Olatz Peon: “tolosarren elkartasuna, erantzuna eta konpromisoa eskertu nahi ditut”

Hitzordua
Informazio gehiago

Tolosako Udala
2020/03/27 | Udate (HAZ-SAC)
  • Positibo kopuruak gorantza jarraitzen duen honetan, prebentzio neurriak zorroztea eskatu dute udaletik.

  • Gaur bertan eskualderako Etxez-Etxeko langileentzako EPIak jaso ditu udalak.

 

Koronabirusaren bilakaerari buruzko datuen jarraipen estua egiten ari da udala azken egunotako kutsatze kopuruen gorakada dela-eta, eta horregatik, prebentzio neurriak areagotzeko eskaera egin zaie herritarrei udaletik.

 

Datuen jarraipena:

Berriki Eusko Jaurlaritzak argitaratu dituen azken datuen arabera (atzokoak) Tolosan guztira, 70 pertsona daude koronabirus gaitzarekin. Hala, alkateak jakinarazi du, momentu honetan 40 positibo daudela Iurramendin, horietatik 10 Donostiara eraman dituztela adineko pertsonak artatzeko Foru Aldundiak prestatutako Gurutze Gorriaren zentro soziosanitario berezira eta bi pertsona daudela momentuz ospitalean. Alkateak azaldu du, egoiliar guztiei proba egin zaiela eta 40 positibo horietatik, 13 asintomatikoa direla, “birusa dute baina ez dute sintomarik” gaineratu du. Asuncion klinikan 13 pertsona daude Covid-19 gaixotasunarekin eta Uzturre egoitzan momentuz ez da kasurik izan.

 

Olatz Peon Ormazabalek adierazi duenez, “Iurramendiko egoera berezia da, delikatua; Foru Aldundiak beharrezko neurri guztiak hartu ditu eta protokoloak abiarazi gaitzaren hedapena geldiarazteko; garbiketa sakona eta zehatza egin da, babeserako materialaz hornitu dute egoitza, egoiliarren senideekin harrementan daude egunero eta egoiliar eta familien arteko komunikazioa hobetzeko bideak jorratzen ari dira”. “Positibo eman duten langileak, etxean daude berrogeialdian, protokoloak zorrotz betetzen ari dira” gehitu du. Telezaintza sistema ere jarri du herritarren eskura Aldundiak eta adineko pertsonen arreta zerbitzua indartzeko erizanen lan poltsa abiarazi du.

 

Alkateak laguntza eta elkartasun eskaini dizkie senitartekoei, egoitzan zein klinikan eta Uzturre zentroan lanean dauden pertsona guztiei, egoiliarrei eta gaixotasunaren aurka borrokan dabiltzan tolosar guztiei.

 

EPIak Etxez Etxeko Arreta Zerbitzurako:

Gaur bertan jaso ditu udalak eskualde osorako Etxez-Etxeko Arreta Zerbitzurako EPIak (1350 maskarilla eta eskularru). 680 Tolosan zerbitzu hori ematen ari diren langileentzat izango dira. Dena den materiala maiz osatuko dela jakinarazi dute.

 

Alkateak beste behin tolosarren laguntzeko borondatea eskertu du,“atzo herritar batek etxean zituen eskularruak utzi zituen udaltzaingoan eta beste batek Asuncion klinikara ere hainbat material eraman du, benetan eskertzeko da tolosarrak izaten ari diren elkartasuna, erantzuna eta konpromisoa”.

 

Cita previa EU

Tolosako Udalak herritarrei arreta emateko zerbitzua eta erregistroa (UDATE)

Erosoago aritzeko eta itxaron beharrik ez izateko, aldez aurretik hitzordua hartzea gomendatzen dizugu. Horretarako, bete inprimaki hau, eta zuk emandako telefono-zenbakira deituko dizugu 24 ordu igaro baino lehen (egun baliodunean), eta zure kontsultari erantzun, edo hitzorduaren eguna eta ordua baieztatuko dizkizugu.

ESKATU HITZORDUA