- Salbuespenak salbuespen, tasen, zergen eta prezio publikoen %2,5eko igoera orokorra izango da; lege eskakizunak betetzeko, zaborren tasa %35 igoko da.
- Hobari berriak ere sortu dira: Ondasun Higiezinen gaineko Zergan edo Aktibitate ekonomikoen titulartasun aldaketetan, esaterako.
Tolosako Udalak 2025erako ordenantza fiskal eta prezio publikoak onartu ditu urriko osoko bilkuran. Salbuespenak salbuespen, tasen, zergen eta prezio publikoen %2,5eko igoera orokorra izango da, abuztuko inflazioaren datuetan oinarrituta.
Ondasun Higiezinen gaineko Zergaren kasuan, aurrerantzean hobari berria aplikatuko da eguzkiaren energia aprobetxatzeko sistema termiko eta elektrikoak jartzen dituzten etxebizitza erabilerako eraikinentzat. Zergaren %50eko hobaria izango dute, eta gehienez bost urtez aplikatuko da.
Horrez gain, EH Bilduk eta EAJk adostuta, emandakin bateratu bat onartu da, alokairura bideratutako etxebizitzen hobaria zabaltzeko. Zehazki, Bizigune programan sartuta dauden etxebizitzez gain, alokairu segurua arrazoizko prezioan merkaturatzea helburu duen ASAP programan daudenek ere %50eko hobaria izatea adostu da.
Etxebizitza turistikoei dagokienean, EH Bilduk aurkeztutako beste emendakin bat onartu da, VT delakoek OHZren %100eko errekargua izan dezaten, inolako salbuespenik gabe.
Herri-jabari publikoaren erabilera pribatiboari dagokionez, bi aldaketa aplikatuko dira. Garajeetako ibi iraunkorren kasuan, gutxieneko bost metroko lerroa hartuko da kontuan. Bestetik, zezen plazaren alokairuaren prezioa gainerako azpiegiturekin berdinduko da, 654 eurokoa izatera pasako da, alegia.
Aktibitate ekonomikoen titulartasun aldaketetan, jarduera aldaketarik edo zabalkunderik ez badago, herena izatetik irekiera tasaren %10a izatera jaitsiko da. Autotaxi lizentzia berrien edo esku aldaketenak ere jaitsiera nabarmena izango du, 2.500 eurora.
Hondakinen tasa izango da beste salbuespenetako bat. Hondakin eta lurzoru kutsatuei buruzko 7/2022 Legeak horrela zehaztuta, bilketa zerbitzuak ezingo du defizitarioa izan aurrerantzean. Hau da, zerbitzuaren kostua zaborren tasaren bidez jaso beharko da. EAEko udalerri gehienetan gertatzen ari den moduan, igoera aplikatu behar da hori horrela izan ez dadin. Tolosaren kasuan, 2025erako kostu erreala kalkulatu da eta zerbitzua defizitarioa ez izateko %35eko igoera aplikatu behar da. Igoera hori txikiagoa izango da 1 eta 2 multzoko sortzaile berezientzat: bulego, arropa eta zapata denda eta beste saltoki batzuentzat.
Hobariak, berriz, bere horretan mantenduko dira: %20a aplikatuko da auzokonposta egiten dutenen kasuan, eta %30ekoa izango da autokonposta egiten dutenentzat. Landa guneek, berriz, tarifa orokorraren %75a ordaintzen dute, auzoetako erdiguneetan bizi direnek; sakabanatuta bizi direnek, berriz, %50.
Trakzio Mekanikoko Ibilgailuen gaineko Zerga: hobariei dagokienean ere emendakin bat onartu dute EH Bilduk eta EAJk, ibilgailu elektrikoen %60ko eta hibridoen %30eko hobariak denboran mugatu daitezen: gehienez bost urtez hobaritu ahal izango dira. Gainerakoak bere horretan mantenduko dira: familia ugarienak, 30 urte edo gehiago duten autoena…
Gai gehiago: kreditu aldaketak, kontratuen esleipenak, zinegotzi aldaketa…
Bi kontraturen esleipena ere egin da urriko osoko bilkuran, hain zuzen, udal-eraikin eta hiri- altzarien garbiketarako eta herriko kaleak garbitzeko kontratuena. Lehenaren kasuan, kontratuaren luzapena gauzatuko da; bigarrenari dagokionez, UTE Tolosako Garbiketa 2024 enpresari adjudikatu zaio, 3.718.465,16 euroko balioagatik. Bi urteko iraupena izango du, beste bi urtez luzatzeko aukerarekin.
Dirulaguntzen plan estrategikoan hiru aldaketa ere onartu dira. Euskararen normalizazioaren lerroan, Jatorkin elkarteari lehen hezkuntzako ikasleentzat errefortzuko klaseetarako 10.000 euroko dirulaguntza izenduna eman zaio; kultur jardueren esparruan, Gure Zirkuak 3.000 euro jasoko ditu urtean zehar egindako tailer eta jarduerak laguntzeko; eta Tolosa CFk beste 10.000 euroko dirulaguntza izenduna jasoko du, futbol zelaian obra batzuk egiteko.
Udalbatzak zinegotzi berria izango du aurrerantzean. EAJko Xabier Balerdi Tolosak utzitako lekua hartu du Javier Zabala Sastrek. Hain zuzen, azken osoko bilkuran karguari zin egin dio Sastrek.
Osoko bilkuran zabalago jorratu ziren beste gai batzuen inguruko informazioa: