-
Aurtengo kanpainarako 160 establezimenduk eman dute izena, joan den urtean baino 20 gehiagok
-
Bonuak suspertutolosa.eus webgunean izango dira eskuragai, maiatzaren 15era edo agortu bitartera arte
-
Trianguloan informazio puntua ere jarriko da, eta bonuak eskuratzeko zailtasunak dituztenei laguntza emango zaie
Pandemiaren eragina egunerokoan eta hiri-ekonomia osatzen duten sektoreeengan nabaria da, oraindik orain, egoera konplexua eta ezohikoa izaten jarraitzen du eta horregatik, ezinbestekoa da laguntza eskaintzen jarraitzea.
Helburu horrekin, Udalak jada hartu ditu hainbat neurri aurten, tasen hobaritzea esaterako, eta orain Tolosa biziberritzen jarraitzeko helburuarekin, eta joan den urteko arrakastaren bideari eutsi nahian, Suspertu Tolosa bonu kanpaina berria abiatu da Tolosa&Co elkartearekin elkarlanean.
Kanpainak berriro ere merkataritza eta zerbitzu establezimenduak hauspotzea du xede, baina baita ere herrian kontsumitzeko eta tokiko saltokiak babesten jarraitzeko kontzientzia piztea ere.
Kanpaina berrian parte hartzeko izen ematea apirilean zabaldu zen eta harrera paregabea izan du hirugarren edizio honek parte hartzaile kopuruari dagokionean.
160 saltokik baino gehiagok eman dute izena, iaz baino 20 gehiagok, lehen edizio hartan, 140 saltoki inguruk hartu baitzuten parte.
8.000 bonu salgai, astelehenetik aurrera
Maiatzaren 3an abiatuko da bonuen salmenta, 10:30etatik aurrera. Suspertutolosa.eus webgunean erosi ahal izango dira, hilaren 15era arte edo bonu guztiak agortu arte.
Joan den urteko kanpainen balorazioko iritziak kontutan hartu ondoren, zenbait hobekuntza txertatu dira aurtengo kanpainan.
Aurten Trianguloan informazio puntu bat ere jarriko da, erosketa prozesuan laguntza behar dutenei arreta eman ahal izateko edo online egiteko baliabiderik ez dutenengana iristeko. Bonuak fisikoki erosi ahal izango dira, baita online erositakoak inprimatu ere. Dena dela, eta bizi dugun egoera ikusita, online egiteko moduan direnek, bide hori hobetsi dezaten eskatu du Udalak.
Bonu mota bakarra
Iazko esperientziarekin alderatuta, bada beste hobekuntza nagusi bat, aurten ez baitira salneurri ezberdinetako bonuak izango. Bonu mota bakarra jarriko da eskuragai: 20€koa. Horietako bakoitzari 10 euro gehituko dizkio udalak, eta erosketa txartelen azken balioa 30 eurokoa izango da.
Erosketa egin ahal izateko, webgunean erregistratzea ezinbestekoa izango da. Kontutan izan beharko da, erregistratzean utzitako NAN zenbaki berarekin egin beharko dela bonuaren erabilera, gerora, aukeratutako saltokian. Pertsona bakoitzak bonu bakarra erosi ahal izango du saltoki bakoitzeko eta, orotara, gehienez ere hiru bonu.
Bonuak erosi ondoren, posta elektronikora bidaliko dira, eta dendetan erabili ahal izateko inprimatu egin beharko dira. Behin bonuak eskuratuta, herritarrek irailaren 30a bitarte erabili ahal izango dituzte, aukeratutako saltoki edo establezimenduan.
Erosketa prozesuan arazorik izanez gero, Udalak bi komunikazio-bide emango ditu: bata info@suspertutoloas.eus posta elektronikoaren bidez; eta bestea, 943 697 521 telefono-zenbakiaren bidez, 10:30etik 13:30era.
Ezohiko egoerari zein etorkizuneko egoerei aurre egiteko lankidetza
“Oraindik beharrezkoa da tokiko saltokiei gure babesa eta laguntza ematea, pandemiaren ondorioei, elkarrekin, aurre egiten jarraitzeko; baina era berean, etorkizunera begirako erronkei aurre egiteko lanean ere ari gara, Tolosarentzat eta tolosarrontzat garrantzia handiko sektorea delako merkataritza, saltokiek herriari bizia ematen diotelako, eta indarrak batzea funtsezkoa da, gure herriaren ikur den bizitza hori indartsu mantentzeko, orain, baina baita etorkizunean ere”, nabarmendu du Nerea Letamendia, Merkataritza, Azokak eta Turismoa saileko zinegotzi arduradunak.
Letamendiak orain artean egoerara egokitzeko merkataritza sektoreak egindako ahalagin eta lana nabarmendu nahi izan ditu eta “eredugarriak” izan direla azpimarratu du. “Etorkizunean ere, tolosa aire libreko merkataritza gune indartsua izatea nahi dugu eta horregatik, Tolosa&Co elkartearekin elkarlanean, aipatutako bi norantza horietan lanean gabiltza” gehitu du.
Udalak, bonuen salmentarekin, iazko kanpainarekin eta saltokien izen-ematearekin adina arrakasta izatea du helburu, eta horretarako, tokiko establezimenduak babestera deitu ditu herritarrak. “Kanpaina hau baliabide publiko eta pribatuen lankidetza bat da, udalak 90.000 euro bideratu ditu kanpaina honetara, iazkoan baino 10.000 euro gehiago, baina herritarren parte hartzea eta babesa ezinbestekoa da, inpaktu ekonomiko handiagoa sortzeko” adierazi du.
Modu honetara, bonuen salmentari esker, Tolosako komertzio txikia suspertzeko gutxienez 240.000 euroko inpaktu ekonomikoa sortzea aurreikusten da.