizean zehar, lehiakideak pisua esaten joango dira, eta 13:00etan, animaliak pisatu egingo dituzte, jendaurrean. 13:30ean egingo da sari banaketa. Bi sari izango dira animalia bakoitzaren pisura gehien hurbiltzen direnentzat: pottokaren pisua asmatzen duenari Carnicas Goya-n erabiltzeko 100 euroko erosketa txartela emango zaio. Astoaren pisua asmatzen duenari Barriola harategian erabiltzeko 100 euroko erosketa txartela. Horiez gain, parte hartzaile guztien artean, herriko harategietako produktuekin osatutako bi sorta banatuko dira.

Bestalde, ‘Harategitik Parrilara’ ikastaroa izango da 17:50ean, Jo topagunean elkartuta, Kale Nagusian. Parte hartzaileak hiru taldetan banatuko dira, eta horietako bakoitzari adieraziko zaio zein izango duen bere ibilbidea, harategia eta elkartea. Harategi bakoitzean, pieza nola aukeratu eta nola prestatu azalduko zaie. Elkarte bakoitzean parrillak eta suak prest egonik, erositako produktuak prestatu eta dastatuko dira: oilasko izterra, txerri burualdea eta txekor saiheskia.

Parte hartzaileen taldeetatik bi talde herritar guztiei irekiak izango dira, eta beste bat Azoka Lagunei zuzendutakoa. Lehen bietarako izen-ematea zabalik da udalaren webgunean; Azoka Lagunena, berriz, Azoka Lagunei bidaltzen zaien buletinaren bidez zabalduko da.

Cita previa EU

Tolosako Udalak herritarrei arreta emateko zerbitzua eta erregistroa (UDATE)

Erosoago aritzeko eta itxaron beharrik ez izateko, aldez aurretik hitzordua hartzea gomendatzen dizugu. Horretarako, bete inprimaki hau, eta zuk emandako telefono-zenbakira deituko dizugu 24 ordu igaro baino lehen (egun baliodunean), eta zure kontsultari erantzun, edo hitzorduaren eguna eta ordua baieztatuko dizkizugu.

ESKATU HITZORDUA