-
Ekimen arrakastatsuak mantenduko dira 10. edizio honetan: hitzaldiak, sukaldaritza ikastaroak, mendi-irteerak...
-
Gazteentzako ostiralean perretxiko eta onddoak biltzeko mendi-irteera antolatu da eta ondoren, bildutako aleen sailkapena egingo da Aranzadiko kideen laguntzaz
-
Txanpi On Festa Zumardi Txikian ospatuko da eguraldi ona egiten badu eta larunbatean txanpiñoi kazola handiena lortzeko marka saiakera egingo da
Tolosa mikologiaren hiriburu bilakatuko da astebetez Casinok beste hainbat eragilerekin eta Tolosako Udalaren laguntzarekin antolatu duen egitarauari esker.
Gaur goizean azaldu dituzte aurtengo egitarauaren nondik norakoak.
Arrakastatsuak diren ekitaldiak mantendu dituzte beste urte batez: hitzaldiak, sukaldaritza ikastaroak, mendi-irteerak... eta Txanpi On Festak ere jarraipena izango du aurten, eguraldia lagun izanez gero, Zumardi Txikian egingo da festa. Bertan, food-truck postuak eta zuzeneko musika eskainiko dira.
Eta aurten, marka saiakera egingo da Trianguloan, larunbatean, 10:00etan saltsan egindako txanpiñoi kazola handiena lortzeko helburuarekin.
Eta beste urte batez, mikologia mundua gaztei gerturatze aldera, Tolosaldeko ikastetxeetako DBH 1eko ikasleekin perretxikoak biltzeko irteera egingo da eta arratsaldean Aranzadiko kideekin horien sailkapena egingo dute Kultur Etxean.
Ekimen honen bitartez, onddo eta perretxikoek zer garrantzi duten ezagutarazi nahi da, ekosistemetan eta bizitza zikloan funtsezko elementuak baitira. Era berean, asmoa da ikasleen artean zabaltzea onddo, perretxiko eta inguru naturalaren garrantzia, haiei buruzko ezagutza eta haien aldeko errespetu eta maitasuna.
Tolosako alkate den Olatz Peon Ormazabalek balioan jarri nahi izan du 10 urte hauetan Casino elkarteak egindako lana eta ahalegina. “Aurtengoa, 10. edizioa da; denbora guzti honetan Casino elkarteak esfortzu berezia egin du elkartea herritarrei zabaltzeko eta bereziki, gazteengana gerturatzeko”. “Edizioz edizio berritasunak txertatu dituzte, jardunaldia herriko txoko ezberdinetara eraman dute eta gazteentzako ekimen ezberdinak antolatu dituzte, aurten, eguraldi ona egiten badu, Zumardi Txikian ospatuko da Txanpi On Festa, eta ziur naiz oso ekitaldi berezi bezain atsegina izango dela”. “Lan guzti horri esker urtetik urtera gero eta zaletu gehiago ditut ekimenak eta gero eta pertsona gehiago hurbiltzen da Tolosara mikologikaren astean. Beraz, zuen lanagatik eta 10 urte hauetan mikologiaren ezagutza eta zaletasuna zabaltzeagatik, ingurugiroarekiko errespetua sustatzeagatik, herritarrak sentsibilizatzeagatik, gazteak azokara erakartzeagatik eta tokiko produktuak balioan jartzeagatik, eta bereziki, herritarrak, lehen sektorea, sukaldariak, merkatariak eta ostalariak ekimen honen bueltan batzeagatik, eskerrik asko.
“Eskerrik asko indarrak batuz, beste urte batez, herritar guztien gozamenerako mikologika jardunaldi hau antolatzeagatik” esanez amaitu du alkateak.
MIKOLOGIKA 2019 - EGITARAUA
Asteazkena 16. 19:00:
Tolosako Casino Elkartean, Sonia Tapia eta Xabier Martinez sukaldarien eskutik, perretxikoetan oinarritutako sukaldaritza tailerra elkartekide eta laguntzaileentzat.
Osteguna 17. 20:00:
Tolosako Casino Elkarteko 1.go solairuan, “Setas entre chimpancés. Un estudio micológico en Senegal” hitzaldia. Carlos Rojo de Blas baso-ingeniari eta mikologian adituaren eskutik Senegaleko mikologia exotikora gerturatuko gara.
Ostirala 18. 09:00:
Tolosaldeko ikastetxeetako DBH.1go mailako ikasleak perretxikoak biltzera irtengo dira. Arratsaldean Aranzadiko kideek Tolosako Kultur Etxean sailkatuko dituzte.
Onddoek eta perretxikoek zer garrantzi duten ezagutaraztea da helburua, funtsezko elementu baitira ekosistemetan eta bizitzaren zikloan. Era berean, onddo, perretxiko eta inguru naturalaren garrantzia, haiei buruzko ezagutza eta haien aldeko errespetua eta maitasuna ikasleen artean zabaltzea da xedea.
Ostirala 18. 18:30
Zumardi txikian, TXANPI-ONFEST.
Food truck-ak eta zuzeneko musika: Noa Voll Damn & The Hell Drinkers, eta Andoni Ollokiegi bakarlaria.
Larunbata 19. 10:00
Marka saiakera Trianguloan: Baietz munduan inoiz prestatu den saltsan egindako txanpiñoi kazola handiena lortu!
Larunbata 19. 12:00.
MIKOLOGIKA azoka, Trianguloan. Tolosa eta Goierrialdeko jatetxe desberdinetako sukaldariek pintxoak prestatuko dituzte, osagai nagusiak onddoak eta perretxikoak izango direlarik.
Hauek dira partaideak:
Ordutegi berean hasita eta Trianguloan bertan, Tolosaldeko ikasleek Aranzadi Zientzia Elkarteko kideen laguntzarekin bezperan bildu eta sailkatutako perretxikoekin sortutako erakusketa
Larunbata 19. 20:30
X. urteurrena ospatzeko eta Casino Elkartetik abiatuta MIKOLOGIKA amaierako afari sorpresa.
Menua, noski, perretxiko eta onddoetan oinarrituta egongo da.