Herritarren ahalduntzea sustatzeko Tolosatzen Eskola Irekiaren bigarren ikasturtearen hasierak oso harrera ona izan du

Hitzordua
Informazio gehiago

Tolosako Udala
2021/02/18 | Komunitatea eta Gobernantza
  • Herritarrak trebatzeko lan lerroan kokatzen den emozioei buruzko Emozioen Gimnasioa tailer zikloa hasi da, eta gaurtik aurrera Arrastoan dokumentalean oinarritutako saio didaktikoak egingo dituzte Tolosako hiru ikastetxetako LH6ko ikasleek.

 

Bigarren ikasturteari ekin berri dio Tolosatzen Eskola Irekiak. Eskolaren lehen hiruhilekoa emozioei lotuta egongo da, eta tartean, herritartasun aktiboa eta herritarren ahalduntzea sustatzera bideratutako Emozioen Gimnasioa tailer zikloa egiten hasi dira, harrera oso onarekin.

Guztira 30 lagun ari dira parte hartzen saioetan, perfil oso anitzeko pertsonez osatutako taldeetan. Parte hartzaileen gehiengoa emakumea da, eta ikasketa edo jatorri ezberdinetako jendea elkartu da. Horrek berak taldeak aberastu ditu, helburu funtsezkoa Emozioen Gimnasioak batzen dituen helburuak lortu ahal izateko.

Arlo emozionalaren garrantziaz ohartzea, garunaren funtzionamendua ulertzea, norbere emozioak zein besteen emozioak identifikatzea, norbere emozioak erregulatzeko trebetasuna garatzea, ongizate pertsonal eta sozialerako bizi-trebetasunak garatzea eta pertsonen arteko harremanak hobetzea da zikloaren helburua.

Lehen hiruhilekoaren barruan txertatzen da Arrastoan tailer didaktikoa ere. Kasu honetan, LH6ko gazteei zuzenduta dago, eta herriko hiru ikastetxetan garatuko da, otsailaren 26ra arte. Arrastoan dokumentalean oinarritutako saio didaktikoa da, herria eta lurraldearen ezagutza ardatz duen lan lerroaren baitan. Laponiarako espedizioa aitzakia, gure herriko historia eta istorioak ezagutarazi eta ekintzailetza eta abentura grina pizteko egitasmoa da.

Beste bi ekintza gehiago

Tolosatzen Eskola Irekiaren bigarren ikasturteko lehen zikloaren barruan, beste bi ekintza ere badaude aurreikusita. Batetik, eta Eskuaire elkartearen eskutik, zeinu hizkuntza eta Tik-Tok sare sozialari buruzko tailerra egingo da otsailaren 26an Gazte Topagunean. Sendotze sozio-komunitarioa ardatzaren baitan emango da. Gainera, Tolosatzen Aliantzaren baitan sortutako keinu txikien dinamikarekin ere bat egingo da. Keinu txikien egutegian otsaila inklusioaren hilabetea izanik, gorren errealitatea ezagutarazteko eta zeinu hizkuntzaren mundura gerturatzeko helburua izango du tailerrak, gorputz adierazpena, dantza eta Tik-Tok uztartuz.

Bestetik, apirilean, udal sailek udal diru laguntza lerroak elkarteei aurkezteko saio berezia ere egingo da. Herria ezagutzeko lan lerroaren baitan, dirulaguntzen alorra herri elkarteei eta eragileei aurkezteko saio edo topaketa berezia izango da.

Cita previa EU

Tolosako Udalak herritarrei arreta emateko zerbitzua eta erregistroa (UDATE)

Erosoago aritzeko eta itxaron beharrik ez izateko, aldez aurretik hitzordua hartzea gomendatzen dizugu. Horretarako, bete inprimaki hau, eta zuk emandako telefono-zenbakira deituko dizugu 24 ordu igaro baino lehen (egun baliodunean), eta zure kontsultari erantzun, edo hitzorduaren eguna eta ordua baieztatuko dizkizugu.

ESKATU HITZORDUA