Mugikortasun Planean jasotako neurri eta ekintzak herritarrekin partekatzeko bilera egingo da asteazkenean

Hitzordua
Informazio gehiago

Tolosako Udala
2020/01/24 | Udaltzaingoa, Herritarren Segurtasuna, Mugikortasuna eta Garraioa
  • Azken zirriborroa herritarrei aurkeztu eta prozesuari amaiera emateko asmoz, udalak datorren asteazkenean, urtarrilaren 29an, bilera irekia egingo du herritarrekin pleno aretoan

  • Behin betiko dokumentua izatean, udalak neurri eta ekintzak aztertzeari ekingo dio lehentasunak zehazteko eta horiek gauzatzeko plangintzak garatzeko.

  • Mugikortasun Planak, genero ikuspegia barne hartuta, espazio publikoa seguruagoa egitea, oinezkoei protagonismo handiagoa ematea eta garraio publikoa eta mugikortasun eredu jasangarriak sustatzea ditu helburu.

Tolosan Mugikortasun jasangarria sustatu eta pertsonak erdigunean kokatzen dituen herri eredua bultzatzeko, udalak 2018. urtean ekin zion Mugikortasun Plana garatzeari. Denbora honetan, “Tolosa Badabil” lan dinamikaren baitan, hainbat partaidetza saio egin dira herritarrekin eta arlo ezberdinetako eragileekin beren iritzi eta ekarpenak jasotzeko. Besteak beste haur, gazte eta adineko pertsonen inguruko eragileek, mugikortasun alorrekoek, hezkidetza mahaikoek, talde feministak, emakume etorkinek, enpresa mundukoek, kirol elkarteetako kideek edota auzo elkarteetakoek parte hartu dute.

Mugikortasun Plan berriak eredu eta behar desberdinen arteko oreka bultzatzea du helburu eta horregatik genero ikuspegia txertatzeaz gain, irisgarritasun kognitiboa ere landu da desgaitasuna duten pertsonak Tolosan ahalik eta erosoen mugitu daitezen. Besteak beste, plana garatzeko irisgarritasuna, autonomia, segurtasuna, aire eta soinu kutsadurak edota Tolosa eskualdeko buru izatea kontuan izan dira. Halaber, herriko jarduera ekonomikoek beharrezko duten mugikortasuna bermatzea eta noski, mugikortasun eredu berriak bultzatzea lehentasunezkoa izango da: garraio kolektiboa, bizikleta... oinezkoei protagonismo berezia emanez. Hortaz, pertsona guztien egunerokotasuneko beharrak aintzakotzat hartu ditu dokumentuak.

Genero ikuspegia barne hartuta, espazio publikoa seguruagoa bilakatzea, oinezkoei protagonismo handiagoa ematea eta garraio publikoa eta mugikortasun eredu jasangarriagoan sustatzeko helburuarekin garatu da, beraz, Mugikortasun Plana.

Azken zirriborroa herritarrei aurkezteko bilera:

Datorren asteazkenean, urtarrilaren 29an, arratsaldeko 18:30ean plenoa aretoan, garatu den dokumentuaren azken zirriborroa herritarrekin partekatzeko bilera irekia antolatu du udalak.

Prozesuan parte hartu duten eragile eta herritarrei jada luzatu zaie gonbida, baina udalak herritar orori zabaldu nahi dio gonbidapena.

Bilera honekin beraz, Mugikortasun Plana garatzeko prozesuari amaiera emango zaio eta aurrerantzean beraz, udalak planean jasotako neurri eta ekintzak aztertu eta gauzatzeari ekingo dio, lehentasunak ezarri eta proiektu eta egitasmo ezberdinak aurrera eramateko plangintzak landu eta zehazteko.

Prozesuaren inguruko informazio guztia eskuragarri dago udal webgunean Tolosa badabil atalean: https://tolosabadabil.cloudaccess.host/.


 

Cita previa EU

Tolosako Udalak herritarrei arreta emateko zerbitzua eta erregistroa (UDATE)

Erosoago aritzeko eta itxaron beharrik ez izateko, aldez aurretik hitzordua hartzea gomendatzen dizugu. Horretarako, bete inprimaki hau, eta zuk emandako telefono-zenbakira deituko dizugu 24 ordu igaro baino lehen (egun baliodunean), eta zure kontsultari erantzun, edo hitzorduaren eguna eta ordua baieztatuko dizkizugu.

ESKATU HITZORDUA