Ostegunean, abenduaren 5ean, piztuko dira Gabonetako argiak

Tolosako Udala
2019/12/03 | Merkataritza, Feriak eta Turismoa
  • Aurten lehen aldiz, Tolosako talde batek izango du argiak pizteko ardura, Tolosa CF Gimnastikako neskak piztuko dituzte Gabonetako argi apaingarriak eta datozen urteetan egitasmoari jarraipena ematea da asmoa

  • Alkateak nabarmendu duenez ekintza egitarau zabala eta erakargarria antolatu da bereziki haur eta gazteei begira, egun bereziak izaten direlako guztiontzat, baina bereziki etxeko txikienentzat, eta tokiko merkataritza babestu eta sustatzeko erosketak herrian bertan egitera gonbidatu ditu herritarrak, gure hiri-ereduari heltzeko

 

Ostegunean, abenduaren 5ean piztuko dira Gabonetako argi apaingarriak herritarrak jai giroan murgiltzeko eta tokiko merkataritza sustatzeko helburuarekin. Gune ezberdinak argiztatuko dira: eraikinak, plazak, kaleak... baita auzo eta landa auzoak ere argiteria modu orekatuan herriaren luze eta zabalean kokatuz. Kontsumo txikiko Led argiak erabili dira kale argiztapenerako.

Aurten lehen aldiz herriko talde batek izango du argiak pizteko ardura, Tolosa CF Gimnastikako neskek, alegia, eta egitasmoak jarraipena izango du datozen urteetan. Gabonetako argiak zehazki arratsaldeko 19:00etan piztuko dira Gaztelako atearen inguruan Musika Eskolako ikasleen musikaz girotuta. Alkateak adierazi duenez, “modu honetara protagonismoa eman nahi diegu urtean zehar lorpenak izan dituzten herritar talde eta eragileei, beren lana gizarteratu eta balioan jartzeko helburuarekin”.

Kale argiztapenarekin batera, eguberrietarako antolatutako egitarauaren berri ere eman du Udalak. Guztira, 39 jarduera antolatu dira talde ezberdinekin elkarlanean, Topic-ekin eta Tolosa&Co merkatarien elkartearekin adibidez.

 

Eguberriak haur eta gazteentzat:

Ohiko Mari Domingi eta Olentzeroren etorrera eta Errege kabalgataz gain, tailerrak, Olentzaroren basoa ezagutzeko bisita gidatuak, kontzertuak, erakusketak, Gabonetako azoka berezia, haur zine saioak, areto-futbol txapelketak, kalejirak, Gabonetako haur parkea eta elkartasunezko krosa antolatu dira, besteak beste, eguberrietarako.

Lehen aldiz, Eguberrietako egitaraua udalean txertatu berri den lan egitura berriaren baitan landu da Herritarren lan arloan. Bertan, sail ezberdinek parte hartzen dute eta modu koordinatuan eta ikuspuntu ezberdinak mahai gainean jarriz antolatu da beraz, programa. Gauzak horrela, lanketa koordinatu horren ildotik, aurtengo Gabonetako haur parkeko begiraleek formakuntza jasoko dute desgaitasunak dituzten haurren partaidetza eta integrazioa sustatzeko helburuarekin.

Egitarau osoa eskuorrian kontsulta daiteke.

 

Erosketak herrian

Urte osoan zehar Tolosa ekintzen eta ekitaldien faktoria bat da, beti bada zerbait Tolosan, eta egitarau hori areagotu egin nahi izan da eguberrietan. “Iaz baino jarduera gehiago antolatu dira, indartu egin da, hortaz, egitaraua, bertako zein inguruko herritarren beharrak eta nahiak asebetetzeko, jendea gurera erakartzeko, tokiko merkataritzan eta gure hiri ekonomian eragin positiboa izan dezan, erosketak Tolosan eta Tolosako saltokietan egin daitezen sustatzeko” azaldu du Olatz Peon Ormazabal alkateak.

Aurretik aipatu modura, kale argiztapenak ere tokiko merkataritza bultzatzea du helburu. “Udal honek merkataritza sendoa duen hiri ereduaren aldeko apustu irmoa egiten du, are eta gehiago garai hauetan, data hauek oso garrantzitsuak direlako gure herriko merkatari, ostalari eta saltokientzat; horregatik, km0 erosketak sustatu nahi ditut eta erosketak herrian egitera gonbidatu herritarrak, Eguberrietako erosketak bertan egin ditzaten, tokiko merkataritzak guztion laguntza, babesa eta konpromisoa behar duelako etorkizuneko erronkei aurre egiteko eta guztion laguntzarekin bakarrik lortuko baitugu gure herri ereduari heltzea; beraz, Eguberrietan, egin erosketak herrian” amaitu du alkateak.