Igandean, uztailak 2, trafikoa etengo da herrigunean Tourra dela eta

Hitzordua
Informazio gehiago

Tolosako Udala
2023/06/28 | Udaltzaingoa, Herritarren Segurtasuna, Mugikortasuna eta Garraioa
  • Goizeko 11:00etatik aurrera, lasterketa amaitu bitartean, ezingo da ibilgailuz herria gurutzatu.

Datorren uztailaren 2an, Frantziako Tourrak Tolosa zeharkatuko du. Munduko txirrindulari onenetakoak tropelan pasatzen ikusi ahal izango ditugu.

Tourra zehazki Amarotzetik iritsiko da eta Belate pasealekutik irtengo da Anoetarantz, Kondeaneko Aldapa, Santa Klara, Biala eta Larramendi Zubia zeharkatu ondoren.

Hori dela eta, trafikoa etengo da herrigunean, goizeko 11:00etatik lasterketa amaitu bitartean, (17:00 inguru). Zehazki hauek dira itxiko diren auzo zein kaleak: Amarotz, San Blas, Igeralde, Izaskun auzoa, Bidebieta auzoa, Kondeaneko aldapa, Santa Klara, Igerondo, Ibaiondo, Belate eta Zuloaga auzoak. Lasterketak iraun bitartean, ezingo dira gune horiek ibilgailuz zeharkatu ezta horietatik sartu-irtenik egin ere.

Horren harira, uztailaren 2an, joan-etorriren bat egiteko asmoa dutenei, aldez aurretik ondo antolatzeko deia egiten die Udalak, egin beharreko ibilbidea eta ordutegia ere kontuan hartuz.

Garajeetako sarbideak

Lapurdi aparkalekuko eta Rondilla zein Inpernuko garajeetarako sarrera-irteerak Rondilla kaletik egin beharko dira. Rondilla kalea bi noranzkoa izango da Triangelutik Barrena kaleraino lasterketak iraun bitartean (11: 00etatik - 17: 00etara gutxi gora behera).

Herrira sartu-irtenak Olarrain – Benta Haunditik egitea gomendatzen da.

Garraio publikoan aldaketak

Igandeko etapak Tolosa eta eskualdeko zenbait udalerri lotzen duten zerbitzuetan izango du eragina, eta bertan behera geratuko dira honako linea hauek: TO03 (Tolosa–Orexa), TO07 (Tolosa–Larraul), TO08 (Larraul–Aduna), eta TO20E (Tolosa–Alkiza), TO21E (Tolosa– Hernialde), TO23E (Aduna–Andoain), TO25E (Alegia–Altzo), TO27E (Villabona–Alkiza) eta TO29E (Ibarra Izaskun–Ibarra) eskaripeko zerbitzuak.

Tolosari dagokionez, lasterketak erdigunea zeharkatuko du hegoaldetik iparrera, eta murrizketak egongo dira. Hori dela eta, Donostiarako autobusak Larramendiko biribilgunetik (gasolindegia) abiatuko dira: BU07 (Tolosa–Donostia, herriz herri), BU08 (Tolosa–Donostia zuzena), eta BU09 (Tolosa–Donostia, Ospitalak). Tolosa eta Berastegi lotzen dituen TO02 linea Ibarrako anbulatoriotik aterako da.

Tourraren ibilbidea Tolosan

Cita previa EU

Tolosako Udalak herritarrei arreta emateko zerbitzua eta erregistroa (UDATE)

Erosoago aritzeko eta itxaron beharrik ez izateko, aldez aurretik hitzordua hartzea gomendatzen dizugu. Horretarako, bete inprimaki hau, eta zuk emandako telefono-zenbakira deituko dizugu 24 ordu igaro baino lehen (egun baliodunean), eta zure kontsultari erantzun, edo hitzorduaren eguna eta ordua baieztatuko dizkizugu.

ESKATU HITZORDUA