Iurramendi auzoko parkeetako bat bere osotasunean eraberritu eta bigarrenean mantenu lanak gauzatuko ditu Udalak

Tolosako Udala
2019/02/19 | Obrak, Zerbitzuak, Auzoak
  • Zaharrena ordezkatu eta parke berri bat eraikiko da bertan, eta bigarrenean, berriz, egungo joko eta lurzoruan mantenu lanak burutuko dira.
  • Udalak 61.452,62 euroko (BEZ barne) inbertsioa burutuko du jolas-gune hauen eraberritzean. Lanok 6 aste irautea dago aurreikusia, martxoaren hasieran hasita.
  • Eraberritzea 2017ko apirilean Udalak egindako 'Tolosako jolas parkeen diagnosia' izeneko ikerketaren ondoriozkoa da. Bertan Tolosako 30 parkeen egoera, segurtasuna, mantenua eta legediaren egokitzapena aztertu ziren.

Iñauterien ondotik Iurramendi auzoan kokatutako haur-parkeetako bat era integralean berritu eta bigarrenean hainbat mantenu lan egiteari ekingo dio Udalak. Hain zuzen, Iurramendi pasealekua 15 eta 17 atarien artean dagoen parkea kendu eta berria jarriko da, eta aldamenean dagoen parkean, berriz, jokoak konpondu.

Eraberritzea 2017ko apirilean Udalak egindako 'Tolosako jolas parkeen diagnosia' izeneko ikerketaren ondoriozkoa da. Bertan Tolosako 30 parkeen egoera, segurtasuna, mantenua eta legediaren egokitzapena aztertu ziren. Diagnosi horretatik eratorritako emaitzek parkeen egoera zein den adierazten dute, mantenu beharrak eta garrantziaren araberako sailkapena egitea ahalbidetzeaz gainera.

Hori horrela, urtez urte hainbat aktuazio burutzen ari da Udala. Iurramendi auzokoa 2018ko aurrekontuaren baitakoa da, jada Lapurdi plazan burutu diren mantenu-lanekin batera.

Adierazi bezala, Iurramendi auzoan bi parke daude: zaharrena ordezkatu eta parke berri bat eraikiko da bertan, eta bigarrenean, berriz, egungo joko eta lurzoruan mantenu lanak burutuko dira.

Jolastoki zaharrenean lur berria jarriko da eta jokoen elementuak eguneratuko dira. Lur berria kautxozko pikor beltzez osatutakoa izango da eta ondorenean kolore eta forma ezberdinak emango zaizkio. Jokoen elementuei dagokienean, adin txikikoei bideratutako jolasez gain, helduagoak diren aurrentzako elementuak ere jarriko dira, inklusibitatea aintzakotzat hartuz. Horrela,hainbat adinetarako zabuak, txirristra, kulunka ezberdinak eta eskalatzeko estruktura handi bat jarriko dira. *irudian ikusgai proposamena.

Mantenu lanak burutuko diren parkean, berriz, zabuetako kate muturrak eta torlojuak finkatuko dira, kulunketan hankak jartzeko elementuak ordezkatu, eta eskalatzeko estruktura txikian pitzatuta eta ustelduta dauden elementuak zaharberrituko dira.

Udalak 61.452,62 euroko (BEZ barne) inbertsioa burutuko du jolas-gune hauen eraberritzean. Lanok 6 aste irautea dago aurreikusia, martxoaren hasieran hasita.