Zabalik da Esneki eta Goxua azoka berezietako azoka edota lehiaketetan parte hartzeko izen ematea

Tolosako Udala
2024/09/18 | Merkataritza, Feriak eta Turismoa
  • Esneki azokan postua jartzeko eskaera egiteko epea urriaren 11 artekoa da, eta Euskal Herriko gaztarik onena hautatzeko lehiaketan izena emateko epea urriaren 18an itxiko da.
  • Gozogileek urriaren 6a baino lehen eman beharko dute izena, postua jartzeko.

 

ESNEKI Euskal Herriko gazta eta esnekien azoka azaroaren 8 eta 9an egingo da. Tolosako Udalak, HAZIk, Eusko Jaurlaritzak, Gipuzkoako Foru Aldundiak, Leartiker eta Esneki Zentroak elkarlanean antolatutako ekitaldi honek, aurtengoan ere, esnekien azoka berezia eta Euskal Herriko Gaztarik Onena erabakitzeko lehiaketa hartuko ditu, besteak beste. 

Parte hartzeko ekoizleentzako izen-ematea ireki da jada; eskaerak aurkezteko epea urriaren 11 eta 18ra bitarte egin ahalko da, hurrenez hurren, esneki.eus webgunearen bitartez. Aurkeztu beharreko agiriak, bete beharreko baldintzak eta esleipen sistemaren inguruko informazio guztia bertan dago eskuragarri.

Azokari dagokionez, Euskal Herriko gazta, jogurta, izozki, krema, mamia eta orotariko esnekien ekoizleei irekita dago. 

Bestalde, Euskal Herriko gazta onena hautatzeko txapelketa, bederatzi mailatan banatuko da: gazta freskoak, gazta laktikoak, pasta bigunak, gazta urdinak, behi-gazta onduak, ahuntz-gazta onduak, ardi-gazta onduak, jogurtak eta behi esne pasteurizatua. Maila bakoitzean beste bi azpi-kategoria ere izango dira: alde batetik, gaztagileak berak ekoitzitako esnearekin sortutakoena; eta bestetik, hirugarren bati esnea erosi eta eraldaldatzen dutenena. Azpikategoria bakoitzeko saridun bat egongo da; eta ondoren, “txapeldunen txapelduna” izango den gazta hautatuko da.

Lehenengo, Goxua

Urriaren 26an egingo da Tolosa Goxua, goiz guztian zehar. Egun handia da gozoa gustuko dutenentzat, hango eta hemengo gozo desberdinak ezagutu eta dastatzeko aukera ematen baitu ekitaldi honek. Aurtengo azokan parte hartu ahal izateko, urriaren 6a baino lehen eman beharko dute izena gozogileek, udalaren egoitza elektronikoan.

Tolosa Goxuan tradizio bilakatu den beste jardueretako bat postre lehiaketa da. Aurten, sagar tarta onena aurkitzeko lehiatuko dira parte hartzaileak. Interesdunek, egunean bertan utzi beharko dituzte Trianguloan, erabili eta botatzeko erretilu edo ontzi batean. Unean bertan egingo da izen-ematea eta erabilitako errezeta aurkeztu beharko da. Parte hartzaileek gutxienez 18 urte izan beharko dituzte.

Cita previa EU

Tolosako Udalak herritarrei arreta emateko zerbitzua eta erregistroa (UDATE)

Erosoago aritzeko eta itxaron beharrik ez izateko, aldez aurretik hitzordua hartzea gomendatzen dizugu. Horretarako, bete inprimaki hau, eta zuk emandako telefono-zenbakira deituko dizugu 24 ordu igaro baino lehen (egun baliodunean), eta zure kontsultari erantzun, edo hitzorduaren eguna eta ordua baieztatuko dizkizugu.

ESKATU HITZORDUA