- Elikadura sektoreko eragileekin elkarlanean etorkizuneko erronkei aurre egiteko eta enpresen garapen jasangarria sustatzeko martxan jarri dituen edota aurki abiatuko dituen proiektuen berri eman du Elikerrek.
- Barazkiak merkaturatzeko eredu berritzaileak, gozogintza berriaren gida, haragi soberakinak berrerabiltzeko gida, packaging aukera berriak edo alkohol maila baxuko edarien sorrera dira jorratuko diren gaiak.
Iazko maiatzean abiatu zen ELIKER, Kalitatezko Elikaduraren Zentroa, elikadura sektoreko eta bere balio-kateko enpresek, lehiakortasuna hobetuz, etorkizuneko erronkei erantzun ahal izatea ahalbidetuko duten egitasmoak sortzeko helburuarekin.
Lankidetzan oinarritu da horretarako, sektoreko eragileak saretu, sinergiak sortu eta proiektu iraunkorrak garatzeko elkarrekin. Lanketa horren ondorio izan zen, esaterako, azaroan estreinekoz ospatu zen ESNEKI, Euskal Herriko esneki eta gazta azoka arrakastatsua.
Gozogintza osasungarri bat egiteko aukeren azterketa bat garatu da, eta profesionalen topaketa batean eman ziren ezagutara ikerketarekin ateratako ondorioak.
Asmo berriak ditu ELIKER-ek 2023rako, eta horien berri eman du, gaur, bilera ireki batean. Imanol Zubelzu arduraduna eta Zentroaren erakunde sustatzaileetako ordezkariak ez ezik –Olatz Peon alkatea eta Xarles Iturbe zinegotzia Tolosako Udaletik, eta Bittor Oroz, Nekazaritza, Arrantza eta Elikagaien politikako sailburuordea Eusko Jaurlaritzatik–, aurtengo proiektuen protagonista izan diren eragileak bildu dira: ikerketak gauzatzen ari den Javi Rivero sukaldaria; Ane Zeberio Tolosako Azokako ekoizlea; Ainhoa Maiztegui, Harakinen Elkargoko arduraduna; Lorena Gomez, Gozoa elkarteko lehendakaria; Izar Amundarain proiektu didaktikoen arduraduna; eta Malen Sarasua, Leartiker Esneki Zentruko arduraduna.
Hiru proiektu martxan; bi abiatzear
Baserritar, ekoizle, industria-jarduera eta eragile gastronomikoekin elkarlanean landutako bost lankidetza-proiektu gauzatuko dira aurten: horietako hiru dagoeneko martxan daude, eta beste biak aurki abiatuko dira.
Etorkizuneko gozoen gida
Kontsumo ereduak aldatzearekin batera, azukre eta gantz maila baxuagoko gozoak eskatzen dira. Tolosako gozogile artisauekin eta Gozoa elkartearekin elkarlanean garatutako ikerketaren ondorioetan sakonduz, gida bat egingo da. Gozogintza osasungarriago bat lortzeko profesionalentzako jarraibide eta gakoak eman nahi dira bertan, negozio-lerroak dibertsifikatu eta produktu berriak lortzeko.
Azukreetan aberatsak diren begetalak erabiltzea da aztertu den aukeretako bat, aitzina batean euskal baserrietan egin zen moduan. Azenarioak, erremolatxak edo kuiak osagai gisa erabiltzen dituzten errezetak berreskuratu dira, adibidez. Sagarretik lortzen den pektinaren erabilera ere aztertu da, besteak beste.
Barazkiak kontsumo-eredu berrietara egokitzeko gida
Azoka indartsua du Tolosak, eta hori ere izan daiteke bertako produktuak beste era batera saltzeko plaza interesgarri bat. Bertako ekoizleen barazkiekin –porruekin esaterako– bosgarren gamako produktuak –adibide berari eutsiz, porrupatatak sukaldartuta– sortzeko eta saltzeko aukerak aztertzen ari da ELIKER, gerora gida batean jasoko direnak. Kontsumo ohitura berrietara egokitzea ahalbidetuko du aukera honek.
Haragi-ekoizpeneko soberakinen aprobetxamendurako gida
Mozketa teknikagatik edo sukaldatzeko duen erabilera urriagatik desaprobetxatu egiten da haragi kantitate bat. Hori ekidin nahian, soberakin horiek erabiliz jaki berriak sortzeko gida bat sortzeko lanean da ELIKER, Harakinen Federazioarekin eta eskualdeko sukaldari eta erretegietako parrilleroekin batera. Modu horretara, sustatu nahi da, produktu berriak sortu ez ezik, haragi-ekoizpenaren garapen iraunkor bat.
Alkohol maila baxuko edari eta zukuen sorrera
Azterlan bat egingo da eskualdeko sagar, sagardo, txakolin eta edari ekoizleekin, bestelako edarien ekoizpen eta merkaturatze aukerak zeintzuk diren ikusteko. Zukuak edo zaporedun urak izan daitezke, besteak beste, horretarako aukera.
Paperezko packaging berria
Papergintzan ibilbide eta eskarmentu handia duen eremua da Tolosa, eta hori baliatu nahi da paperezko bilgarri mota berrien erabilera aztertzeko. Plastikorik ez erabiltzea da xedea, eta horren ordez, paper mota berriak aztertu nahi dira, babarrunen lekak erabiliz sortu daitekeena esaterako.
Lan-lerro gehiago
Beste bi lan-ildotan ere sakonduko du ELIKER. Alde batetik, belaunaldi gazteen heziketa sustatuko du, elikadura osasuntsu eta jasangarri baterantz, bertako produktuen kontsumoa indartzeko. Horrela, formazio saio eta ekintza pedagogiko hainbat egingo dira, adin-tarte ezberdinei bideratuta.
Izar Amundarain, alor didaktikoko egitasmoen arduradunak zehaztu duenez, “formakuntza plan bat” sortzea izango da erronka nagusienetako bat: “Haurrentzako gida interaktibo bat sortu nahi dugu, nutrizioaren oinarriak, garaiko produktuak eta bertako elikagaiak, modu dinamiko, bisual eta erraz batean landuz. Gazteentzako tresna bat izango da”.
Bestalde, produktuen merkaturatzean eta azoka berezien sustapenean jarriko du azpimarra. Guztira 9 azoka eta ekitaldi gastronomiko hartuko ditu Tolosak 2023an, azoken helmuga eta hiriburu gastronomiko modura duen posizionamenduan sakontzeko. Larunbaterko Azoka, HARAGI eta ESNEKI dira, besteak beste, helburu horrekin indartuko diren ekitaldiak.
Azoka izaeratik harago joan nahi da, ordea. Ekoizleak gizarteratzeko plaza ez ezik, azokak proiektu estrategiko gehiago garatzeko baliabide bihurtu nahi dira, azpi-ekonomiak sortzeko.
Elkarlanerako konpromisoa berretsiz
ELIKER Zentroaren sorrera sustatu duten erakunde publikoetako ordezkariek elkarlanaren bidetik jarraitzeko konpromisoari eutsiko diotela nabarmendu dute bileran: “Ekintza-plan honetan jasotzen diren proiektuetan eragileak aktibo nagusi zarete. Jarduera-ekonomikoa bultzatzeko eta industriaren garapenerako beharrezkoak dira gisa honetako ekimen berriak, bereziki gurea bezalako eskualde batean, gure ekosistema osoari eusteko”, azaldu du Olatz Peon Ormazabal, Tolosako alkateak.
Ildo beretik mintzatu da Xarles Iturbe Pasaban, Tolosako Udaleko Merkataritza, Azokak eta Turismo Saileko zinegotzi arduraduna. ELIKER Zentroak inguruan duen “ekosistema osoa” jarri du balioan: “Lehen sektorea, ekoizleak, azokak, merkataritza, ostalaritza, industria... Kate indartsua dugu, eta horien arteko elkarlana oraina ez ezik, etorkizuna ere bada. Hori da ELIKER-en oinarri, eta aldi berean, indargune nagusia”, azpimarratu du.
Biek ala biek, Tolosa “elkarlan hori gauzatzeko plaza egokia” dela nabarmendu eta sektorea etorkizunean kokatzeko apustua berretsi dute: “Kalitatean azpimarra jarriz, etorkizuneko erronkei erantzun nahi diegu. Oparoa izan da hasiera, eta etorkizuna are oparoagoa izatea espero dugu”.
Bada, etorkizuneko erronka horiei aurre egiteko erakundetze-prozesu batean murgildu da ELIKER. Imanol Zubelzu arduradunaren hitzetan, sektoreko eragileekin hizketan ari dira, “elkarrekin eta elkartuz”, erakunde izaera emateko ELIKER-i: “Baina elkarrizketatik harago, lanketa estrategiko bat garaten ari gara, Zentroari bultzada bat emateko”.
Gisa honetako proiektuak, Tolosa eta Tolosaldearentzat ez ezik, “Gipuzkoarentzat eta Euskadirentzat ere aberasgarriak” direla nabarmendu du Bittor Oroz sailburuordeak: “Lankidetza, ikerketa, ekintzailetasuna eta berrikuntza dira oinarri, elikaduraren balio kateak eta, oro har, euskal gizarteak dituen zailtasun eta erronka handiei irtenbideak ematerako orduan. Lau oinarri hauek jarraitzen dute izaten ELIKER-en ardatz nagusiak”.