Tolosako kirol instalazioetako araudia eguneratzea onartu du udalbatzak

Hitzordua
Informazio gehiago

Tolosako Udala
2025/09/30 | Kirolak
  • Araudiak azpimarratzen du kirol instalazioak, baita bertako tresneria ere, kirola praktikatzeko direla, eta ez kirolik egin gabe egonean egoteko.

  • Kirol instalazioen kudeaketarako zerbitzu-kontratuaren urtebeteko luzapena ere onartu da osoko bilkuran, udal gobernuaren aldeko botoekin.
     

Tolosako udal kirol instalazioetako eta zerbitzuetako araudi berria onartu du udalbatzak, aho batez. Orain artekoa 2017koa zen, baina gizarte eskaera berriek —Altxa Burua elkartearekin duela hilabete batzuk argitaratutako kezka esaterako— eta legedi aldaketa ugarik, agerian utzi dute aldaketak egiteko premia. Hori dela eta, berrikusi eta eguneratu egin da.

Bokazio nagusi batekin eguneratu da erregelamendua: azpimarratzea kirol instalazioak, baita bertako tresneria ere, kirola praktikatzeko direla eta ez kirolik egin gabe edo egonean egoteko. Erabilera arauetan, beraz, ikuspegi hori txertatu da. Besteak beste, barne hartzen ditu kirol instalazioen, erabiltzaileen, erabilera tituluaren, gidatutako jardueren eta erabilera librearen definizioak, administrazioaren eta erabiltzaileen erantzukizunak, eta arau hausteen ondorioak.

Aldaketa nagusiak

Eskubideen alorrean, berritasun nabarmenena da argazki eta/edo bideo kamerak erabiltzeko araudia, horiek pertsonen intimitateari kalte egin baitiezaiokete. Araudi hori sartzea garrantzitsua zen; izan ere, teknologia hori ez da orokorrean erabili duela urte gutxira arte, eta, beraz, aurreko araudiak ez zuen ezer aipatzen horri buruz. Hori arautzeko garaian kontuan hartu ira Datuak Babesteko Euskal Bulegoaren jarraibideak.

Arau hausten kasuan, berriz, erantzuleak nor diren jasotzen da. Hori horrela, azpimarratzekoa da eginiko aldaketa, pertsona talde bateko norbaitek kirol instalazio batean kaltea edo galera eragin, eta nor izan den zehaztu ezin denean egin beharrekoari buruzkoa. Kasu horretan, kalteen erantzulea erreserba eskaera egin duena izango dela ezarri da. 

Zigor moten kasuan, diruzko zigorrei aurreko araudian ezarritako moduan eutsi zaie. Arlo horretan berritasuna da erabiltzaile eskubidea kentzen duten eta kirol instalazioetara sartzeko eta horiek erabiltzeko eskubidea galarazten duten zigorren denbora. Aldaketa horren arrazoia izan da zigor mota horri koherentzia handiagoa emateko beharra. Hartara, orain jarraitutasuna dago zigorren mailakatze desberdinen artean. Zigorra arina bada, hogeita hamar eguneko denbora ezar daiteke gehienez. Larria bada, eta hementxe dago berritasuna, hogeita hamar egunetik urtebeterako zigorra ezarri ahal izango da. Nolanahi ere, aurreko araudiak ezarritako denborari eutsi zaio zigorra oso larria bada; hots, urtebete eta egun batetik bost urtera. Hala ere, lau irizpide ezarri dira arau hausleari ezartzeko azken zigorra zehazteko: nahita egitea, berrerortzea, kalteen izaera eta erruduntasuna.

Araudiaren eragin-eremua erabatekoa da, hau da, kirol instalazioetako erabiltzaile guztiek bete beharko dute, baita kirol taldeek ere.

Kirol instalazioen kudeaketarako kontratuaren luzapena

Duela urtebete, 2025eko urriaren 1ean, sartu zen indarrean Tolosako udal kirol instalazioen kudeaketarako zerbitzu-kontratua. Urtebeteko indarraldia zuen kontratuak, beste urte batez luzatzeko aukerarekin. Bada, Kiroletako Sailen teknikarien aldeko txostena ikusita, luzapen hori gauzatzea erabaki da osoko bilkuran, gobernuaren aldeko botoekin, eta oposizioaren abstentzioarekin.

Hortaz, Kirolzer S.L. enpresak kudeatuko ditu instalazioak, 2026ko irailararen amaierara arte. Bien bitartean, udalak hurrengo kontratua prestatzeari ekin dio. Horretarako, eta zerbitzua bera egonkortuta dagoela ikusita, lehen urte honetako datu ekonomikoak aztertzen ari da.

Cita previa EU

Tolosako Udalak herritarrei arreta emateko zerbitzua eta erregistroa (UDATE)

Erosoago aritzeko eta itxaron beharrik ez izateko, aldez aurretik hitzordua hartzea gomendatzen dizugu. Horretarako, bete inprimaki hau, eta zuk emandako telefono-zenbakira deituko dizugu 24 ordu igaro baino lehen (egun baliodunean), eta zure kontsultari erantzun, edo hitzorduaren eguna eta ordua baieztatuko dizkizugu.

ESKATU HITZORDUA