Presa puzgarria martxan dago

Tolosako Udala
2022/09/30 | Obrak, Zerbitzuak, Auzoak
  • Ur emaria dagoeneko bermatuta dago eta, horrenbestez, azken egunotako urak aprobetxatuz pixkanaka igo da presa
  • Presa puztuta, errekak bere ohiko itxura berreskuratuko du eta horrekin batera, ohiko jarduerei ekin ahal izango zaie, horien artean, arraunari loturikoak.

 

Hainbat gorabehera medio denbora luzez geldirik egon ondoren, dagoeneko martxan da berriro presa puzgarria. Azken egunotako euriek ur emari egokia bermatu dute eta hori aprobetxatuz gaur bertan igo da.

Presa puzgarria joan den urteko abenduan matxuratu zen Tolosan izandako uholdeen ondorioz eta konponketa lanek nahi baino luzeago jo zuten. Dena dela, uztailerako konponketa lanak amaituta eta presa puzteko moduan bazegoen ere, denbora horretan, ur emari baxuaren ondorioz, legar hondartzak eratu ziren Oria ibaian eta zenbait txirritxo txiki hegazti bikote ugaltzen hasi ziren bertan. Txirritxo txikia espezie kaltebera izanik, ugalketa prozesua amaitu bitartean presa puzteko lanak atzeratu zituen Udalak, biodibertsitate eta habitatean kalterik ez eragiteko.

Orain, ugalketa prozesua amaituta eta ur emaria bermatuta, presa martxan jarri da eta modu horretara errekak bere ohiko itxura berreskuratuko du. Horrek, halaber, errekan egiten diren ohiko jarduerak berreskuratzea ere ahalbidetuko du, besteak beste, arraunari loturikoak.