EAJ-PNVren eta EH Bilduren udal ordezkariek adostutako adierazpena Aberri Eguna dela eta:
Salbuespen egoera batean murgilduta ospatuko dugu Aberri Egunaren 88. urteurrena.
Aberri Egunaren historia hurbiletik aztertzen badugu, bere 88 ospakizunetatik, ia erdiak baldintza berezietan ospatu behar izan dira. Hiru urte gerra baten erdian, berrogei gehiago diktaduran, klandestinitatean eta erbestean. Baina, zailtasun eta oztopo guztien gainetik, beti ospatu eta aldarrikatu dugu euskal aberria.
Igandean ospatuko dugun aurtengo Aberri Eguna egoera oso berezian datorkigu, konfinamendu batean aurkitzen da euskal jendartea eta honezkero Euskal Herriaren luze zabalean bere arrastorik gordinena ezagutzeko parada eduki dugu gaitz hau bitarteko zendu diren mila inguru herritarrengan eta gaitzak jota dauden milaka horiengan. Mundu mailako krisi humanitario honek, sanitarioak diren ondorioez gain alor ezberdinetan izango dituenak aurre ikustezinak zaizkigu, edonola ere, aurrerantzean gure bizimodu eta ohituretan eragingo dituen aldaketek, batik bat politika alorrean orain arteko egiteko moduetan ere aldaketak eragitea espero dugu.
Ama lurraren jasangarritasuna eta gizaki ororen bizitza duina eta zoriontasuna ere mundu mailako lehentasun bilakatu behar honen baitan ulertzen dugu gure aberriak hartu behar duen itxura. Euskal Herria munduak zazpi lurralde hauetan hartzen duen izena da eta inoiz baino beharrezkoagoa Euskal Herriaren aitortza defendatzen dugunon aldetik oraindik aitortu gabeko herri txiki honek munduan jokatuko duen papera zein izan behar den hausnartzea; nazio aitortza ez da soilik esparru politikoan gauzatu beharreko helburua, nazio izaera gero eta gehiago lotzen da komunitate garapenarekin eta honen jasangarritasunarekin, autoeraketa eta dinamika sozial eraldatzaileen arteko lankidetzaren oinarria. Eskubide oinarrizkoen bermea, pertsonen arteko berdintasuna eta elkarrenganako errespetua sustatzen dituen komunitatea aldarrikatu nahi dugu 2020 Aberri Egun berezi honetan.
Erabaki guneak zenbat eta erabakiak gauzatu beharko diren lurraldeetatik hurbilago egon orduan eta eraginkortasun handiagoz erantzuten zaie egoera zailei. Zer izan behar garen erabaki nahi dugun bezala, gure aldameneko herrialdeekin izan beharreko harremanak erabaki nahi dugun bezala, krisi honetatik nola atera eta utziko dituen ondorio lazgarriei erantzuteko ahalmen politikoa ere aldarrikatzen dugu. Bat egiten dugu herri honen sen demokratikoarekin eta ozen esaten dugu abertzaleak garela eta Euskal Herria dela gure aberria.
Elkarlanean aritzeko garaia da, batera, auzolanean aritzeko garaia. Pasarte ilun hau atzean utzi eta gure herriarentzat eta herritarrentzat etorkizun hobe bat xede lanean hasteko prestutasun osoa gordetzen dugu. Horregatik, Aberri Egun hau egoerak eskaintzen dituen aukera urriak baliatuz,
Tolosako Udalak
I.- Adierazten du doluminak helarazten dizkiela senitartean edo lagunartean galera pertsonalak izan dituzten herritarrei.
II.- Eskertza mezua helarazten die lehen lerroan lanean ari diren osasun eta zaintza arloko langileei zein gainerako langile guztiei eta egoera honetan beren onena ematen dabiltzan herritar guztiei .
III.- Udaletxean ikurriña jarriko du masta erdian Aberri Egunean Udaletxeko balkoian.
Eta dei egiten die herritarrei
I.- Eguerdiko 12:30ean minutu bateko ixiluneaz dolua parteka dezaten krisi honetan beren hurbilekoak galdu dituzten eta nahi bezala agurtu ezin izan diren ehunka familiekin.
II.- Ikurriñak jarri dezaten etxeetako balkoietan.
III.- Eta beste zenbait eragilek Aberri Egunerako deitutako ekimenetan parte hartzera.