San Frantziskon eta Gernikako Arbolan lanak hasiko dituzte saneamendu sarea hobetzeko

Hitzordua
Informazio gehiago

Tolosako Udala
2020/05/29 | Obrak, Zerbitzuak
  • Gernikako arbolako bigarren faseari ekin aurretik, Ur Kontsorzioak ur saneamendu sarea hobetzeko lanak egingo ditu aipatu eremuan eta baita San Frantzisko pasealekuan ere.
  • Lanak ekainaren 1ean hasiko dira eta 12 asteko iraupena izango dute.
  • Lan horien ondotik, Gernikako Arbolaren berrurbanizazioaren 2.faseari hasiera emango zaio, irisgarritasuna eta mugikortasuna hobetu eta genero ikuspegitik ere segurtasuna hobetzeko.

 

Ur kontsorzioak Gernikako Arbolan, zehazki San Joan kalea eta Batxiller Zaldibia artean ur saneamendu sarea berritzeko lanak egingo ditu, ur zikinak eta euri urak bereizteko eta gauza bera egingo du San Francisco pasealekuan.

Gauzak horrela, aipatu eremuan hasiko dira datorrean astean, ekainaren batean, zehazki San Frantzisko eliza eta Fronton kafetegia bitarteko zuhaitzen arteko eremuan,  bidegorria eta oinezkoen artxibo ondoko pasealekua mantenduta.

Bi guneetan lanak aldi berean egingo dituzte, bi lan talde desberdinekin, San Frantziskotik hasiko badira ere, eta lanek 12 asteko iraupena izatea aurreikusten da, betiere eguraldiak laguntzen badu.

Obrek fase ezberdinak izango dituzte, eta horietako bakoitzean trafiko desbideraketak edota bestelako afekzioak, aldez aurretik jakinaraziko zaizkie herritarrei.

Ondoren, Gernikako Arbolaren 2.fasea:

Lan horiek amaituta ekin ahal izango dio udalak Gernika Arbolaren berrurbanizazioaren 2.faseari.  Proiektu honen helburua da bertako irisgarritasun arazoei konponbidea ematea, mugikortasuna eta genero ikuspegitik bertako segurtasuna ere hobetzea.

Oinezkoari lehentasuna emango zaio eta herritarrek paseatzeko espazio gehiago eta irisgarriagoa izango dute. Espaloiak zabaldu egingo dira, maila berean jarriko da espaloia eta bidea, abiadura moteltzeko aglomeratu inprimatua erabiliko da, noranzko bakarra izango du zirkulazioak eta 14 aparkaleku mantenduko dira. 

Urbanizazio proiektuaren aurkezpena herritarrei udazkenean

Udara ondotik, udalak bertako bizilagun, merkatari zein herritar orori, Gernikako Arbolaren bigarren faseari buruzko urbanizazio proiektua aurkeztuko die. Horretarako bilera bat deituko da udazkenean.

Aukera ezberdinak herritarrekin partekatu ziren partaidetza prozesu batean eta landutako 3 proposamenetatik, bigarrena, erdibidekoa da, gauzatuko dena. Aurretik aipatu bezala, proiektuak zenbait aparkaleku mantentzea aurreikusten du, betiere lehentasun eta protagonismoa oinezkoei emanda.

Lanekin hasi aurretik, beraz, proiektuaren aurkezpena egingo da eta obrei hasiera noiz emango zaien, zein iraupena izango duten eta zein fasetan gauzatuko diren lanak azalduko da.

 

Cita previa EU

Tolosako Udalak herritarrei arreta emateko zerbitzua eta erregistroa (UDATE)

Erosoago aritzeko eta itxaron beharrik ez izateko, aldez aurretik hitzordua hartzea gomendatzen dizugu. Horretarako, bete inprimaki hau, eta zuk emandako telefono-zenbakira deituko dizugu 24 ordu igaro baino lehen (egun baliodunean), eta zure kontsultari erantzun, edo hitzorduaren eguna eta ordua baieztatuko dizkizugu.

ESKATU HITZORDUA