Amarotzen estalpe berria eta naturan integratutako jolas gunea eraikitzeko proiektua prest du Udalak

Tolosako Udala
2021/10/13 | Obrak, Zerbitzuak, Auzoak
  • Hexagonoa izenez ezagutzen den eremuan jarriko da estalkia, eta haren ondoan dagoen belazean kokatuko dira jolas berriak.

 

 

Azken urteetan Amarotz auzoan egin diren lanei jarraipena emanez, eta Amarotzeko Auzo-Etxe ingurua berrantolatzeko parte hartze prozesutik ateratako ondorioei eta eskakizunei erantzuna emanez, hexagonoko estalpea eraberritu eta handitu egingo da, eta alboko belardian naturan integratutako jolasak jarriko dira. Auzotarrekin partekatu da proiektua, eta haiekin adostu dira estalkiaren diseinua eta jarriko diren jolas berriak.

Erabilera anitzeko jolas gune estalia egokituko da hexagonoan. Jolas gune estali baten premia identifikatzen zen auzoan, baina baita erabilera anitzeko gune estali batena ere. Hala, hexagonoan jarriko den estalkiarekin bi beharrei erantzungo zaie. Estalkia itxita egongo da iparraldetik eta mendebaldetik beirateen bidez, eta estalkiak ere argi naturala sartzea ahalbidetuko duten elementuekin egingo da. Iparraldeko itxitura mugikorra izango da, gune estalia Auzo Etxe ingururantz irekia izateko, premia dagoenean euritik babesteko aukerarekin.

Euri egunetarako jolas gunea izango da batez ere eremu berria, horregatik, haurrek bertan jolastu ahal izateko zoru egokia jarriko da. Hexagonoa osatzen duten hiru espazioak erabilera ezberdinetarako egokituko dira, erabilera bakoitzera egokitutako hiri altzariekin: jolas gunea, espazio librea eta mahai gunea. Elementu horiek guztiak kendu eta ipini ahal izateko modukoak izango dira, espazio estaliaren erabilera anitza erraztuko dutenak. Azkenik, egungo gune estalia auzo etxe alderantz handitu egingo da.

Auzo Etxeko sarreratik hexagonora bitartean dagoen horma kendu egingo da eta estalpe berriaren azpian babestuta geldituko diren harmailak jarriko dira. Espazio hau Auzo Etxetik gertu dagoen anfiteatro txiki baten antzerakoa izango da eta auzoan antolatzen diren ekintza anitzak jasotzea izango du helburu.

Naturan integratutako jolas gunea

Era berean, adin ezberdineko gaztetxoentzat naturan integratutako jolas gune berri bat egokituko da Auzo Etxe ondoko belardian. Jolas gunea osatuko duten jolas, eserleku, zein bestelakoak egurrez eraikitako elementuak izango dira, inguru naturala ahalik eta gehien errespetatuz, zuhaitzak mantenduz eta gune berde ahalik eta zabalena bermatuz.

Hala, eserlekuak, egurrezko etxola, tirolina, lurrezko muino-tunel-ezkutalekuak eta txirrista jarriko dira. Jolas hauen azpia malgutzeko kautxuzko zorua jarri ordez harea edota ezpala bezalako elementu naturalak erabiliko dira.

 Proiektua eginda, lanak datorren urtean gauzatuko dira, obren lizitazioa egin ondoren. Lanen aurrekontua 428.911 eurokoa izango da, BEZ barne.

Cita previa EU

Tolosako Udalak herritarrei arreta emateko zerbitzua eta erregistroa (UDATE)

Erosoago aritzeko eta itxaron beharrik ez izateko, aldez aurretik hitzordua hartzea gomendatzen dizugu. Horretarako, bete inprimaki hau, eta zuk emandako telefono-zenbakira deituko dizugu 24 ordu igaro baino lehen (egun baliodunean), eta zure kontsultari erantzun, edo hitzorduaren eguna eta ordua baieztatuko dizkizugu.

ESKATU HITZORDUA