Abian daude Izaskun auzoa irisgarriago bihurtzeko lanak

Tolosako Udala
2022/01/18 | Obrak, Zerbitzuak, Auzoak
  • Batetik, Igeralde kalean eskailerak eta arrapala egingo dira eta, bestetik, Igeralde eta Bizkaia kaleko bidegurutzea eraberrituko da espaloia eta errepidea maila berean jartzeko.

  • Lanen helburua da auzoaren irisgarritasuna hobetzea eta bertako bizilagunei hirigunera iristea erraztea.

 

 

Iaz, urte amaieran, Zabaletarrako sarbideetako batean arrapala berria sortu ostean, atzo hasi ziren Izaskun auzoa irisgarriago bihurtzen jarraitzeko lanak. Oinezkoentzako gunea hobetzea dute helburu abiatutako lanek, tolosarrentzat atseginagoa, irisgarriagoa eta seguruagoa izango den espazioa sortzeko.

Batetik, Igeralde kaleko 17 eta 19 atarien parean eskailerak egingo dira eta baita arrapala bat ere, irisgarritasuna hobetzeko eta auzoko bizilagunei hirigunera iristeko bidea errazteko.

Aldi berean, Igeralde eta Bizkaia kaleen arteko bidegurutzea ere eraberrituko da. Orain dagoen lurra altxatu eta espaloia eta errepidea maila berean jarriko dira, koxkarik ez egoteko eta oinezkoen zirkulazioa errazteko, kontuan izanik auzoko bizilagunak, batez ere, adineko pertsonak direla.