Ikastetxeen karabana ekimenak 20 bat umeren partaidetza jaso du bere lehen ikasturtean

Hitzordua
Informazio gehiago

Tolosako Udala
2023/06/27 | Udaltzaingoa, Herritarren Segurtasuna, Mugikortasuna eta Garraioa
  • Tolosako udaltzaingoaren gidaritzapean, ekimen honen bitartez ikasturte osoan zehar bide heziketa formakuntza jaso dute goizero haurrek eta ondoren, udaltzaingoaren laguntzarekin joan dira bizikleta edo patinetez ikastolara, ikasleen artean mugikortasun iraunkorra sustatuz.
  • Horrekin batera, behar bereziak dituzten haurrei ere bide-heziketa saioak eskaini ditu udaltzaingoak, ume horien autonomia sustatzeko.

 

Dagoeneko 2022-23 ikasturtea amaituta, balorazioak egiteko garaia ere bada, eta horri lotuta, Tolosako Udalak, udaltzaingoaren zuzendaritzapean irailean martxan jarritako ‘Ikastetxeen karabana’ ekimenaren balorazio positiboa egin du.

Ekimen horren funtsa izan da, ikasturte guztian zehar, Tolosako ikasleak udaltzaingoz lagunduta bizikletaz edo patinetez modu arduratsu, ordenatu eta seguruan ikastetxera joatea. Izan ere, kurtsoan zehar haur eta gazte asko dira goizero talde txikitan elkartzen direnak ikastolara patinetez zein bizikletaz joateko, baina modu sakabanatuan eta inolako zaintzarik gabe egin ohi dituzte joan-etorriak.

Hori aintzat hartuta, Tolosako udaltzaingoak irailean martxan jarritako ekimen honek, ikasleen artean mugikortasun eredu jasangarri eta iraunkorren erabilera bultzatzeaz haratago, erabilera hori modu seguruan egitea izan du helburu, guztien segurtasuna eta ongizatea bermatuta egon dadin.

Bide-heziketa nozioak goizero

‘Ikastetxeen karabana’ren bitartez, bizikleta zein patinetez mugitzen diren ikasleak Triangulo plazan elkartu dira egunero 8:30ean eta bertatik ikastetxeetara joan dira, udaltzaingoz lagunduta eta modu ordenatu, arduratsu eta seguruan. Bideari ekin aurretik, ordea, bide-heziketa formakuntza jaso dute udaltzaingoaren eskutik egunero, lehen 10 minutuetan eta  08:40an ikastetxerantz abiatu dira.

Ekimen hau herriko ikastetxe guztietara zabaldu den arren, aurten Laskorain Ikastolako ikasleak izan dira karabanan parte hartu dutenak. Guztira 20 ikasle inguru izan dira egunero Trianguloan elkartu eta bide-heziketa formakuntza jaso ostean ikastetxerantz udaltzaingoaz lagunduta joan direnak. Partaidetzari erreparatuz, beraz, datorren ikasturtean ere ekimenak jarraipena izango duenez, Samaniego zein Herrikideko ikasleak ere karabanara gehitzea espero du udaltzaingoak.

Bide-heziketa saioan behar bereziak dituzten haurrentzat

Ikastetxeen karabanarekin batera, Tolosako udaltzaingoak bide heziketa saioak ere eskaini ditu Orixe ikastetxeko bost haurrez osaturiko taldearentzat.

Ekimen honek zuzenean erantzun dio aipatu ikastetxeak Udalari egindako eskaerari eta abenduaz geroztik, hamabostean behin elkartuta, saioek helburu izan dute haur horiei errepidea noiz pasa dezaketen erakustea, beraien autonomia sustatze aldera.

Saioak, noski, haurren beharretara egokitu ditu udaltzaingoak eta heziketa irudi bitartez eskaini zaie, umeek semaforoak, zebra-bideak eta zebra-bide bakoitzaren aurrean izan behar duten jokabidea ondo identifika dezaten. Saioen dinamikari dagokionez, lehenbizi ikasgelan bertan egunean egin behar zituzten ariketak erakutsi zaizkie eta ondoren kalera irteten ziren, hori praktikan jartzera.

Ekimen honek ere oso harrera ona izan du ikasle zein hauen irakasle eta gurasoen artean eta datorren irailean berriro helduko zaiela ziurtatu du udaltzaingoak.

Cita previa EU

Tolosako Udalak herritarrei arreta emateko zerbitzua eta erregistroa (UDATE)

Erosoago aritzeko eta itxaron beharrik ez izateko, aldez aurretik hitzordua hartzea gomendatzen dizugu. Horretarako, bete inprimaki hau, eta zuk emandako telefono-zenbakira deituko dizugu 24 ordu igaro baino lehen (egun baliodunean), eta zure kontsultari erantzun, edo hitzorduaren eguna eta ordua baieztatuko dizkizugu.

ESKATU HITZORDUA