Udalaren zerbitzu guztiak puntu bakarrean izango dituzte herritarrek Udate berrian

Hitzordua
Informazio gehiago

Tolosako Udala
2019/02/12 | Udate (HAZ-SAC)
  • Zerbitzua gaur egun dituen 3 langileetatik 5 izatera pasako da. 5 harrera mahai eta herritarrentzako mahai bat ezarriko dira, herritarrekin bilerak egiteko gune bat, itxaroteko gunea eserleku ugarirekin eta haurrentzako gunearekin, izapideak egiteko makina, eta komunak eta bestelako instalakuntzak.
  • Olatz Peon Ormazabal, alkatea: “Udaleko tramite guztiak Udalaren sarreran bertan era azkarrago, erosoago eta pertsonalizatuago batean egitea ahalbidetuko du”
  • Eraberritze lanak hasi dira jada, eta aurreikuspena da apirilean abian egotea zerbitzua. 216.538 euroko inbertsioa gauzatuko du Udalak, BEZ barne.
  • Egokitzapenak iraun bitartean, Erretengibelen bulegoetan (Plaza Zaharrean bertan) kokatu da Udate. Ordutegi berbera du: astelehenetik ostiralera 7:15etatik 14:15era.

Tolosako Udala Udate Herritarrentzako Arreta Zerbitzua berritzeko prozesuan murgilduta dago hainbat hilabete atzera hasita. Zerbitzu integral eran sortuko da, herritarrek Udaleko tramite guztiak Udalaren sarreran bertan “era azkarrago, erosoago eta pertsonalizatuago batean egitea ahalbidetuz”.

Olatz Peon Ormazabal alkateak eskaini ditu xehetasunak jada eraberritze lanetan hasia den Udate gunean. “Lehiatila bakarrean izango du herritarrak Udal osoa, eta beste hainbat erakundetako hainbat tramite egiteko aukera ere. Helburua da Udalaren eta herritarren arteko harremana errazagoa eta arinagoa izatea”. Azaldu du herritarrak Udalean gora eta behera ibiltzea ere ekidingo duela, herritar zein langileentzat mesedegarria izanik.

Horrez gain, azken urteetan, herritarrengandik gertuen dagoen administrazioa izanik, eskaintzen diren zerbitzuak hobetu eta areagotzeko lana egin da Udalean: “herritarren eskakizunak ere geroz eta handiagoak dira, eta horiei kalitatez erantzun behar zaie hasieratik amaierara. Horretan zeresan nabarmena du Udatek, herritarrei harrera egin eta beren eskaerak berehala konpontzen badira, ekonomikoki efizienteagoa izateaz gainera, herritarra eta Udalaren arteko harremana hobea delako. Hori horrela, eta zerbitzu egokia eskaini eta gizartearen bilakaerari egokitzen jarraitu ahal izateko, Udate zerbitzua eraberrituko da, zerbitzu integral eran sortuz”.

Alkatearen iritziz, tokiko berrikuntza honek “ahalbidetuko du eskaera pertsonalak bideratzea, herritarrei tratu pertsonala eta indibidualizatua ematea, izaera orokorreko eskaera guztiak eskaini ahal izatea (banan banan errebisatu dira gaur egun Udalean bertan egin daitezkeen 250 tramite inguru), eskaerei arinago erantzun ahal izatea eta informazioa kanalizatzea, herritarrek eskaerak zentralizatuta eduki ditzaten”.

Hori horrela, zerbitzua gaur egun dituen 3 langileetatik 5 izatera pasako da: 4 harrera zerbitzuan eta 1 ordezko moduan. Arreta zerbitzuan egongo diren langile guztiak trebatuko dira tramite guztietan. Zerbitzua gaur egungo kokaleku berberean kokatuko da, baina eraberrituta, herritarra behar den moduan artatua izan dadin, eta baita aurrerapen teknologikoak txertatzeko ere. Postu bakoitzean ordainketa pasabidea ezarriko da, herritarrek ordainketak Udalean bertan egin ahal izateko finantza entitateetara joan beharrik gabe. Bestalde mahaietako bat gorrei egokitua egongo da. Harrera mahaiez gain, tramite errazenak izapide-makina bidez egiteko aukera egongo da, dela errolda ateratzea, txartelarekin ordainketak, kontsultak... eta 24 orduz, banketxeetako kutxazain automatikoen antzera. Bestalde, ordenagailu eta inprimagailua jarriko dira herritarren zerbitzura tramiteak egiteko orduan eta baita haurrentzako txoko bat ere. Zerbitzuaren ordutegia zabalduko da egungo 7:15etatik 14:15era izatetik, 7:00etatik 15:00etara pasako baita.

Eraberritze lanak hasi dira jada, eta 6 asteko epean obra amaitua egotea da aurreikuspena, eta ondorenean altzariak, ekipo informatikoak... jarri. 5 harrera mahai eta herritarrentzako mahai bat ezarriko dira, herritarrekin bilerak egiteko gune bat, itxaroteko gunea eserleku ugarirekin eta haurrentzako gunearekin, izapideak egiteko makina, eta komunak eta bestelako instalakuntzak. 216.538 euroko inbertsioa gauzatuko du Udalak, BEZ barne.

Aurreikuspena da apirilean abian egotea zerbitzua. Egokitzapenak iraun bitartean, Erretengibelen bulegoetan (Plaza Zaharrean bertan) kokatu da Udate. Ordutegi berbera du: astelehenetik ostiralera 7:15etatik 14:15era.

Cita previa EU

Tolosako Udalak herritarrei arreta emateko zerbitzua eta erregistroa (UDATE)

Erosoago aritzeko eta itxaron beharrik ez izateko, aldez aurretik hitzordua hartzea gomendatzen dizugu. Horretarako, bete inprimaki hau, eta zuk emandako telefono-zenbakira deituko dizugu 24 ordu igaro baino lehen (egun baliodunean), eta zure kontsultari erantzun, edo hitzorduaren eguna eta ordua baieztatuko dizkizugu.

ESKATU HITZORDUA