Liburuak erre zituzten tokian, herritarren eskura jarri ditu gaur Udalak

Hitzorduak

Tolosako Udala
2026/08/11 | Kultura, Festak eta Gazteria
  • 1936ko abuztuan, indar frankistek, Tolosa hartu berritan, liburuak erre zituzten Plaza Zaharraren erdian.
  • Efemeride hori gogoan, testuinguru hartan liburuek izan zuten patua irauli eta herritarren eskura jarri dira Udal Liburutegiko zenbait irakurgai.

Liburuek hartu dute gaur Tolosako Plaza Zaharra. Haurrentzako eta helduentzako askotariko irakurgaiak jarri dira herritarren eskura; eroso eserita tokian bertan irakurtzeko, edota gustukoena etxera eramateko aukerarekin. Hain zuzen, duela 90 urte, liburuak izan ziren protagonista toki berean; orduan, ordea, bestelako testuinguru bat egokitu zitzaien liburu haiei.

1936ko abuztuan, indar frankistek, Tolosa hartu berritan, liburuak erre zituzten plaza erdian. Liburuak suntsitzea ez zen izan paper batzuk erretzea; ekintza hark bestelako transzendentzia izan zuen: sinbolikoki, gure herriaren hizkuntza, kultura, hezkuntza eta askatasun intelektuala suntsitzea esan nahi zuen. Euskal Pizkundearen gune nagusietako bat zen Tolosa: idazleak, inprimategiak, kultur sustatzaileak... Euskal kultura suspertzeko ahalegin hori guztia erre nahi izan zuten.

90 urte geroago, euskal kultura ari da bere bidea egiten; baina gertatu zena ahaztu gabe. Hala, efemeridea gogoan, Tolosako Udalak liburutegitik hautatutako liburuak kalera atera ditu, eta herritarren eskura jarri, testuinguru hartan liburuek izan zuten patua irauliz: euskal kultura eta ezagutza zabaltzea, eta irudimena aske uztea. 11:00etatik aurrera jarri dira liburuak, eta bertan izan dira 13:00ak inguru arte.

Bestalde, irailaren erdira arte, liburutegiaren sarreran interesgune bat atondu da, denadelakoagatik debekatuta dauden mundu osoko liburuekin.

Goiuri Ezeizak, Tolosako Kultura zinegotziak, 90. urteurrena gogoratzeko ekitaldiaren garrantzia azpimarratu du: «Gertakari triste eta ilun hura salatzeko modua izan da, baina aldi berean, eraso horri buelta eman eta liburuak herritarren esku utzi nahi izan ditugu. Funtsean, euskara, euskal kultura eta garai hartako Euskal Pizkundearen aurka egindako eraso sistematiko eta denboran luzatu zena gogoan izan, eta debekatu eta erre zituzten liburu asko eta asko ia mende bat geroago herritarrek doan eskuratzeko moduan jarri ditugu». 

[Adierazpen instituzionala]

Cita previa EU

Tolosako Udalak herritarrei arreta emateko zerbitzua eta erregistroa (UDATE)

Erosoago aritzeko eta itxaron beharrik ez izateko, aldez aurretik hitzordua hartzea gomendatzen dizugu. Horretarako, bete inprimaki hau, eta zuk emandako telefono-zenbakira deituko dizugu 24 ordu igaro baino lehen (egun baliodunean), eta zure kontsultari erantzun, edo hitzorduaren eguna eta ordua baieztatuko dizkizugu.

ESKATU HITZORDUA