Hiribus zerbitzua murriztuta eta TAOa bertan behera

Hitzordua
Informazio gehiago

Tolosako Udala
2020/03/17 | Udate (HAZ-SAC)
  • Ondorengo ordutegian eskainiko da autobus zerbitzua:7:30-9:00 bitartean ordu erdiro eta 9:00-21:00 bitartean orduro.

  • Udaletik gogorazi dute galerazita daudela edozein motatako topaketak eta horiek gauzatuz gero neurriak hartuko direla.

 

Atzo udaletxean onartu zen dekretuaren ondotik, udalak Hiribus zerbitzua murriztea erabaki du. Beraz, gaurtik aurrera ondorengo ordutegian eskainiko da zerbitzua:

  • 7:30-9:00 bitartean ordu erdiro.

  • 9:00-21:00 bitartean orduro.

Garraio-ibilgailuen garbiketa areagotu egingo da, Osasun Ministerioak ezarritako gomendioen arabera eta, nahitaez, erabiltzaileen artean distantzia mantendu beharko da.

Lurraldebus, autobus zerbitzuak ere, gutxieneko zerbitzuak ezarri ditu eta ordutegian aldaketak izan dira. Informazio guztia: https://bit.ly/2IY2qfj

TAO zerbitzuari dagokionean, Udalak alarma egoerak iraun bitartean bertan behera utzi du zerbitzua, ez daitezen TAO makinak erabili eta herritarrek kotxea soilik beharrezkoa den kasuetan har dezaten.

 

Herritarren desplazamendurako arauak:

Udaletik gogorarazi dute alarma egoera indarrean dagoen bitartean, herritarrek erabilera publikoko bideetatik zirkulatu ahal izango dutela soilik honako jarduerak egiteko:

  1. Elikagaiak, farmazia produktuak eta behar-beharrezkoak diren gauzak erosteko.

  2. Osasun-sentroetara joateko.

  3. Lantokira joatea lan-, lanbide- edo enpresa-zerbitzuak emateko.

  4. Ohiko bizilekura itzultzeko.

  5. Adinekoei, adingabeei, mendekoei, desgaitasuna duten pertsonei edo bereziki ahulak diren pertsonei laguntza eta zaintza emateko.

  6. Finantza-erakundeetara joateko.

  7. Ezinbesteko arrazoiengatik edo premia-egoeragatik.

  8. Behar bezala justifikatutako antzeko beste edozein jarduera.

 

Era berean, ibilgailu partikularrek erabilera publikoko bideetan zirkulatu ahal izango dute, aurretik aipatutako jarduerak egiteko edo gasolindegietan erregaia hartzeko, bakarrik.

 

Topaketak galerazita:

Udalak jakin du zenbait gazte lur-azpiko garajeak erabiltzen ari dela topaketak egiteko eta horregatik, publikoki salatu dute arduragabekeria hori eta herritar guztiei arduraz jokatzeko eskatu.

Halaber, gogorarazi dute galerazita dagoela pertsonak biltzea eta beraz, neurriak hartuko direla horrelako egoeren aurrean.

Tolosar guztiei eta modu berezian, gazteei elkartasunez jokatzeko eskatu zaie. Salbuespenezko egoera batean gaude, osasun larrialdi baten aurrean, eta ezinbestekoa da pertsona guztien inplikazio eta laguntza. Garrantzitsua da gazteak etxean geratzea, haurrekin batera birusa hedatzeko aukera gehien duten gizarte kolektiboa direlako eta horregatik, arduragabekeriaz jokatzen ari diren gazteei beren aiton-amon eta inguruko adineko pertsonengan pentsa dezatela eskatzen zaie.

 

Osoko Bilkurak eta batzordeak, ezinbestekoak direnak eta aparteko neurriekin:

Udalak bertan behera utzi ditu bilera etabatzorde guztiak, eta ebatsi beharreko gaiekin bakarrik egingo dira hil honetako Batzorde Informatiboak (Antolakuntzakoa soilik) eta Osoko Bilkura. Bestelako gairik ez da jorratuko.

Batzordeen bileretara talde bakoitzeko zinegotzi bakarra joango da eta talde osoaren izenean emango du botoa. Osoko Bilkura gutxieneko zinegotzien kopuruarekin egingo da, ateak itxita eta prebentzio neurri guztiak hartuta.

 

Cita previa EU

Tolosako Udalak herritarrei arreta emateko zerbitzua eta erregistroa (UDATE)

Erosoago aritzeko eta itxaron beharrik ez izateko, aldez aurretik hitzordua hartzea gomendatzen dizugu. Horretarako, bete inprimaki hau, eta zuk emandako telefono-zenbakira deituko dizugu 24 ordu igaro baino lehen (egun baliodunean), eta zure kontsultari erantzun, edo hitzorduaren eguna eta ordua baieztatuko dizkizugu.

ESKATU HITZORDUA