Udal gobernuak 2023-2027 agintaldirako dituen helburu eta asmoak aurkeztu ditu herritarren aurrean

Hitzordua
Informazio gehiago

Tolosako Udala
2023/11/21 | Komunitatea eta Gobernantza
  • Parte hartzean sakontzera, administrazioa eta zerbitzu publikoak indartzera eta tolosarren bizi kalitatean eragitera bideratutako 31 konpromiso jasotzen ditu dokumentuak. 
  • Agintaldi Plana udalaren webgunean kontsultatu ahal izango da; fisikoki eskuratu nahi dutenek, Udaten jaso ahal izango dute datorren astetik aurrera.

 

Datozen lau urteotarako asmo, konpromiso eta helburu nagusiak jasotzen dituen Agintaldi Plana aurkeztu du udal gobernuak jendaurrean. Joan den astean udal langileekin egin modura, asmo horien nondik norakoak azaldu dituzte udal ordezkariek herritarren aurrean.

Guztira 31 konpromiso jasotzen ditu dokumentuak, eta horietako bakoitzarekin, herritarren eta eragileen parte hartzean sakontzeko, udal administrazioa modernizatzeko eta zerbitzu publikoak indartzeko, eta tolosarren bizi baldintzak duintzeko urratsak eman nahi ditu udal gobernuak.

Eragiteko hiru lan-esparru nagusi

Zuhaitz bat irudikatu du udal gobernuak konpromiso horiek egituratzeko. Hala, hiru zati bereiztu dira, konpromiso horiekin eragin nahi den eremuen arabera.

Oinarrian, -sustraietan, alegia- herritarrak eta herriko eragileak saretzeko eta horien parte hartzea sustatzeko estrategiak bildu dira. Administrazioa eta herritarrak batuko dituzten erabakigune berriak sortu nahi dira, hainbat esparrutan.

Auzoen Mahaia eta Herri Behatokia eratzea dira adibide horietako bi, elkarrekin lehentasunak finkatu eta erabakiak hartzeko lehena, eta udalaren jarduna ebaluatzeko bigarrena. Gobernantza Kooperatiboaren inguruan martxan dauden proiektuetan ere gehiago sakonduko da, hobekuntzak txertatuz.

Bigarren lan-esparruan, enborrean, administrazioari eragiten dioten proposamenak jaso dira. Izan ere, erronka guztien aurrean, landu beharreko politika, proiektu eta egitasmoei bide emateko udal sendo eta moderno bat behar da. Besteak beste, lan harremanetan ikuspegi aldaketa aplikatuko da, langileen beharrak asetzeko saiakeran entzute aktiboa eginez. Halaber, elkarlana, zeharkakotasuna eta koordinazioa indartu nahi dira. 

Udal ordenantzak egokitu eta modu argigarrian sozializatzea, Udaltzaingo komunitarioaren eredu berria txertatzea, zerbitzuen katalogoa eguneratzea edo zerbitzuetan zentratutako web berria egitea izango dira, besteak beste, esparru honetan hartuko diren neurriak.

Udalaren sailetatik egiten diren lanketa eta proiektuen emaitza izango dira fruituak, herrian isla izango dutenak. 

Bizigune atsegin eta erosoak sortzea -tartean daude Zumarditxikia, Gorriti Plaza edo San Esteban auzoa biziberritzeko lanak-, zaintza eredua aldatzeko urratsak egitea, aparkalekuen gaiari irtenbide integrala ematea, etxebizitza eredu berri bat sustatzea, Energia Plan Estrategikoa eta Alde Zaharreko Plan Integrala garatzea, Mugikortasun Plana eguneratzea, bertako saltoki eta produktuen kontsumoa indartzera bideratutako ereduak sustatzea edota herriko ekipamendu eta kaleen mantenu eta garbitasuna indartzea jarri ditu helburu gisa udal gobernuak, beste askoren artean.

Tolosarren parte hartzea, ezinbesteko

Andu Martinez de Rituerto alkateak azpimarratu duenez, herritarrekin batera egin nahi dute bide hori: «Guztion parte hartzea ezinbesteko izango da, edozein dela ere adin, jatorri, genero edota ideologia, guztiok baikara komunitate honen parte. Herritarrek eta herritarrekin parte hartzea, hitz egitea, entzutea eta eragitea gustatuko litzaiguke, emaitza benetan emankorra izan dadin Tolosarentzat». 

2023-2027 Agintaldi Plana eskuragarri izango da uneoro udalaren webgunean, eta dokumentuaren bertsio digitala deskargatzeko aukera izango da. Ale fisikoa eskuratu nahi duten herritarrek, berriz, datorren astetik aurrera jasotzeko aukera izango dute Udaten.

Cita previa EU

Tolosako Udalak herritarrei arreta emateko zerbitzua eta erregistroa (UDATE)

Erosoago aritzeko eta itxaron beharrik ez izateko, aldez aurretik hitzordua hartzea gomendatzen dizugu. Horretarako, bete inprimaki hau, eta zuk emandako telefono-zenbakira deituko dizugu 24 ordu igaro baino lehen (egun baliodunean), eta zure kontsultari erantzun, edo hitzorduaren eguna eta ordua baieztatuko dizkizugu.

ESKATU HITZORDUA