San Esteban eta Plaza Berriko haur parkeak berritzen ari da Tolosako Udala

Tolosako Udala
2022/12/02 | Obrak, Zerbitzuak, Auzoak
  • Hain zuzen bi parkeetako lurra aldatuko du eta jolas berriak jarriko ditu. Era berean, datorren urtera begira, herriko gainerako parkeak berritzen jarraitzea aurreikusi du Udalak herritarren eskaerei erantzuna emateko.
  • Berrikuntza eta hobekuntza lanez haratago, aurrekontu-parte-hartzaileetan Larramendin jolas-kirol gunea sortzeko herritarrek egindako proposamena ere txertatu du Udalak 2023ko udal aurrekontuetan. 

 

Plaza Berriko eta San Estebaneko parkeak itxura berritzeko bidean dira. Izan ere, Tolosako Udalak, herriko haur parkeak hobetzeko lanketan, aipatu bietan jolas eta lur berria jartzeko lanak abiarazi zituen asteazkenean.

Gaurkoan, jada, hasi dira bi parkeetan jolas berriak jartzen eta datorren asteari begira, lurra ere jarriko dute. Modu horretarako, Tolosako txikienek parke berriez gozatzeko aukera izango dute laster.

Baina San Estebanekoa eta Plaza Berrikoa ez dira izango Udalak berrituko dituen jolastoki bakarrak. Horiekin batera, datorren urteari begira herriko beste hainbat parke berritu eta hobetzea aurreikusi du Udalak, herritarren eskari eta proposamenei erantzuna emateko. Eta hobekuntza lan horiez haratago, aurrekontu parte-hartzaileetan Larramendi auzoan jolas-kirol gune bat eraikitzeko herritarrek egindako proposamena txertatu du 2023ko aurrekontuetan, datorren urtean garatzeko.

Udalaren helburua da, pausoz pauso, herriko jolastoki guztiak berritzen, hornitzen eta hobetzen joatea, Tolosako haurrei jolas gune egokiak, dibertigarriak, seguruak eta anitzak eskaintzeko.