Tolosako erdigunea 30km/h eremua da 2013 urteaz geroztik

Hitzordua
Informazio gehiago

Tolosako Udala
2021/05/18 | Udaltzaingoa, Herritarren Segurtasuna, Mugikortasuna eta Garraioa
  • Berriki indarrean sartu den neurria jada ezarria zegoen Tolosan, oinezkoak babestu eta lehenesteko helburuarekin.

  • Tolosako Udalak urteak daramatza pertsonak erdigunean kokatzen dituen hiri-eredua sustatzeko neurriak hartzen. Iaz, zortzi gune “bizitegi eremu” izendatu ziren aipatutako eremuetan oinezkoek lehentasun osoa izan dezaten.

 

Maiatzaren 11n sartu ziren indarrean herri barruko bideetarako eta zeharbideetarako abiadura-muga berriak estatu mailan, hiriguneetan 30km/h eremuak areagotuz. Neurri berrien arabera honakoak dira abiadura mugak: galtzada eta espaloirako plataforma bakarra duten bideetan 20km/h, 30km/h errei bakarreko bideetan, zirkulazioaren noranzko bakoitzerako, eta 50km/h bi errei edo gehiagoko bideetan, zirkulazioaren norazko bakoitzerako.

Aipatu neurriak, baina, Tolosan 2013 urtean ezarri ziren eta orduz geroztik, herriko erdigune osoa da “30km/h eremua” oinezkoak babesteko eta hauen lehentasuna bermatzeko. Agenda 2030ean garrantzia berezia duen gaia da hau, hiriguneak gune seguruagoak izan daitezen, istripu bat izateko arriskua zein istripuaren larritasuna murrizteko.

2013an bi helbururekin ezarri zen 30km/h abiadura muga Tolosan. Alde batetik, erdigunean ibilgailuen abiadura murrizteko oinezkoen arriskuak txikitze asmoz, eta, bestetik, bizikletak errepidetik ibil zitezen. Lehen helburua lortu da urte hauetan, besteak beste hiriguneko errepideak estutu direlako eta beste hainbat ekintza egin direlako. Bigarren helburuari dagokionez, udalak lanean dihardu, eta “Tolosa Badabil” mugikortasun plan berrian jasotzen dira helburua guztiz lortzeko gakoak.

 

Oinezkoek lehentasun osoa dute Tolosan

Oinezkoei lehentasuna emateko lanketa aspaldi hasi zuen Udalak. 2013an ezarri zuen erdigunean “30 eremua” eta azken urteetan ere pertsonak erdigunean kokatzen dituen hiri-eredua sustatzeko hainbat neurri hartu ditu Udalak. Hirigintza arloan,esaterako, espazio eta kale ezberdinak zaharberritu dira oinezkoei lehentasuna emateko helburuarekin eta iaz, Tolosako zortzi gune “bizitegi-eremu” izendatu ziren, mugikortasun jasangarriaren bidean eta oinezkoak erdigunean jartzen dituen hiri ereduaren alde urratsak egiten jarraitzeko helburuarekin.

Eremu horietan S-28 seinaleak daude ezarrita herritarrek “Bizitegi-eremu” gisa identifika ditzaten eta horietan nola jokatu behar duten jakin dezaten. Izan ere, eremu horietan autoek ezin dute 20km/h abiadura gainditu eta gidariek beti eman beharko diete lehentasuna oinezkoei, eta aparkatzeko eremuetan soilik utzi daiteke autoa. Gainera, “Bizitegi-eremuetan” oinezkoek espazio guztia erabili dezakete, errepidea eta guzti.

Cita previa EU

Tolosako Udalak herritarrei arreta emateko zerbitzua eta erregistroa (UDATE)

Erosoago aritzeko eta itxaron beharrik ez izateko, aldez aurretik hitzordua hartzea gomendatzen dizugu. Horretarako, bete inprimaki hau, eta zuk emandako telefono-zenbakira deituko dizugu 24 ordu igaro baino lehen (egun baliodunean), eta zure kontsultari erantzun, edo hitzorduaren eguna eta ordua baieztatuko dizkizugu.

ESKATU HITZORDUA