Showcooking

Hitzordua
Informazio gehiago

Tolosako Udala
2019/11/25 | Merkataritza, Feriak eta Turismoa

Euriak leku berezia izan zuen beste behin Tolosako larunbateroko azokan. Aterkiek, berokiek eta erosketa orgek Zerkausiaren teilapean bilatu nahi izan zuten babesa, eta askok eskertu zuten plazako berogailuek goiz guztian zehar eskaini zuten goxotasuna.

Larunbateko azokan interesa pizten zuten elementu guztien artetik, oso ohikoa ez den, baina ohitura bihurtu daitekeen ekintza batek bereganatu zuen bisitari eta erosle askoren arreta. Eusko Jaurlaritzak eta BCC-k antolatuta, Euskadiko azoka esanguratsuenetan Showcooking saioak ari dira egiten. Maila altuko sukaldari banak parte hartuko du azoka bakoitzean egingo den saioan. Erosketak egiten ditu azoka horretan, eta erositako horrekin plater bat prestatzen du azokan bertan. Prestatutako hori eta plateraren errezeta azokako bisitarien artean banatzen du ondoren. Bilboko Erriberako merkatuan, Donostiako San Martin merkatuan, Gasteizko Abastos merkatuan, Gernikako azokan, eta, noski, gure azokan, Tolosakoan, egingo dira aipatutako saioak. Denontzat ezagunak diren sukaldariek parte hartuko dute: Pedro Subijana, Iñigo Lavado, Aizpea Oihaneder, Beñat Ormaetxea, eta, noski, gure Roberto Ruizek. Gozatuz ikasteko aukera paregabea eskainiko du egitasmo honek, eta denboran jarraipena izango duela ematen du.

Egitasmoaren barruan, larunbatean aritu zen Tolosan Roberto Ruiz. Bertako produktu sorta ugariaren artean aukeratu ahal izan zituen sukaldatzeko produktuak. Neguko barazki ugari; azaloreak, romanescuak, azak, bruselazak, brokoliak, eta aza morea brassicace-en artean. Horiez gain, espinakak, borrajak, baratxuri freskoak, azenarioak, tipulak, tipuletak eta arbiak ere bazeuden. Mahai guztietan ikusi ahal izan ziren kalabazak, mota eta tamaina ugarikoak.

Azken egunetan euri asko egin badu ere, mahai mikologikoetan kalitate handiko produktuak ikusi ahal izan ziren larunbatean. Onddoek, mendiko angulek, esnegorriek edo niskaloek, eta culetroek zaletuen desioak ase zituzten. Ez da bat ere urte txarra izaten ari, eta aurtengo udazkena azken urteetako mamu ugari uxatzen ari da.

Artisau eran egindako ogia eskaintzen duten okinen lanaz gozatzeko aukera ere egon zen beste behin larunbateko azokan. Zereal ekologikoak aukeratzen dituzte, zainduak, bereziak… Teknika tradizionalak erabiliz ehotzen dituzte, eta ogia ere modu tradizionalean egiten dute. Edozein mahaitan eskuragarri egon daitekeen eta denon eskura dagoen altxorra, dudarik gabe.

Gaztak, kontserbak, marmeladak, frutekin egindako gozoak, haragi mota ezberdinak, jogurtak, eta esnearekin egindako bestelako azkenburukoak, esnea soltean erosteko aukera, eztia eta haren eratorriak dira Tolosako azoka mailarik gorenenera eramaten duten produktuak, mundu mailako merkatu tradizionalek bakarrik eskuratu ahal dezaketen maila.

 

Cita previa EU

Tolosako Udalak herritarrei arreta emateko zerbitzua eta erregistroa (UDATE)

Erosoago aritzeko eta itxaron beharrik ez izateko, aldez aurretik hitzordua hartzea gomendatzen dizugu. Horretarako, bete inprimaki hau, eta zuk emandako telefono-zenbakira deituko dizugu 24 ordu igaro baino lehen (egun baliodunean), eta zure kontsultari erantzun, edo hitzorduaren eguna eta ordua baieztatuko dizkizugu.

ESKATU HITZORDUA