Urte osoko uzta kalera aterako du Gabonetako Azoka Bereziak

Hitzordua
Informazio gehiago

Tolosako Udala
2019/12/19 | Merkataritza, Feriak eta Turismoa
  • Urteko azken azoka berezia ospatuko da abenduaren 21ean, larunbatean, 80 saltzaile eta artisauren parte hartzearekin.

 

Bertakoentzat kuttun, eta bisitarientzat erakargarri. Halakoxea da Tolosako erdigune ia osoa hartuko duen datorren larunbateko Gabonetako Azoka berezia. 

Zerkausiko, eta Berdura eta Euskal Herria plazetako larunbateroko ohiko postuez gain, beste 80 bat saltoki izango dira herriguneko hainbat puntutan, 09:00etatik 14:00etara, Tolosa eremu zabaleko merkatu bihurtuz.

 

Beste hiru gune

Trianguloan, esaterako, orotariko elikagaiak izango dira protagonista: ahatekiak, gozoak, hestebeteak, gaztak, kontserbak, ardoak, eztiak… Jakiak dastatzeko aukera ere emango dute; besteak beste, ‘Euskal Txerri’ arrazako txerrikiak eskainiko dira dastagai. Herriko hainbat dendarik ere beren produktuak erakusgai jarriko dituzte. 

Artisau eskulanak izango dira, alderik alde, San Frantzisko pasealekuan. Ehungintza, pilota, zesto eta egurrezko tresneria, bitxigintza edota larrugintza postuak jarriko dituzte. Ohikoa denez, hainbat elkartek ere produktuak salduz diru bilketak egiteko aprobetxatzen dute eguna, ondoren bildutakoa proiektu solidarioetara bideratzeko; postuok ere San Frantziskon bertan izango dira.

Alondegia plaza izan ohi da azokako punturik jendetsuenetako bat. Animalia bizidunen erakusketak jende andana erakartzen du, etxeko txikienak batik bat. Bertan gertutik ikusi ahal izango dira ‘Euskal Txerri’ arrazako urdeak, astoak, alpakak, ardiak, ahuntzak, kapoiak, ‘Galloway’ eta ‘Aberdeen angus’ behiak eta Euskal Artzain txakurrak, besteak beste. Elikagaiez hornitutako postuak ere izango dira.

 

Kaleak, girotuta 

Kaleetan ere ez da girorik faltako. Eta giro hori hauspotzeaz arduratuko dira hainbat musika talde. Baita Tolosako Erraldoi eta Buruhandien konpartsa ere. 11:00etan Gernikako Arbola pasealekutik irtengo da, eta bizpahiru orduz ibiliko da kalez kale, Tolosako Dultzaineroek lagunduta, dantzak eskainiz. 

Ordu berean, eta ohitura bihurtu den moduan, udalak konpota banaketa egingo du. Berdura plazatik abiatuta, Tolosako Azokako hiru guneetako ekoizleei banatuko diete.

 

Egitaraua

09:00. Azoka bereziaren hasiera.

11:00. Konpota banaketa. Berdura plazan hasita, Tolosako hiru azoka guneetako saltzaileei banatuko zaie.

11:00. Tolosako erraldoi eta buruhandien konpartsaren irteera Gernikako Arbola pasealekutik.

14:00. Azoka bereziaren amaiera.

Cita previa EU

Tolosako Udalak herritarrei arreta emateko zerbitzua eta erregistroa (UDATE)

Erosoago aritzeko eta itxaron beharrik ez izateko, aldez aurretik hitzordua hartzea gomendatzen dizugu. Horretarako, bete inprimaki hau, eta zuk emandako telefono-zenbakira deituko dizugu 24 ordu igaro baino lehen (egun baliodunean), eta zure kontsultari erantzun, edo hitzorduaren eguna eta ordua baieztatuko dizkizugu.

ESKATU HITZORDUA