Gernikako Arbolan egingo diren obrei buruzko informazio bilerak datorren astean

Tolosako Udala
2021/04/06 | Obrak, Zerbitzuak, Auzoak
  • Apirilaren 12an, astelehenean, pleno aretoan, 19:00etan egingo da bilera bizilagunekin eta apirilaren 14ean, asteazkenean, 13:30ean merkatariekin. Bileretan parte hartzeko beharrezkoa izango da aurretik izena ematea edukierak zaindu eta bileretan parte hartuko duten herritarren segurtasuna bermatzeko.
  • Berurbanizazio proiektuaren inguruko azalpenak eta lanen zehaztasunak emango dira bileretan.

Datozen hilabeteetan ekingo zaie Gernikako Arbola berurbanizatzeko obrei eta lanekin hasi aurretik,  lanen zehaztasunak eman nahi ditu Udalak informazio bilerak eginez, Laskoain kalearekin eta Euskal Herria plazako lanekin egin den moduan.

Aurrera eramango diren obren inguruko azalpenak emateko bilera bana egingo da eremu horretako bizilagun eta merkatariekin.

Apirilaren 12an, bizilagunekin, 14ean, merkatariekin

Apirilaren 12an, astelehenean, arratsaldeko 19:00etan pleno aretoan bilduko da Udala, bizilagunekin eta asteazkenean, apirilaren 14ean, 13:30ean merkatariekin. Bileretan parte hartuko dute udal ordezkari eta teknikariek eta obra gauzatzeaz arduratuko den enpresako ordezkariak ere bai proiektuaren nondik norakoak azaldu, epeak zehaztu eta herritarrek izan ditzaketen zalantzak argitzeko.

Bileretan parte hartzeko aurrez izena ematea beharrezkoa

Bileretan parte hartzeko izena eman beharko da aurrez, apirilaren 9a bitarte, gaur egungo egoera kontuan hartuta edukierak zaindu eta bertaratuko direnen segurtasuna bermatzeko. Bileran parte hartu nahi duten merkatariek agoitia@tolosa.eus  helbidera idatzi edo 943697521 telefonora deitu behar dute, 10:00etatik 13:00etara bitartean. Bizilagunek, berriz, UDATE Herritarren Arreta Zerbitzura idatzi edo deitu behar dute: udate@tolosa.eus helbidera edo 010 edo 943654466 telefonoetara (7:15etik 14:15era eta ostegunetan 7:15etik 19:00tara).  

Oinezkoak protagonista, paseatzeko espazio gehiagorekin

Iaz Gipuzkoako Urak, Ur Kontsorzioak ur saneamendu sarea berritzeko lanak egin zituen Gernikako Arbolan, ur zikinak eta euri urak bereizteko. Lan horiek eginda, Udalak Gernika Arbolaren berrurbanizazio lanei hasiera emango dio datozen hilabeteetan.

Obra honen helburua nagusia da oinezkoei lehentasuna ematea, espazio irisgarriagoa eta seguruagoa bilakatzearekin batera.  Lanen ondotik, tolosarrek paseatzeko espazio gehiago eta irisgarriagoa izango dute. Espaloiak zabaldu egingo dira, maila berean jarriko da espaloia eta bidea eta abiadura moteltzeko aglomeratu inprimatua erabiliko da. Noranzko bakarra izango du zirkulazioak eta 14 aparkaleku mantenduko dira eremuan.