Fruta, ogia eta beste hainbat produktu bikain

Hitzordua
Informazio gehiago

Tolosako Udala
2020/01/20 | Merkataritza, Feriak eta Turismoa

Larunbateko eguzki goxoak eta tenperatura epelek erakarrita, asko izan ziren larunbatean lehen ordurako Tolosako azokara gerturatu zirenak, azoka egun aktibo eta bizia bultzatuz. Salmenta kopuru on batek borobildu zuen eguna, urteko garairik lasaienetako batean.

Neguko produktuez betetako mahaiak ikusi ahal izan genituen larunbatean, udaberriaren hasierak ekar ditzakeen aldaketen zain; ikusiko dugu aldaketa goiz edo berandu ematen den. Lehen ilar eta baba freskoek markatuko dute hasiera hori, beraz, oraindik badugu denbora. Ordura arte, heldutasun eta freskura puntu gorenean dauden brassicace-ez goza dezakegu, eta hosto dun barazkiak sukaldatu ahalko ditugu, borraja, zerba eta espinakak, esaterako; gure errezeta liburuetan oso erabiliak diren produktuak, sukaldaritza klasikokoak, eta “foodiek”, “sanoek”, “realfooders”-ek eta beste hainbat giza taldek gero eta gehiago erabiltzen dituztenak. Garbi dago ona dena beti gailentzen dela, edonoren artean.

Fruta aukera zabala, barietate ugaritako sagarrekin; mota guztietako errege-sagarrak, Mendiolak, Errezil Sagarra, Booskop-ak, Granny Smith-ak, Golden sagarrak… Denak bertan ekoitziak, zuhaitzetan helduak, eta, batez ere, kimikorik eta produktu kutsagarririk gabeak. Zalantzarik gabe, horrenbeste zaindutako produktu bat erosteko aukera onena da Tolosako Azoka. Heldutasun puntu onean dauden kakiak ere bazeuden, eta mizpirak ere bai, jende askok horrenbeste itxaroten duen heldutze fase bikainean daudenak orain. Bertako kiwiek eta fruitu lehorrek osatu zuten larunbatean azokako eskaintza bikaina.

Lerro hauen bidez azpimarratu nahi da, baita ere, zapore eta testura ezberdinak eskaintzen dituzten produktuak ere badaudela azokan, unearen arabera aukera ugari eskaintzen dituztenak. Imazek bere postuan eskaintzen zituen piper eta piperminez ari gara. Orain hilabete batzuk Ibarrako pipermin berdeak zirenak, frijitzeko edo poteetan sartzeko aproposak, lehortuta eskaintzen ditu orain. Produktu bizia, nolanahi ere, bakailaoa pil-pil erara prestatzeko edo marmitako bat egiteko; dena ere azokako hainbat postutan eskuratu daitekeen ogi bikainaz gozatu ahal izateko. Ia denon eskura dauden plazer txikiak dira, orain 500 urte erregeei eta enperadoreei zuzendutakoak bakarrik.

Ogiarekin lotuta, azokan izan duen prezio igoera txikia aipatu behar da, irin ekologikoek izan duten igoeraren ondorioz. Edonola ere, ez galdu aipatutako edozein produktu zuen buruari oparitzeko aukera, produktu zainduak direlako, hasieratik amaierara, eta kanpoko edozein konpetentzia baino osasuntsuagoak, goxoagoak eta iraunkorragoak direnak. Mota ugaritako ogia eskuratu daiteke azokan, denak irin ekologikoekin egindakoak, gari zurizkoak, gari integralezkoak, zekalezkoak, edo kamut motako gariarekin egindakoak, denak legamia naturalarekin egindakoak.

Cita previa EU

Tolosako Udalak herritarrei arreta emateko zerbitzua eta erregistroa (UDATE)

Erosoago aritzeko eta itxaron beharrik ez izateko, aldez aurretik hitzordua hartzea gomendatzen dizugu. Horretarako, bete inprimaki hau, eta zuk emandako telefono-zenbakira deituko dizugu 24 ordu igaro baino lehen (egun baliodunean), eta zure kontsultari erantzun, edo hitzorduaren eguna eta ordua baieztatuko dizkizugu.

ESKATU HITZORDUA