Erabilgarri daude Udalak Amarotzeko Auzo-Etxe alboan eraiki dituen estalkia eta jolas parke berria

Tolosako Udala
2022/08/30 | Obrak, Zerbitzuak, Auzoak

Tolosako Udalak amaitu ditu Amarotzeko Auzo-Etxe alboan estalki berria eraikitzeko eta naturan integratutako jolas gunea sortzeko lanak. Tolosarrek dagoeneko erabili ditzakete bi eremu berri hauek, estalkiko harmailak izan ezik, hilabeteko epean egongo baitira erabilgarri.

Azken urteetan Amarotz auzoan egin diren lanei jarraipena emanez, eta Amarotzeko Auzo-Etxe ingurua berrantolatzeko parte hartze prozesutik ateratako ondorioei eta eskakizunei erantzunez eraiki da orain estalpea eta naturan integratutako jolas gune berria. Proiektua auzotarrekin partekatu da eta haiekin adostu dira estalkiaren diseinua eta jarri diren jolas berriak.

Erabilera anitzeko gunea

Eremuari erabilera desberdinak emateko diseinatu da estalkia, euria egiten duen egunetarako jolas gune gisa. Estalpearen azpian anfiteatro txiki modukoa eraiki da, auzoan antolatzen diren ekintzak bertan gauzatu ahal izateko. Bertako harmailak hilabeteko epean egongo dira erabilgarri.

Naturan integratutako jolas gunea

Era berean, naturan integratutako jolas gune berri bat sortu da Auzo-Etxe ondoko belardian. Jolas gunea osatuko duten jolas, eserleku, zein bestelakoak egurrez eraikitako elementuak dira, inguru naturala ahalik eta gehien errespetatuz, zuhaitzak mantenduz eta gune berde ahalik eta zabalena bermatuz. Hala, eserlekuak, tirolina, oreka jokuak eta txirrista jarri dira, denen artean jolas-ibilbidea osatuz. Jolas hauen azpia malgutzeko kautxuzko zorua jarri ordez, harea elementu naturala erabili da. Inguruan belarra landatuko da horretarako garai egokia denean.