Udala ostalaritza sektorearekin bildu da, itxieraren aurrean, neurri berriak elkarlanean adosteko

Tolosako Udala
2020/11/20 | Merkataritza, Feriak eta Turismoa
  • Suspertu Tolosa ostalaritza bonuen erabilera epea martxoaren 31ra arte luzatuko da eta Udala beste hainbat neurri aztertzen ari da dagoeneko, besteak beste, tasei edota terrazei lotutakoak.

  • Halaber, udalak gogorarazi du ostalaritza eta merkataritza sektorera bideratutako inbertsioetarako dirulaguntzak eskatzeko epea zabalik dagoela.

 

 

Ostalaritza sektorea jasaten ari den egoera zailaz jabetuta, eta orain arte bezala, elkarlanean jarraitzeko helburuarekin, atzo arratsaldean Udala ostalaritza sektoreko ordezkariekin bildu zen, itxieraren aurrean, neurri berriak sektorearekin lankidetzan aztertu eta adosteko. 120.000 euroko dirulaguntza martxan eta neurri berriak aztertzen

 

Bonuen erabilera 2021eko martxoaren 31ra arte

Egungo osasun-egoera dela eta, ostalaritza establezimenduak itxita egoteak bonuen erabilera baldintzatu duenez, epea luzatzea erabaki da. Izan ere, herritar asko izan dira ostalaritzan erabiltzeko bonuak erosi eta oraindik erabili ezin izan dituztenak. Beraz, eta egungo osasun-egoeren ondorioz ostalaritza-bonuak kontsumitzeko ezintasuna kontutan izanik, udaletik bonu horien erabilera epe muga abenduaren 7tik martxoaren 31ra luzatzea erabaki da.

 

Komertzioetara maiatzean bideratutako Suspertu Tolosa kanpainako bonuak, aldiz, abenduaren 31ra bitarte erabili ahal izango direla gogorarazi du udalak.

 

120.000 euroko dirulaguntza martxan eta neurri berriak aztertzen

Tolosako Udalak, covid19ak eragindako kalte sozial eta ekonomikoei aurre egiteko, eta hiri ekonomia suspertzeko eta berraktibatzeko asmoz, hainbat neurri hartu ditu orain arte: bonu kanpainak, salbuespenak tasetan, dirulaguntzak, espazio publikoaren erabilera handiagoa terrazak kokatzeko...

Berriki, ostalaritza eta merkataritza sektoreari bideratutako laguntza lerro berria jarri da martxan. Guztira 120.000 euro bideratu diralaguntza lerro berrira egoerara egokitzeko establezimenduek egin dituzten inbertsio gastuei aurre egiten laguntzeko helburuarekin. Eskaerak aurkezteko epea 2020ko azaroaren 26an amaituko da.

Ostalaritza sektorearen itxieraren aurrean, Udala neurri berriak aztertzen ari da eta horiek sektorearekin landu eta adosteko bilera egin zen atzo ostalaritza sektoreko ordezkari ezberdinekin.

Besteak beste, terrazen araudia berrikusten eta malgutzeko aukera aztertzen ari da udala, terrazak kokatzeko eta horiek handitzeko aukera izan dezaten ostalariek, betiere, elkarbizitza eta irisgarritasuna bermatuta.

Tasak salbuestea ere mahai gainean dagoen beste neurrietako bat da, jarduera lizentzien iraungitea indargabetzearekin batera.

Ostalaritza laguntzen jarraitzeko asmoz hartuko diren neurri guztiak sektorearekin adostuko ditu udalak orain arte egin den bezala, eta udaletik elkartasun eta babesa adierazi nahi izan diote sektoreari eta, beste behin, tokiko establezimenduak babesten eta bertan kontsumitzen jarraitzeko deia egin die udalak tolosarrei, elkarrekin eta indarrak batuta, egoerari aurre egiteko.