Herri Babesa, boluntario bila

Udaterako
hitzordua

Tolosako Udala
2026/06/02 | Udaltzaingoa, Herritarren Segurtasuna, Mugikortasuna eta Garraioa
  • Boluntarioen zeregin nagusia da larrialdiekin lotutako kasuetan edota herrian antolatzen diren ekitaldietan herritarrak babesteko laguntza ematea.
  • Boluntario modura izena eman nahi dutenek udal-erregistroan egin dezakete eskaera

Herri Babesa zerbitzu publikoa da, herritarren eta ondasunen babesa bermatzea helburu duena, batik bat arrisku handiko edota larrialdi edo hondamendi naturalekin lotutako kasuetan esku hartzen duena; herritarren segurtasuna eta bizia arriskuan egon daitekeenean, alegia.

Lan boluntarioa da, eta gaur egun 16 lagunek osatzen dute Tolosako Herri Babeseko taldea. Aurten ere kanpaina bat jarri da martxan boluntarioak gehitzeko, lantaldea indartzeko eta herritarrei zerbitzu hobea emateko helburuarekin.

Zer egiten du Herri Babesak?

Bi lan-lerro nagusi ditu Herri Babesak. Batetik, larrialdi edo hondamendi naturaletan laguntza ematea larrialdietako euskal sistemako gainerako eragileekin koordinatuta (Udaltzaingoa, suhiltzaileak, 112, osasun-arloko zerbitzuak...); adibidez, uholde, elurte edo istripu larrietan. Larritasun txikiagoko intzidentziak ere artatzen ditu; adibidez, haizeteetan zuhaitzak eroriz gero eta bidean traban geratuz gero, horiek kentzeko lanak egin izan ditu Herri Babesak. Bestetik, herrian antolatzen diren ekitaldietan Udalari laguntza ematea, parte-hartzaile edo ikusle diren herritarren segurtasuna bermatzeko; adibidez, sanjoanetan, inauterietan, Gabonetako ekintzetan, kirol-probetan eta kultur ekintzetan.

Lan hori, hortaz, aurrez antolatua edo programatua izaten da batzuetan; beste batzuetan, berriz, azken orduan aktibatu daiteke, unean uneko gertakarien arabera. Lana boluntarioa da, baina boluntarioek eurek aukeratzen dute zein zerbitzu eman, beren ahalmenaren arabera, eta konpromiso familiar eta profesionalak albo batera utzi gabe. Boluntarioek Udalaren estaldura judiziala eta asegurua dute boluntario lanak egiten dituzten bitartean.

Zer egin izena emateko?

Herri Babeseko taldean boluntario modura izena eman nahi dutenek udal-erregistroan egin dezakete eskaera, alkateari eta Udaltzaingoari zuzenduta. Eskaera horretan, datu pertsonalak adierazi beharko dira, baita harremanetarako telefono zenbaki bat ere.

Behin izena emanda, Herri Babeseko arduraduna haiekin harremanetan jarriko da elkarrizketa egun bat jartzeko. Herri Babeseko arduradunarekin eta udaltzainburuarekin elkarrizketa egindakoan eta hautagaia onartzean, asegurua egiten da, zerbitzu guztietan babestua egoteko. Azkenik, formazioa egiten da; saio batzuk talde barruan ematen dira, eta beste batzuk, 112 Larrialdi Eskolan.

Informazio gehiago behar izanez gero, idatzi herribabesa@gmail.com helbidera.

Cita previa EU

Tolosako Udalak herritarrei arreta emateko zerbitzua eta erregistroa (UDATE)

Erosoago aritzeko eta itxaron beharrik ez izateko, aldez aurretik hitzordua hartzea gomendatzen dizugu. Horretarako, bete inprimaki hau, eta zuk emandako telefono-zenbakira deituko dizugu 24 ordu igaro baino lehen (egun baliodunean), eta zure kontsultari erantzun, edo hitzorduaren eguna eta ordua baieztatuko dizkizugu.

ESKATU HITZORDUA