HARAGI FESTak hartuko du Zumardi Txikia maiatzaren 20tik 22ra

Tolosako Udala
2022/05/13 | Merkataritza, Feriak eta Turismoa
  • FoodTruck gunea kokatuko da bertan eta zuzeneko musikaz gozatzeko aukera ere izango da.
  • HARAGI FESTa dela eta, eremua ostegunetik (9:00) astelehena bitartean (14:00) ez da erabilgarri egongo aparkaleku gisa.

 

Joan den astean aurkeztu zen HARAGI, Haragiaren eta Txingarraren Nazioarteko III. Topaketa. Parrilan espezializatutako tokiko zein nazioarteko sukaldariak izango dira Trianguloan, baita SUA espazioa ere, Tolosako erretegietako teknika ikasteko eta aurtengo edizioko berrikuntza nagusietako bat da, festa Zumardi Txikira lekualdatuko dela. III. edizioaren baitan antolatutako HARAGI FEST ekimena bertan gauzatuko baita ostiraletik igandera.

Zumardi Txikia, festaren erdigune eta errefentziazko espazio tolosarrentzat

Jakina da eremu honek eskaintzen dituen aukera anitzak duen kokapen estrategikoa dela eta, Oria ibaiaren ertzean, erdigunetik gertu. Horregatik Udalarentzat lehentasunezkoa da eremua herritarren eskura jartzea eta garai batean espazio honek zuen erabilera soziala berreskuratzea. Zentzu horretan, Mikologika bertan ospatu izanak erakutsi zuen espazioak tolosarrei era askotako erabilerak eskaini diezazkiela eta bide berari jarraituz, egingo da aurten HARAGI FESTa Zumardi Txikian; udaran ere kulturjarduerak bertan egitea aurreikusten da.

HARAGI belaunadi berriei gerturatzeko helburuarekin jaialdi formatua eman zaio HARAGI FESTari. FoodTruck gunea kokatuko da Zumardi Txikian eta zuzeneko musikaz gozatzeko aukera izango da ostiraletik larunbatera.

Ostiralean 18:00etatik 00:00etara, larunbatean 12:00etatik 00:00etara eta igandean 12:00etatik 16:00etara egongo da zabalik gune hau, tolosarrentzat erreferentziazko espazio bilakatuz, eta AMA, Goya, Barriola, Ekotalo eta Basquetruck-en postuak izango dira bertan, besteak beste. Autobus FoodTruck handi bat ere egongo da tartean. Zuzeneko musikari dagokionez, Mambo Fango v.s. Global Funk Djs, Deñe, Filipe Bittencour, Mugan, Moonshine Wagon eta DJ Makala taldeen eskutik entzungo da. Ordutegiak haragi.eus webgunean kontsulta daitezke.

HARAGI FESTaz gozatu ahal izateko, osteguneko 9:00etatik aurrera, asteleheneko 14:00ak bitartean ezingo da bertan aparkatu.

Proiektua aurrera eramateko, aparkalekuari irtenbidea

Aldian behineko ekimenak aurrera eramateko (HARAGI FEST, San Joanetako suziriak...)Zumardi Txikia hustutzeak herritarrengan eragina du, horregatik, Udalak, eremua berreskuratu eta biziberritzeko prest duen proiektua aurrera eramateko, lehenik eta behin, aparkaleku arazoari irtenbidea emango dio. Dagoeneko Udala ari da aukera ezberdinak aztertzen eta lanekin hasi aurretik, bertan aparkatzen duten bizilagunei aukera ezberdinak eskainiko zaizkie.