Bedaio auzoko Plan Estrategikoa garatzeko parte hartze prozesua bihar aurkeztuko du udalak

Hitzordua
Informazio gehiago

Tolosako Udala
2021/01/13 | Obrak, Zerbitzuak
  • Landa auzoen etorkizuna bermatzeko eta horiek bizirik mantentzeko helburuarekin, Bedaio auzoari buruzko Plan Estrategikoa garatzeko parte hartze prozesua jarriko du martxan udalak.

  • Bilera ireki baten bidez aurkeztuko du parte hartze prozesua. Elizan izango da bilera, 18:30ean. Indarrean dauden segurtasun eta higiene neurri guztiak betez egingo da.

 

Landa auzoen etorkizunari buruzko azterketa egitea jasota dauka udalak 2019-2023 Legealdi Planean eta 2020ko aurrekontuetan jasotako ekintzetako bat ere bada. Izan ere, landa eremu zabal bezain aberatsa du Tolosak, eta, hala, landa auzoen etorkizuna bermatzeko eta horiek bizirik mantentzeko beharrezkotzat jo du udalak horien inguruko azterketa egitea, auzotarrekin elkarlanean.

Bedaio auzoan hasiko da udala azterketa egiten. Hori dela eta, bilera ireki baten bidez parte hartze prozesua aurkeztuko du udalak bihar, urtarrilak 14. Bilera elizan izango da, 18:30ean, eta indarrean dauden segurtasun eta higiene neurri guztiak betez egingo da.

Auzoan dauden beharrak identifikatzea eta udalarekin harremanetan egoteko bideak zehaztea izango da parte hartze prozesuaren helburua, horregatik, garrantzitsua izango da auzotarren parte hartzea. Lehen bileran lanaren nondik norakoak, metodologia eta epeak azalduko dira, eta auzotarren lehen ekarpenak eta landu nahi diren gaien inguruko ideiak jasoko dira.

 

Erronka amankomunak

Landa auzoek nortasun berezia dute, geografiko herri erdigunetik aldenduta baitaude. Bedaio, Urkizu eta Aldaban, adibidez, biztanleen zati bat herri kaskoan bizi da, besteak baserri eremuetan. Etorkizunera begira ere, landa auzoek behar eta eskaera antzekoak dituzte, erronka amankomunak. Horien artean:

  • Etxebizitza falta bertan geratu nahi duten gazteentzat.

  • Jarduera ekonomiko falta eta nekazaritza-abeltzaintza ustiapenen gain-behera.

  • Zerbitzu eta azpiegituren falta, adibidez, adineko pertsonen ekipamenduei edota saneamendu sareei dagokienez.

Hori dela eta, Bedaion garatuko den Plana baliagarria izango da gainerako landa auzoetarako eta aplikagarria izango da, hortaz, Urkizun eta Aldaban, esaterako.

Cita previa EU

Tolosako Udalak herritarrei arreta emateko zerbitzua eta erregistroa (UDATE)

Erosoago aritzeko eta itxaron beharrik ez izateko, aldez aurretik hitzordua hartzea gomendatzen dizugu. Horretarako, bete inprimaki hau, eta zuk emandako telefono-zenbakira deituko dizugu 24 ordu igaro baino lehen (egun baliodunean), eta zure kontsultari erantzun, edo hitzorduaren eguna eta ordua baieztatuko dizkizugu.

ESKATU HITZORDUA