Parrillaren hiriburu modura indartu du bere irudia Tolosak, HARAGIren arrakasta baliatuta

Hitzordua
Informazio gehiago

Tolosako Udala
2019/05/13 | Merkataritza, Feriak eta Turismoa
  • Txuleta Menuaren bazkariak borobildu du HARAGIren bigarren edizioa, Zerkausian ia 300 bazkaltiar bilduz.
  • Ehunka tolosar eta bisitariren presentzia izan du topaketak, zuzeneko erakustaldiak jarraitu eta errekiak dastatzeko.

24 ordu baino gehiagoz suak etenik gabe piztuta izan ondoren, amaitu da HARAGI, Txingarraren eta Haragiaren Nazioarteko Topaketaren bigarren edizioa.

Arrakasta nabarmena izan da, eguraldia lagun izanik, jende andana gerturatu baita Tolosara, giro paregabea sortuz. Helburuak aise bete dituztela azaldu dute, pozarren, topaketaren antolatzaile diren Tolosako Udala, Basque Culinary Center eta Hazi Fundazioak.

Euskal Herria plaza izan da HARAGIren gune nagusia egunotan. Zuzeneko erakustaldi eta dastaketek ehunka bisitari bildu dituzte, parrillariak harritzerainoko jende ilarak sortuz. Nazioartetik etorritako gonbidatuek nahiz bertako sukaldariek, esker ona azaldu dute izan duten harreragatik.

Larunbatean, esaterako, ikusmina piztu zuen Diego Perez Sosa uruguaitarrak. Panpako erreki tradizional bat prestatu zuen: txerrikumea keztatutako ananarekin. Txomin Parrillak prestatutako erreki ikusgarriak ere aho bete hortz utzi zuen jendea. 75 kiloko txekor hanka erre zuen, egun horretarako propio sortutako teknika bat erabiliz.

Yilmaz Öztürkek, eta Carolina Carriel eta Isidora Diazek, berriz, arkumea prestatu zuten, errezeta oso ezberdinak jarraituz, ordea. Larunbat gaueko izarra izan zen turkiarra, Kebab pintxoekin. Ordu gutxiren buruan agortu ziren pintxoak. Txiletik etorritako bikoteak, berriz, beren herrialdeko ohiko olio-ozpin batekin eskaini zuten arkumea.

Txuleta, ezinbestean

Eta, nola ez, Tolosan egonik, txuletak aparteko presentzia izan du HARAGIn. SUA espazioak, aurtengo berrikuntzarik nagusienetakoak, harrera ona izan du bertako nahiz kanpoko jendearen artean. Ehun pertsona inguruk parte hartu zuten txuletak erretzen ikasteko tailerretan. Bisita bakoitzeko leku kopurua handitu behar izan zen, gainera, eskari altuari erantzun ahal izateko. Parte hartzaileen profilari dagokionez, aniztasuna nagusi: gazte eta helduak; tolosarrak eta bisitariak.

Larunbat gauean ere txuletan oinarritutako pintxoak dastatzeko aukera izan zen, Joxe Mari Barriola harakinaren txuleta txistorra edo Joxean Goyaren txuleta hanburgesa. Azken honek ia 23:00ak arte izan zuen jende ilara.

Ohikoa bihurtu den Zerkausiko bazkariak eman zion itxiera, atzo, bigarren edizioari. Ia 300 pertsona bildu ziren herriko lau erretegiek eskainitako Txuleta Menua dastatzeko. Bazkalostean kanturako tarterik hartu zuenik ere izan zen. Benetan aparta izan zen giroa.

Profesionalentzat erreferente

Festa giroko egitarau herrikoiaz gain, HARAGIk haragiaren eta parrillaren sektoreko profesional ugari bildu ditu egunotan, dibulgaziorako duen helburua ere agerian utziz.

Osteguneko kongresurako lepo bete zen Basque Culinary Centerreko areto nagusia. Bost orduko jarduna izan zen, haragiaren inguruko tendentziak aztertzeko baliagarria izan zena: teknikak, animalien ongizatea, produktua, etorkizuna… Besteak beste, Carlos Ronda, Joseba Odriozola, Jorge Guijarro, Gregorio Tolosa, Ricardo Gadea edo Jon Ayala izan ziren hizlarien artean, aurrez aipatutako gonbidatuez gain.

Aurten, gainera, bi hitzordu berezi ere izan dira HARAGIren aitzakian. Juan Antonio Zalduaren Baserri Maitea jatetxeak eta Roberto Ruiz sukaldariaren HIKA Txakolindegiak parrillaren inguruko otordu gidatu bereziak eskaini zituzten ostiralean.

 

Cita previa EU

Tolosako Udalak herritarrei arreta emateko zerbitzua eta erregistroa (UDATE)

Erosoago aritzeko eta itxaron beharrik ez izateko, aldez aurretik hitzordua hartzea gomendatzen dizugu. Horretarako, bete inprimaki hau, eta zuk emandako telefono-zenbakira deituko dizugu 24 ordu igaro baino lehen (egun baliodunean), eta zure kontsultari erantzun, edo hitzorduaren eguna eta ordua baieztatuko dizkizugu.

ESKATU HITZORDUA