Aurrekontu proiektu indartsua Tolosa berrindartzeko eta herria hobetu eta eraldatuko duten proiektuak gauzatzeko

Hitzordua
Informazio gehiago

Tolosako Udala
2021/11/15 | Ogasuna
  • Tolosako Udalak, 34.160.262 euroko aurrekontua izango du 2022an, aurten baino %26,35 gehiago.

  • Olatz Peon Ormazabal: “inoizko aurrekonturik indartsuena landu dugu eskainitako zerbitzuak sendotzeko, Tolosa berrindartzeko eta Tolosa hobetu eta eraldatuko duten proiektuak gauzatzeko, azpimarra jarriz, gizarte ongizatean, berdintasunean, kulturaren eta hiri-ekonomiaren sustapenean, eraldaketa digitalean, garapen jasangarrian eta gobernantza kolaboratiboan”

 

 

Tolosako Udal Gobernuak gaur aurkeztu du datorren urterako aurrekontu proiektuaren zirriborroa, helburu zehatzak dituena: eskainitako zerbitzuak indartzea, Tolosa berrindartzea -pandemia aurretik gure herriak zuen dinamismo, ekintzailetza eta jarduera berreskuratzeko- eta Tolosa hobetu eta eraldatuko duten proiektuak gauzatzea.

Horretarako, Tolosak 34.160.262 euroko aurrekontua izango du datorren urtean, 2021 urtean baino %26,35 gehiago. Olatz Peon Ormazabal alkateak eta Begoña Tolosa ogasun saileko zinegotziak eman dituzte gobernuaren proposamenaren zehaztasunak.

Alkateak adierazi duenez, “etorkizunari heltzeko eta anbizioz jokatzeko unea da” eta ildo horretatik, aurrekontu proiektu “indartsua”, “inoizko aurrekonturik anbiziosoena” aurkeztu du udal gobernuak. 2022 urtea “inbertsioen urtea” izango dela azpimarratu du alkateak, “biziberritzea eta errekuperazioa sustatzeko eta legealdiko konpromisoei erantzuteko” gehitu du .

Kalitatezko arreta, zerbitzuen sendotzea eta Tolosa hobetzeko eta eraldatzeko proiektuak

Ogasun zinegotziak azaldu du zergatik den hain berezia, indartsua eta aurrekaririk gabekoa, datorren urteko aurrekontua.

“Diru laguntza guztiak mantenduko dira, batzuk areagotu ere egin ditugu esaterako ikastetxeei bideratutakoa, herriko kirol, kultur, euskara, hezkuntza eta gizarte alorreko eragile, talde eta elkarteen lana babesteko” adierazi du Tolosak. Bestetik, “udal zerbitzuen egitura indartuko da, nabarmen gizarte zerbitzuen alorrean, eta azkenik, inbertsio gaitasuna handituko da, aurreikusitako proiektuak gauzatzeko” esan du ogasun zinegotziak. Udalak, 6 milioi baino gehiago izango ditu inbertsioak egiteko, 2021 urtean baino 5,4 milioi gehiago.

Aurrekontu osoaren %34,3 (11.694.947€) udal zerbitzuetara bideratuko da, zerbitzuen eskaintza hobetu eta indartzeko; %31 (10.884.747€) giza baliabideetara, herritarrei kalitatezko arreta bermatu eta udal lanpostuak egonkortzeko eta %18 (6.352.259€) inbertsioetara, aurreikusitako proiektuak garatzeko.

Udal gobernuaren apustuak eta lehentasunezko proiektuak

Estrategikoak diren eta herria hobetu eta eraldatuko duten proiektuen garapenean jarraituko du gobernuak, azpimarra eta lehentasuna ondorengo arloetan jarriz:

  1. Gizarte ongizatea eta berdintasuna

Gizarte Zerbitzuen alorrak pisu handia izango du, baita ere, datorren urtean, 3 milioi euro baino gehiagoko aurrekontuarekin, 2021 urtean baino %1 gehiago, besteak beste, ondorengo zerbitzuak eta laguntzak eskaintzeko: etxez etxeko arreta zerbitzua (935.000€), zerbitzu sozioedukatibo eta psikosoziala (460.000€), larrialdietarako laguntzak ( 247.520€), diru laguntzak familiei (180.000€), zentro soziala, jangela soziala eta komunitate etxebizitzak( 167.500€) eta Eguneko Arreta Zerbitzua (65.000€).

“Gizarte babesa bermatu, gizarte kohesioa sustatu eta desberdintasun sozialei aurre egitea izango da lehentasuna, inor atzean ez uzteko” esan du alkateak. “Pertsonen zaintza erdigunean jarrita, zaintzaileak zaintzeko proiektua berria ere garatuko dugu” gehitu du.

Berdintasunaren alde, urrats garrantzitsua izango da, baita ere, Emakumeen Etxearen eraikuntza.

  1. Kulturaren sustapena, gure nortasunari eusteko

Ohiko jarduerak aurrera eramateaz gain, iaz martxan jarritako ekimenak mantendu egingo dira: Kultura Plazara eta ToloFolk jaialdiak.

  1. Eraldaketa digitala eta hiri-ekonomiaren indartzea, Next Generation funtsen eskutik

Udala garai berrietara egokitzeko eta herritarrei erraztasunak emateko administrazio elektronikoan sakontzen jarraituko du gobernuak.

Azokaren digitalizazioaren aldeko apustuan, wifia jarriko da azokan eta takila adimentsuak Zerkausian erosketak jasotzeko. Zentzu horretan, NEXT GENERATION Europako Funtsak eskuratzeko proiektua aurkeztu du gobernuak, lan lerro ezberdinak jorratzeko, betiere azoka garai berrietara egokitzeko helburuaren baitan.

Azoka bereziak ere berreskuratuko dira eta Azoka Lagunak proiektua indartu. Hiri-ekonomia osatzen duten sektoreekin elkarlanean jardungo du gobernuak etorkizuneko erronketan bidelagun izateko.

  1. Tolosa jasangarriagoa eta atseginagoa, trantsizio energetikoa sustatuz

Inbertsio nagusiak herritarren ongizatean eragina duten proiektuetara bideratuko ditu gobernuak: Zumartxiki, Usabaleko 3.fasea, Gorriti plazaren berritzea, Amarotzeko estalki berria, zezen plazaren 4.fasea, besteak beste.

Ingurumenaren eta garapen jasangarriaren apustu sendoan, tokikotasunetik aldaketa klimatikoari erantzuteko, energia eraginkortasunaren alde, eguzki plaka berriak eta led argiak jarriko dira, kale argiterian, udal eraikinetan eta Txaramarako bidean. Azkenik, Agenda 2021 proiektuaren garapen modura, Biodibertsitate Eskola martxan jarriko da.

Etorkizunera begira ere lanean

Datorren urtean aurreikusitako proiektu eta hirigintza lanez harago, etorkizuneko proiektuen oinarriak ere landuko ditu gobernuak, esaterako: Iurramendi berdegunerako proiektua edota Larramendi, Arramele eta Barrena kalearen arteko eremu osoa modu integralean berritzeko proiektua. Era berean, San Esteban auzoaren garapenerako Plan Orokorraren aldaketa martxan jarriko da.

“Zer egingo dugun bezain garrantzitsu da nola lan egingo dugun” esan du alkateak, eta orain arte bezala, gertutasunetik, herritarrekin elkarlanean jarraitzeko konpromisoa hartu du. Zentzu horretan, gobernantza eredu berrietan sakontzeko, erabat berritzailea izango den proiektu bat abiatuko dutela iragarri du alkateak, ArantzazuLABekin elkarlanean.

2022ko aurrekontuak lantzeko egutegia

Oposizioari aurrekontu proposamena aurkeztuta, orain 14 egun dituzte ekarpenak egiteko. Egutegia jarraituta, 2022ko aurrekontuak abenduko Osoko Bilkuran jorratuko dira, “gure helburua baita 2022 urtea aurrekontuak onartuta ditugula hastea, proiektu guztiak urte hasieratik martxan jartzeko aukera izan dezagun” azaldu dute.

“Aurrekontu proiektu anitza, egingarria eta indartsua osatu dugu, proiektu berritzaileak eta aurreikusitako proiektuak jasotzen dituena, tolosarrekin hartutako konpromisoei eta herriak eta herritarrek dituzten egungo zein etorkizuneko beharrei erantzuteko” azpimarratu du alkateak.

Inbertsio nagusiak, zifratan

 

  • Zumarditxiki berreskuratzeko obrak: 500.000€.

  • Emakumeen Etxea egokitzeko lanak: 345.000€.

  • Usabal eremuko 3 fasea, naturan integratutako parkea sortzeko: 960.000€.

  • Gorriti, Barrena kalea eta Enperadore 37ko fatxada eraberritzeko lanak. 544.000€.

  • Abegi: zerbitzu berria martxan jartzeko eraikina berritzeko lanak. 368.000€.

  • Tren geltokiko irisgarritasuna eta Montesku auzorako sarbidea hobetzeko bidearen berritzea: pasealekua eta igogailua. 100.135€.

  • Amarotz auzoetxe alboko estalkia eta jolasak berdegunean. 484.000€.

  • Araba etorbideko etxeen arteko plaza bat berritzea. 100.000€.

  • Zezen plazaren 4.fasea. 820.000€.

  • Izaskun aldapako euri urak biltzea. 215.000€.

  • Arkatuteko teilatuaren berritzea. 125.000€.

  • Haur jolastokien berritzea. 100.000€.

  • Landa auzoak: Aldaba Txikiko ur saneamendua eta auzo-plana Urkizu eta Aldaban. 98.000€.

  • Eguzki plakak eta LED argiak: 330.000€.

Cita previa EU

Tolosako Udalak herritarrei arreta emateko zerbitzua eta erregistroa (UDATE)

Erosoago aritzeko eta itxaron beharrik ez izateko, aldez aurretik hitzordua hartzea gomendatzen dizugu. Horretarako, bete inprimaki hau, eta zuk emandako telefono-zenbakira deituko dizugu 24 ordu igaro baino lehen (egun baliodunean), eta zure kontsultari erantzun, edo hitzorduaren eguna eta ordua baieztatuko dizkizugu.

ESKATU HITZORDUA