MUGIpuzkoa ekimena Tolosan

Hitzordua
Informazio gehiago

Tolosako Udala
2019/09/25 | Udaltzaingoa, Herritarren Segurtasuna, Mugikortasuna eta Garraioa
  • Europako Mugikortasunaren Astearen baitan, MUGI sistemaren erabiltzailearen arreta zerbitzua herrian izango da

  • Ekimenaren helburua MUGI txartela eta “garraio publiko jasangarriaren eredua” hedatzea da

 

Mugikortasunaren astearen baitan, Gipuzkoako Garraioaren Lurralde Agintaritzak MUGIpuzkoa ekimena jarri du martxan; eta hori dela eta, bihar, osteguna, irailak 26, arreta zerbitzu bulegoa jarriko da Triangulo plazan.

Bulegoa, esan bezala, Triangulo plazan kokatuko da —goizez, 11:00-14:00 eta, arratsaldez, 16:00-19:00—, eta bertan herritarrei MUGI txartelaren inguruko informazioa eman eta txartela egiteko aukera eskainiko da.

Ekimenak helburu du MUGI sistema herritarrengana gerturatzea eta MUGI txartela eta garraio publiko jasangarria sustatzea. Antonio Aiz GGLAko lehendakariaren ustetan “ohartu gara herritarrek gertutasun hori eskertu egiten dutela, eta Agintaritza bezala sustatu nahi dugun garraio publiko eredua gizarteratzeko baliagarria zaigu MUGIpuzkoa ekimena”.

GGLAk tinko eusten dio garraio publikoa sustatzeko erronkari, elkarreraginkortasunari arreta berezia jarriz. “Garraio publikoaren erabilera sustatu nahi dugu, eskaintza lehiakorra ematea da helburua, eguneroko joan-etorrietan lehen aukera izatea nahi dugu, ibilgailu pribatua etxean uztea, garraio publikoa erabiltzaileentzat askoz ere aukera erosoago, merkeago eta eraginkorrago bilakatuz”.

Estrategia horren baitan kokatzen da MUGIpuzkoa ekimena, eta “garraio publikoaren onurak gizarteratzea eta MUGI txartela sustatzea izango du helburu”. Espazio horietan MUGI txartela tramitatzeko aukera izango da. Horretarako, interesa duten herritarrek gunean bertan izango dute argazkia ateratzeko, beharrezko agirien kopiak egiteko (NAN eta Familia Liburua), inprimakia betetzeko eta ordainketa burutzeko aukera. Era berean, erabiltzaileek txartelaren inguruko kezkak eta zalantzak argitu ahal izango dituzte eta, nola ez, ekarpenak egiteko aukera eskainiko da.

Tolosan, egun 4531 pertsonek dute Mugi txartela eta bataz beste urtero 400 txartel berri egiten dira. Geroz eta herritar gehiagok erabiltzen du garraio publikoa, eta Mugi txartelen gorakada da horren erakusleetako bat.

Udaletik, garraio publikoa eta mugikortasun eredu jasangarriak sustatzen jarraituko da.

 

Cita previa EU

Tolosako Udalak herritarrei arreta emateko zerbitzua eta erregistroa (UDATE)

Erosoago aritzeko eta itxaron beharrik ez izateko, aldez aurretik hitzordua hartzea gomendatzen dizugu. Horretarako, bete inprimaki hau, eta zuk emandako telefono-zenbakira deituko dizugu 24 ordu igaro baino lehen (egun baliodunean), eta zure kontsultari erantzun, edo hitzorduaren eguna eta ordua baieztatuko dizkizugu.

ESKATU HITZORDUA