Jaien Berdintasun Behatokiaren Plana, Euskara Sustatzeko Ekintza Plana eta Aldaketa Klimatikoari Aurre Egiteko Tokiko Plana aurkeztu ditu Udalak

Hitzordua
Informazio gehiago

Tolosako Udala
2022/06/13 | Udate (HAZ-SAC)
  • Udal aldizkariaren ale berria baliatu du Tolosako Udalak udalerri jasangarriago, berdinzaleago eta euskaldunago baten alde garatu dituen hiru planak aurkezteko eta ekintza planak gizarteratzeko.

 

 

Tolosako Udalak Aleka udal aldizkariaren ale berri bat argitaratu du eta Tolosa eraldatzen eta hobetzen jarraitzeko garatu dituen hiru plan aurkeztu ditu bertan.

Jaien Berdintasun Behatokiaren Plana, festa berdinzaleagoen alde

Tolosan berdintasuna sustatzen jarraitzeko tresna gehigarri gisa sortu du Udalak Jaien Berdintasun Behatokiaren Plana. Plana 2017tik 2019ra San Joan jaien inguruan egin diren azterketetan oinarritu da eta udalerriko jai guztiak barne hartu nahi ditu. 2024ra bitarte martxan jartzeko plana da.

Lau ardatz nagusi ditu: behatokiaren eginkizunak eta antolakuntza modu sistematizatuan garatzea, Tolosako jaien antolakuntza berdinzaleago baterantz urratsak ematea, Tolosako jaietako jardueretan genero ikuspegi kritikoa txertatzea eta denok goza dezagun, indarkeria matxistarik gabeko jaiak lortzea. Ardatz horien baitan, 97 ekintza zehaztu dira zeharkakotasunez, Tolosan jai berdinzaleagoak sustatzeko.

Euskara Sustatzeko 2022-2024 Ekintza Plana

Euskararen Aholku Kontseilua sortu zuen Udalak 2021ean Tolosan hizkuntza politika partekatua sustatzeko. Geroztik, Euskara Sustatzeko 2022-2024 Ekintza Plana garatu du Kontseiluak. Helburua da udalerriko premietara dimentsionatutako lanabesa izatea, Tolosan euskararen erabilera sustatzen eta indartzen jarraitzeko. Horretarako, hainbat ekintza zehaztu dira eta aurrera eramango dira arlo desberdinetan: administrazioan, arlo sozioekonomikoan, aisian, kirolean…

Horrez gain, Eusko Jaurlaritzak goraipatu egin du Tolosan Euskara Sustatzeko Ekintza Plana garatzeko jarraitu den lan prozesu parte hartzailea eta gainerako herrientzako eredugarria dela adierazi du.

Aldaketa Klimatikoari Aurre Egiteko Tokiko Plana

Tolosako Udalak herritarrekin elkarlanean garatu du Aldaketa Klimatikoari aurre egiteko Tokiko Plana. Helburu du Tolosa jasangarriago bihurtzea eta tokikotasunetik erantzutea energia eta klima trantsizioari. Planak hiru atal ditu: testuinguru orokorra, aldaketa klimatikoak Tolosan izango dituen eragin nagusien azterketa eta eraldaketarako proposatzen diren lehentasunezko ekintzak.

Eraldaketarako lehentasunezko zazpi ekintza eta lan lerro zehaztu ditu Udalak, eta dagoeneko ari da batzuk aurrera eramaten, hala nola, eguzki plaken bidez energia komunitateak sortzea, kaleak eraberritzeko proiektuetan LED argiteria jartzea, zero emisioko garraiobideen sustapena…

Hiru planen informazio zabalagoa eta ekintza planak, Aleka udal aldizkariaren ale berrian, hemen. Horrez gain, aldizkariko edukia zeinu hizkuntzara ere itzuli du Udalak herritar guztien informazio eta berdintasun eskubideak bermatzeko urratsak emateko. Hemen ikusi daiteke edukia zeinu hizkuntzan.

Cita previa EU

Tolosako Udalak herritarrei arreta emateko zerbitzua eta erregistroa (UDATE)

Erosoago aritzeko eta itxaron beharrik ez izateko, aldez aurretik hitzordua hartzea gomendatzen dizugu. Horretarako, bete inprimaki hau, eta zuk emandako telefono-zenbakira deituko dizugu 24 ordu igaro baino lehen (egun baliodunean), eta zure kontsultari erantzun, edo hitzorduaren eguna eta ordua baieztatuko dizkizugu.

ESKATU HITZORDUA